Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Itsasotik iturrira», bide berria urratu nahian dator Lurpekariak

Musikaren itsaso zabalean hara eta hona aritu ostean, iturrira, euren erroetara, itzultzeko asmoa erakutsi du Lurpekariak jazz seikoteak. Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin argitaratu duten «Itsasotik iturrira» disko berria «jazza baino zerbait gehiago» dela diote: esperientzia bat, euskal tradizioan oinarri hartuta inprobisazioaren bidez egituratutako hamabi pieza. Datorren asteazkenean, hilak 14, dute lehen zuzenekoa, Basauriko Social Antzokian.

«Bilaketa bat egiteko beharra, hori da elkartu gaituena», nabarmendu zuen Nerea Erbitik jazz munduan dabiltzan beste bost kiderekin batera eta Lurpekariak izenpean argitaratu duten “Itsasotik iturrira” (Gaztelupeko Hotsak) diskoaren aurkezpenean. Erbitik jarri du ahotsa, Ion Celestinok tronpeta, eta Ander Garcia, Javier Callen, Daniel Lizarraga eta Israel Tubillejak kontrabaxu eta bateria parea. «Baina hau ez da abeslari baten taldea», nabarmendu zuen Erbitik, instrumentu bakoitzak bere lekua eta protagonismoa dituela azpimarratuz.

Hala bideratu du diskoari eman nahi izan dioten egiturak. Bertso munduan nola, seikoteak ariketa gisa planteatu du pieza bakoitza, eta “puntua” emanda ireki diote bidea inprobisazioari. Horrek, azaldu zutenez, emaitza orekatua izatea ekarri du eta, aldi berean, diskoan bildu dutena izan zitezkeen kontzertu posible guztietatik bat dela nabarmendu zuten. «Gure ideia zen diskoa bera eta kontzertuak modu narratibo batean antolatzea, eta horrek ikusleak beste modu batera entzutea dakar. Kontzertu bakoitza ezberdina izango da», ziurtatu zuen Celestinok.

Erroetarako itzulera

Diskoaren oinarrian, baina, erroetara itzultzeko ideia dagoela azaldu zuten. «Behar hori genuen, euskal herriko kulturarekin edo gure erroekin lotuko gintuen zerbait aurkitzea. Ez gintuen asebetetzen euskal abesti bat hartu eta jazzera eramateak, eta erronka izan da erro horrekin lotzeko beste modu bat bilatzea», nabarmendu zuen Celestinok.

Diskoa osatzen duten hamabi piezetatik gehienak taldekideek sortuak dira, baina zenbait lagunen parte hartzea ere izan dute. “Liliak ihes” abestia, esaterako, Josean Bengoetxeak idatzi die, eta “Ez du zereginik”, Sustrai Colinak. Pierre Caubeten “Soldadu desertur baten khantoria”-ren moldaketa ere egin dute eta azaleko irudia, aldiz, taldeko tronpeta-jotzailearen aitarena, Xabier Celestino margolariarena, da.

Grabaketarako Donamariako jauregia hautatu zuten, «ez genuelako estudio bat nahi», eta eraikinaren akustikak diskoari izaera berezia eman diola uste dute. «Egurrezko sabaiaren eragina antzematen da eta zati batzuetan leihoetatik sartzen den haizea ere entzun daiteke», esan zuen Erbitik.

Disko berriaren esperientzia bizitzeko lehen datak ere eman zituzten: azaroaren 14an Basauriko Social Antzokian, 17an Ermuko Lobianon eta abenduaren 2an Bergarako Seminarixoan.