Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
donostia
Surf

Lakuetan olatuak sortzen dituen sistema berri bat asmatu dute Australian

Ez du inongo zerikusirik orain artean olatu artifizialak sortzeko erabili direnbeste sistemekin. Australiako zenbait surflari ezagunek probatu dute jada.

Australia ekialdean dagoen laku batean egin dute olatu artifizialak sortzeko makina berria. Surf Lakes proiektua Queensland hiritik gertu dago, hau da, Australiako urautsi famatuenetakoak dauden eremutik gertu. Plantan ezarri duten sistemak ez du orain arte ikusitakoaren antzik, baina proiektuak indar hartzen badu olatu artifizialak sortzeko igerilekuak egiten dituzten beste hiru enpresa nagusiekin lehiatu ahal izango da (Kelly Slater Wave Company, Wave Garden eta American Wave Machines).

Sistema erraza dirudi. Laku batean harri erraldoi bat jaurtiko balitz bezala funtzionatzen du. Hau da, harri bat uretan botatzen denean norabide guztietan lerratzen diren uhinak sortzen dira, eta antzeko zerbait egiten du Australiako lakuan ezarri duten makinak. Ura ponpatzen du, gorantz, gero beherantz eta horrela bi edo hiru mugimenduren ostean pilatutako ura askatzen du kolpe batean uhinak sortuaz.

Eraztun moduan uhinak sortzen dituen makina erraldoiak 1.400 tona pisatzen ditu. Makina egin dutenen esanetan, ez du energia asko behar aparatuak eta, aldiz, olatu asko sor ditzake; horregatik, sistema errentagarria dela diote. Egokitzapenak eginda, orduko 2.400 olatu sortzeko asmoa dute, eta bi metroko olatuak sortzeko gai direla ere nabarmendu dute. Reuben Buchanan da Surf Lakes enpresako zuzendaria, eta haren esanetan, «teknologia berria da, eta oraindik egiteko lan asko daukagu maila komertzialean bere eraginkortasuna frogatzeko, baina lortuko dugulakoan gaude».

Olatu txikiak

Sistema honek sortzen dituen uhinak ez dira oso handiak, baina hondartzetako olatuen antz handia dute, uhina urrundik baitator; beraz, surflariak olatua itxaroten du eta forma hartzen duenean harrapa dezake. Hondoan ezarritako sakontasun desberdinen arabera olatuak forma bat edo bestea hartzen du eta lakuaren inguruan surf egiteko eremu desberdinak daude.

Alde batean hasiberrientzako olatuak sortzen dira, ahulak eta etzanak. Beste eremu bati “The Point” izena jarri diote, eta alde horretan olatuak oso azkarrak dira. “The Beach break” ostera, bi norabidetan lehertzen den olatu perfektua da eta Hossegorren izaten diren olatuen antz handia du. Beste eremu batek “The Wedge” izena du eta soilik adituentzako olatu mota da, jaitsiera oso zaila baitu.

Mark Occhilupo, Joel Parkinson edo Barton Lynch bezalako surflari ezagunek sistema berria probatu eta onetsi dute.