GARA
GASTEIZ

Emakume sortzaileen arteko esperimentazioa, ARTgian

Gasteizko hiru emakume sortzaileren lankidetzaren emaitza da «EmART» erakusketa. Oso diziplina ezberdinak lantzen dituzten arren, maiatzean hasi ziren elkarrekin lanean hirurak. Sara Berazaluce Duque, Beatriz Peralez eta Marina Suarezen lanek kalea ere hartuko dute.

Maiatzean hasi ziren Sara Berasaluce Duque, Beatriz Perales eta Marina Suarez artista gasteiztarrak elkarrekin lan egiten. Lankidetza horren fruitua da “EmART” erakusketa, abenduaren 1era arte Gasteizko ARTgia sorgune eta aretoan ikusgai izango dena.

Irantzu Lekue zuzendariaren esanetan, «proiektua berritzailea zen hasieratik diziplina ezberdinetako emakume artista arabarrak elkarrekin jarri nahi zituelako lanean». “EmART” da kultur gune honek deitu duen lehenengo deialdia, eta «arte bisualen, soinudun arteen eta arte eszenikoen barruan kokatzen da, Gasteizen emakumeen sorkuntza gaztea sustatzeko jarduera ildo gisa, helburutzat baitauka Araban garabidean diren emakume artistak kultura ekosistema baten erdigunean jartzea. Emakume artista arabarrek sortutako artelanen ekoizpena, erakusketa eta hedapena sustatzen ditu deialdiak».

Azaldutakoaren arabera, erakusketaren helburua da «hainbat artistak leku berean paraleloki eta elkarrekin lan egin dezatela, elkarlaneko unibertsoa sortuz». Horren bidez, «sinergiak eta elkarrizketak bultzatuko dira, eta, horrela, sareak eraiki ahal izango dira askotariko diziplinak jorratzen dituzten artisten artean. Horrez gain, showroom formatuaren bidez lotuko dira artistak eta ikus-entzuleak», argitu zuen Lekuek.

Erakusketa gela abian jartzeaz gain, artistek kale ekimen ugari egingo dituzte Abetxukon, Judimendin edo Gasteizko erdialdean. Marina Suarezek azaldu bezala, ekimen horiek publikoa eta artea elkartzeko, batzeko, aukera eskaini diete. Beatriz Peralesek, aldiz, uste du zuzeneko esku hartzeek beti sorpresak ematen dituztela. «Jende askok ez du bere eguneroko bizitzan artearekin inongo erlaziorik eta artea kalean egiteak leihoak zabaltzen ditu, erreakzioak bultzatzen ditu. Oso aberasgarria da hori», gehitu zuen artistak.

Hiru erakusketa batean

Gasteizko Jose Lejarreta kalean leku hartu duen ARTgia sorgune eta aretoaren helburua topaketa, truke, hibridazio eta elkarrizketa artistikorako gunea izatea da. Artistei, sortzaileei, agente kulturalei eta gizarte osoari oro har irekita dago, betiere erdigunean sormena, ikerketa, esperimentazioa, berrikuntza eta hedapen artistikoa jarrita.

Oraingo honetan, hiru artista ezberdinen lanak bildu dituzte “EmART” izenpean. Zehazki, Marina Suarezen “Txiribitak” bilduma, Sara Berazaluce Duqueren “I need you, I don’t need you” argazki seriea eta Beatriz Peralesen “Nemesyz” instalazioa.