Maddi TXINTXURRETA
IRUÑEA

Mozal Legea ezarri diote LAB sindikatuari, lan heriotzak salatzeko ekintza batengatik

Mozal Legea baliatuta, Gobernu espainolak Nafarroan duen ordezkaritzak 601 euroko isuna ezarri dio LABi, apirilaren 27an Nafarroako Lan Ikuskaritza sinbolikoki okupatzeagatik. Sindikatuak 300 euro ordaindu beharko ditu, azkar ordaintzeagatiko deskontua dela eta.

2017an Nafarroan hamabi langile zendu zirela salatzeko LABek aurtengo apirilaren 27an antolatu zituen ekimenetako bat Iruñeko Lan Ikuskaritza hamabi minutuz sinbolikoki okupatzea izan zen. Ekintza horregatik, 300 euroko isuna ordaindu beharko du sindikatuak, atzo Twitter bidez zabaldu zuenez.

Zigorra ezartzeko ebazpena ere zabaldu zuen LABek. Okupazio sinbolikoa «delitu larritzat» jotzen da, «bide publikoaren desordena» eragin zuena eta «herritarren segurtasuna larriki asaldatu zuena».

Polizia espainolak egindako txostenean jasotzen denez, gisa honetako delituengatik 601 eta 30.000 euro arteko zigorrak ezar daitezke. LABi zigor txikiena ezarri diote, 601 eurokoa, baina 300 euro ordaintzeko aukera dauka, azkar ordaintzeagatiko deskontua dela eta.

Zigorra sindikatuko ordezkari bakar bati ezarri zaio, pertsona horrek «eraikinaren okupazioaren lider» gisa jokatu zuela argudiatuta. «Egoitza inbaditu zuen pertsona taldeari instrukzioak eman zizkion, eta pertsona honek hori egiteko agindua eman zienean baino ez zuten eraikina hustu taldekideek», azaltzen du txostenak.

Ebazpenaren akatsak

Poliziak idatzitako txostenean hainbat akats identifikatu eta banan-banan gezurtatu zituen sindikatuak: protestaren data, parte hartu zutenek zeramaten arroparen kolorea eta mobilizazioaren iraupena.

Batetik, okupazioa apirilaren 29an, igandean, izan zela zehazten da txostenean. Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna apirilaren 28an da, baina aurten larunbata egokitu zenez, LABek ostiralean egin zituen protestak, eta ez igandean, bulegoa itxita baitzegoen orduan.

Bestalde, ekintzaileak «jantzi zuriak eta kolore berdineko maskarak» jantzita zeudela irakur daiteke, baina argazkiek argiki erakusten dute jantziak gorriak zirela.

Era berean, LABek gezurtatu egin zuen protestan parte hartu zutenek herritarrei sarrera galarazi zietenik eta okupazioa, poliziek dioten gisan, «lider» batek agindu zuenean bukatu zenik. Sindikatu abertzaleak nabarmendu du protesta, aurreikusita zegoen moduan, 12 minutukoa izan zela, 2017an izandako lan heriotza bakoitzeko minutu bat, eta ondoren inoren agindurik gabe eraikinetik atera zirela.

Juantxo Goien LABeko kideak, berebat, esan du gezurra dela «jendearen ibilia oztopatu zutela», eta gogorarazi du okupazioa «sinbolikoa» izan zela.

«Ezin dira konparatu hamabi langileen heriotzaren larritasuna eta okupazio sinboliko bat. Bada, Poliziak ez du esku hartzen horrelako lan istripuak gertatzen direnean, eta ekintza sinboliko bat egin dugunean, berriz, bai», salatu du Goienek.