Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Euskal Surf Zirkuitua: Gonzalez-Etxabarri eta Landa garaile Orruan

Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Norman Landa donostiarra gailendu dira Euskal Surf Zirkuituko hirugarren lehiaketan. Asteburu osoan surf egiteko baldintza bikainak izan dira Orruako eskuin olatuan.

Haize ufada indartsuak izan arren Orruako eskuin olatuan txapelketa bat egiteko baldintza bikainak izan dira asteburuan. Urtean zehar egindako Euskal Surf Zirkuituko beste bi txapelketetan behar adina puntu lortutakoek bakarrik parte hartu ahal izan zuten Getariako eskuin olatu famatuan, horregatik, baldintzen arabera denbora kudeatzeko erraztasun gehiago izan zuten antolatzaileek. Lehiakideek, ostera, eguneko momentu onenekin gozatu ahal izan zuten.

Mutilen kategorian beteranoak nagusitu ziren, eta, nesken kategorian, ostera, indar handiz datozen belaunaldi berrietako neskato gazteak. Gauzak horrela, Norman Landa donostiarrak eraman zuen mutilen txapela, eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak neskena.

Gonzalez-Etxabarri ahizpak

Bi eta hiru metro arteko olatu handi eta indartsuak izan arren, gaztetxoenek ere ur masa handiak mendean hartzeko gai direla frogatu zuten. Horren adierazle Janire Gonzalez-Etxabarrik lortu zuen 9,17 puntuko olatua izan zen. Zumaiar gazteak ez ditu oraindik 14 urte, baina lehiaketako puntuazio altuena jaso zuen.

Guztira zortzi lehiakide zeuden sailkatuta nesken kategorian Orruako probarako. Hori dela eta, igandean bakarrik itsasoratu ziren neskak, mutilek baino txanda gutxiago egin behar zituztelako. Edonola ere, kantitatean gutxiago izan arren, kalitateari dagokionez neskak mutilak baino urrats sendoagoak ematen ari direla gero eta agerikoagoa da.

Lehen postua Janire Gonzaez-Etxabarrik eskuratu zuen 15,17 punturekin (9,17 + 6). Bigarren postua, berriz, Sara Urresti bizkaitarrarentzat izan zen, 9,8 punturekin (5,7 + 4,1). Hirugarren postuan ere bizkaitar bat eta zumaiar bat geratu ziren, Maria Martinez eta Annette Gonzalez-Etxabarri, Janireren ahizpa gaztea.

Zumaiako bi ahizpak sekulako maila erakusten ari dira. Janirek Euskal Zirkuituko hirugarren proba irabazi zuen atzo, baina aste bat lehenago Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen Itzurunen. Oso gazteak izan arren ez dute nagusien kontra lehiatzeko beldurrik eta Orruako txapelketan, gainera, ausartak ere badirela erakutsi zuten.

Beterano bat nagusi

Mutilen kategorian beteranoek eman zuten ezustekoa. Olatuak handiak direnean sarri gertatzen da lehiakide zaharrenek haien esperientziaz baliatu eta ezustean punta-puntan dabiltzan lehiakide gazteak kanporatzea. Horixe bera gertatu zen pasa den asteburuan Orruan, 25 urtetik gorako surflariek emaitza politak eskuratu baitzituzten.

Guztira 38 lehiakidek hartu zuten parte mutilen kategorian. Larunbatean hirugarren txanda osorik egin zuten, eta atzo final laurdenetatik abiatu ziren. Mota guztietako ariketak ikusi ahal izan ziren, baita tuboak ere, beraz, errepide ertzean pilatu ziren ikusleek ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten.

Irabazlea Norman Landa 33 urteko donostiarra izan zen, 13 punturekin. Hego haize zakarrak ariketak behar bezala amaitzea galarazten zien surflariei, baina Landak olatu aukeraketan asmatu zuen, baita berauek marrazteko moduan ere.

Bigarren postua Imanol Yeregirentzat izan zen, 12,13 punturekin. Zumaiarra garaipena eskuratzeko zorian izan zen finaleko olatu batean egiten hasi zen tubo bati esker, baina, ateratzeko zailtasunik ez zuela izango zirudienean, irrist egin eta erori egin zen. Azkenik, hirugarren postua Ruben Vitoria eta Lander Davila zarauztarrentzat izan zen.

Orain, Euskal Surf Zirkuitua amaitzeko txapelketa bakarra falta da, abenduko lehen hiru asteburuetako batean Mundakan egingo dutena. Bertan Orruan lortutako emaitzei esker sailkatutako surflariak egongo dira, hau da, mutiletan rankingeko lehen hamalau lehiakideak, eta nesketan lehen lau lehiakideak.