Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Patxi Ezkiagaren alderdi lurtarra bildu dute «Blues bat bizitzari» antologian

Artean bizirik zela jakinarazi zioten Balea Zuria argitaletxekoek Patxi Ezkiaga lasallearrari bere poesiagintza bilduko zuen antologia kaleratzearen ideia. Baiezkoa emanda eta hautaketa irizpideak haien esku utzita, obra amaitu aurretik zendu zen Ezkiaga. Batez ere poesia erlijiosoa idatzi bazuen ere, «Blues bat bizitzari» bilduman horren maite zituen jazz eta blues musikaz, giza sentipenez eta nagusiki inspirazio iturri zuen naturaz zuen ikuspegia islatzen du.

Patxi Ezkiaga anaia lasallearraren poesiagintzaren ertz berria erakutsi nahi izan du Balea Zuria argitaletxeak “Blues bat bizitzari” argitalpenean. Bere ibilbidean zehar batez ere poesia erlijiosoa idatzi zuen aurtengo ekainean zendu zen anaia lasallearrak, baina musika eta naturarekiko bere grina agerian uzten duten aleak ere eman zituen bere poesiagintzak eta, hain justu, horiek bildu nahi izan dituzte antologia honetan.

Pello Otxoteko argitaletxeko ordezkariak gogora ekarri duenez, «gizon jantzia» zen Ezkiaga. Oxford eta Cambridgen ikasketak egin ondoren Deuston bukatu zuen Historiako karrera, glotodidaktikan ere aditua zen eta arlo horretan hainbat ikerketa burutu zituen. Donostiako Lasallen irakasle izateaz gainera, «poeta izugarria, emari handikoa» izan zen. Horren adibide, bere ibilbidean pilatu zituen sariak –Irun Hiria, Lizardi, Zubikarai...– edota, jada 1994. urtean, Euskal Herriko Unibertsitateak editatu zion antologia poetikoa, “Haize hurbla” izendatu zutena.

Otxotekok gogoan ditu Ezkiagarekin izandako elkarrizketak. «Literaturaz asko hitz egiten genuen, bere pasioa zen eta batez ere poeta ingelesak aipatzen zizkidan, erromantikoak, baita mistikoak ere. Beretzat oso maitea zen Milton», azaldu du. Lasallearrari antologiaren proposamena egin zionean izan zuen erreakzioa ere oroitzen du: «Gogoratzen naiz nola joan nintzaion esanez ea prest zegoen, omenaldia egingo geniola, antologia bat, eta halako begirada berezi batekin esan zidan ‘Pello, beldurra ematen didate horrelako omenaldiek’, eta barrezka hasi ginen. Bagenekien bazeukala jada gaixotasuna eta ez zebilela oso ondo. Gaixotasuna aregotu egin zen eta ez zigun denbora eman omenaldia egiteko berarekin, ezta antologia ikus zezan ere», aipatu du.

Bestelako ikuskera

Antologiaren osatzea, hala ere, argitaletxeko kideen esku utzi zuen Ezkiagak, eta haiek egindako hautaketaren emaitza da “Blues bat bizitzan”. «Patxik gai asko jorratu zituen, batik bat poesia erlijiosoa –nabarmendu du Otxotekok–. Argitaletxekook konturatu ginen poema asko eta asko daudela, nolabait esateko, urbanoak direnak, musikarekin lotutakoak, eta batez ere bazeuzkatela blues eta jazzaren motiboak, eta erotikoren bat ere bazen. Konturatu ginen hor bazegoela Patxiren poesiaren beste ikuskera bat, beste perfil bat ematen zuela». Eta, hain zuzen ere, alderdi hori bildu nahi izan dute liburuan. «Gehienez lautan aipatuko da Jainkoa, gainerakoetan bluesa, jazza, hiria… eta batez ere natura aipatzen dira. Oso naturzalea zen. Bera mendira joaten zen, Izabara, Nafarroako pirinioetara, eta hura inspirazio iturri zen berarentzat. Walt Whitman bezala, besarkatzen zituen mendian zuhaitzak. Berarentzat natura zoragarria zen», ziurtatu du, eta alderdi ezberdinak uztartzeko zuen gaitasuna ere goratu nahi izan du: «Patxik modu erraz eta benetakoan uztartzen zituen gizakiaren sentipenak eta naturarekiko bulkada, hau da, kosmikoa denaren eta afektiboa denaren fusioa lortzen du eta hau dena maitasunaren lokarri amaigabearekin. Maitasuna beti oso presente dago bere poesian».

Bilduman aurretik argitaratuak izan ez diren poemak ere badaude. Alde horretatik, Otxotekok eskerrak eman nahi izan dizkie anaia lasallearrei, Ezkiagaren bi poema liburu argitaragabe jarri baitituzte euren eskura, eta olerkariaren jaioterri den Legorretako Udalari ere eskerrak eman nahi izan dizkio, «haien laguntza ekonomikorik gabe ez baitzen posible izango antologia hau».