Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JO PUNTUA

Amaiera onen garrantzia

Istorio batean garrantzitsuena bukaera dela esan ohi da. Baieztapena gehiegizkoa iruditu arren, egia da noiz edo noiz guztioi gertatu zaigula liburu edo pelikula baten amaiera kaskar batek lan osoaren oroitzapena zapuztea. Askorako eman izan dute telesail batzuen azkeneko kapituluekin egindako txantxek. Bukaerei asko eskatu ahal zaie, baina garrantzitsuena, dudarik gabe, garatu den ideia orokorrarekin koherentzia gordetzea da. Istorioei hori eskatzen badiegu, nola ez diogu ba gauza bera eskatuko gure bizitzei? Heriotza duinaren eztabaida tarteka zabaltzen da, eta oraingoan parez pare irekiko dela dirudi.

Gure bizitzaren protagonistak izan bagara, nola ez diogu eutsiko ba protagonismoari heriotzarena bezalako atal garrantzitsuan? Hau da, bizialdi osoan bizitza on bat izaten saiatu bagara, heriotza txukun batekin bukatu nahi izango dugu. Espainiako kongresuan eutanasia legeztatzeko lege proiektua aurrera doa. PSOEk proposaturiko testuak gabeziak baditu ere, badirudi Zigor Kodea aldatuko duen bidea geldiezina dela, zailtasunak zailtasun.

Zalantzarik gabe, bizitzarako eskubidea oinarrizko eskubidea da, baina inolaz ere ez betebehar juridikoa. Gainera, ezin da ahaztu bestelako giza eskubideak tartean ere badaudela, besteak beste, giza duintasuna, askatasuna edo ideologia eta erlijio askatasuna. Zenbait pauso emanak dira horiek guztiak asetzeko, esate baterako, tratamendu medikuak ukatzeko eskubidea –jakinda bizitza bera ere zalantzan jartzen dela–, edo Eusko Legebiltzarrean 2016an onartutako legea, zainketa aringarriak bermatzekoa. Aurrerapen horien garrantzia aitortuta, eztabaidak nahastea ez da batere lagungarria, eutanasiaren eta zainketa aringarrien debatea bereiztea ezinbestekoa baita.

Norberaren bizitzan agintzeko gaitasunaren trataera juridikoa aldatzeko unea da, batik bat, bitartekoei ezarri ahal zaizkien zigorrei dagokienez. Gizartearen eskakizuna da askatasuna eta autonomia pertsonala bermatzea, talde ahulenei babesa eskainiz. Idatz ditzagun bukaera hobeak.