.Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Herritarrak biziki haserre dira, erregaien garestitzea dela eta

Erregaien prezioaren igoerak ekarriko dituen ondorioak baretzeko Pariseko Gobernuak iragarri berri dituen neurriek ez dituzte Txaleko Horiak (Gilets Jaunes) sosegatu. Haserre dira, oso haserre, eta herritarrek sustatutako mugimenduak biharko deituriko protestaldietan islatuko du bere kexua, baita Ipar Euskal Herriko errepideetan ere.

Trantsizio ekologikoaren premia argudiatuta, Gobernuak bere asmoei eutsiko diela berretsi du tinko. «Ez dugu erregaien karbono zerga kenduko (…) trantsizio ekologikoa sekulako erronka da», esan du Edouard Philippe lehen ministroak, igoerari esker 3.000 milioi euro gehiago ekarriko dizkien zergari buruz. Joan den urrian, petrolioaren garestitzea zela-eta, bai gasolioaren bai gasolinaren salneurriak aspaldiko topera iritsi zirenean (1,53 euro eta 1,57 euro hurrenez hurren) egonezina areagotu egin zen, baita herritar soilen artean ere.

Horren adibide, Priscilla Ludoskyk duela hilabete batzuk sare sozialetan ezarritako eskabide batek ia 900.000 sinadura jaso ditu eta, bide bertsutik gidari batek, Jacline Mouraud-ek, Facebook-en hedatutako bideoak 5 milioi ikustaldi baino gehiago izan ditu. Biek ala biek herritarrak kokoteraino daudela diote eta Gobernuaren neurriak herritarrek, batez ere maila apalenean daudenek, ordaintzen dituztela salatu dute. Erregaien prezioaren ia %60 zerga eta tasen pilaketa dela-eta, igoera berririk ez izateko, aitzitik, horiek jaisteko eskatzen dute. Mouraudek autoan eramaten den txaleko horia parabrisaren alboan ezarriz desadostasuna adierazteko deia egin zuen. Hortik dator Txaleko Horien izena.

Kaltetuenak

Kexa nagusia da partikularrak, batik bat, hirietako kanpoaldean eta landa lurretan bizi direnak eta, garraio publiko sare eskasa dela medio –Ipar Euskal Herrian, kasu– lanerako ezinbestean autoa erabili behar dutenak direla «berriro ere» kaltetuenak. Zenbait lanbidetarako autoa nahitaez behar duten sektoreak ere ez dira kontent; esaterako, etxez etxe gaixoak zaintzera joaten diren erizainak. Horiek, beste herritar asko bezala, «muga» inguruan bizi baldin badira, Hego Euskal Herriko gasolindegietan betetzen dute tanga eta azken bi asteetan zenbait auto-gidari bidoiak betetzen ere ikusi izan dira Arnegiko eta Behobiako gasolindegietan.

Oraingoz, laborariek, garraiolariek, arrantzaleek eta gasolioa erabiltzen duten trenek ez dute karbono-zerga deiturikoaren eragina jasango, nahiz eta beldur diren ere, petrolioaren goranzko joeraren erruz jada litroa euro batera hurbiltzen ari baita (3 urtean %38ko igoera izan du). Horiek gasolio gorria (GNR) deiturikoa hartzen segituko dute. Ez, ordea, orain arte mota horretako erregaia erabiltzeko baimena zuten beste sektore batzuek, batez ere, Herri Lanetakoak eta eraikuntzakoak. Beren hondeamakinak, bulldozerrak eta antzekoak gasolio arruntarekin hornitu beharko dituzte urte hasieratik. Gaitzituta, duela bi aste protesta sutsuak egin zituzten sektoreko enpresek. Erakundeetako zenbait arduradun eta hautetsik ere arrangura azaldu dute. Izan ere, obra publikoen kostuen igoera saihetsezina izango baita erregaiarena orekatzeko.

Mobilizazioei eutsi diete

Macron presidenteak berak onartu du erregaien garestitzearen %25 karbono zerga abian jartzeagatik izango dela, baina gainerakoa petrolioaren beraren garestitzetik datorrela ziurtatu du (orain 80 euro upela, iaz 60 zenean). Dena dela, sortutako haserrearen aurrean, hainbat neurri iragarri ditu Gobernuak, hala nola, kutsadura maila txikiko ibilgailu berriak erosteko laguntza gehiago ematea diru-sarrera apalak dituztenei edota egunero 70 km baino gehiago egiten dutenei (4.000 eurorainokoak, oraingoaren bikoitza).

Etxeko argindarra eta gasa ordaintzeko zailtasunak dituztenei bideratutako energia-txekea hedatu egingo du eta bost urteko epean fuel-olioarekin dabiltzan etxeetako berogailuak kentzeko ezinbestekotasunari aurre egiteko ere berogailu berrien heren bat diruz lagunduko du.

Baina neurriok ez dute Txaleko Horien iritzia aldarazi. «Propaganda da. Gobernuak berretsi du ez duela erregaia merkatuko. Hortaz, gure mobilizazioak mantenduko ditugu», diote mugimenduko kideek. Estatu osoan bezala, bihar goizean beraz, Iparraldean ere bideak blokeatuko dituzte, bereziki A-63 eta A-64ko autobideetakoak eta «barraskilo operazioak» egingo dituzte Biarritz inguruetan.

Ecologistas a favor de reducir el CO2, pero con justicia social

La indignación reflejada en el movimiento Chalecos Amarillos es «comprensible» para EE-Les Verts, que critica las nefastas políticas de ordenación territorial de gobiernos anteriores. Así, aunque ven con buenos ojos subir los impuestos a las energías fósiles, estiman que no será una medida eficaz ya que «solo el 19% de esas cargas se orientará a la transición energética (...). Además, si no se financian debidamente las alternativas, las personas dependientes de sus vehículos seguirán usándolos».

Bizi! también denuncia la tardanza en aplicar la tasa carbono (desde 2014), «cuando hace ya diez años que se consideró necesaria en el foro Grenelle», y deplora las consecuencias que estas subidas no progresivas tendrán en la «población más vulnerable». Por ello, exige que la recaudación de esta tasa se utilice íntegramente para la transición energética y para subvencionar los costes de su aplicación a los sectores más desfavorecidos. A.M.