Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Hezurrak

Espirituen kobazuloko momia” bezala ezaguna zen eskeletoari bigarren lur-ematea eman zion Nevadako Fallon Paiute-Shoshone jendeak udan 1950eko hamarkadatik, eskeletoa hilobitik atera zuten garaitik alegia, hura museo batean ikusgai eduki nahi zuten antropologoekin zuten borrokari amaiera emanez. Burezurretik lorturiko ADNak hezurdura tribuaren arbaso batena dela agerian utzi zuen, indarrean zen teoria, hots, hildakoa amerikar indiarren aurretik existitzen zen talde “Paleoamerikar” baten kide zela, deuseztatuta. Eskeletoaren ADNaren sekuentziazio saioak gidatu zituen eta Kopenhagen zein Cambridgeko unibertsitateetan irakasle den Eske Willerslevek antzinateko “esangabeko istorioak” azalarazteko zientzia-aurrerapenen boterea goraipatu du.

Willerslev bera udan gertatu zen ehorzketa zeremonian izan zen eta arras hunkitu omen zuen. Talde indigenen antzinateko objektu eta eskeletoak aberriratzeko eskarien atzean arrazoi politikoak besterik ez zeudela uste zuen, baina lur-emate zeremoniak tartean “emozio sakonak” daudela ulertarazi zion. “Geure amama ehorzteko aukera ez izatearen antzekoa da, haren burezurra nonbaiten apal batean erakusgai dagoelako”.

Willerslevek aipatzen duen “gu” hori, jakina, Mendebaldeko zuri “zibilizatuak” dira, beti ere zientziaren izenean “esangabeko istorioak” aurkitzen ari diren horiek. Alabaina, Fallon Paiute-Shoshone jendeak hasieratik argi zuen nor zen Espirituen kobazuloko hildakoa. Haientzat ez zen “esangabeko istorio” bat, ukaturiko historia baizik.