GARA
GASTEIZ

Osakidetzan behin-behineko kontratuak desagerraraztea eskatu du ELAk

Osakidetzako langileek jasaten duten «prekaritatea» salatu zuen asteazkenean ELA sindikatuak, Gasteizko Ospitale Psikiatrikoan eginiko elkarretaratze batean. Astelehenean ere bertan egin zuten bilkura, eta joan den asteko ostiralean Gurutzetan elkartu ziren.

Gizalan Zerbitzu Publikoetako Federazioaren baitan egiten ari diren kanpainarekin, EAEn dagoen behin-behinekotasun tasa handiari aurre egin nahi dio sindikatuak eta, kasu honetan, Osakidetzako datuei erreparatu zien, horiek «egoera prekarioa» sortzen dutelako.

Esther Saavedra ELAko Osakidetzako arduradunak GARAri helarazitako datuen arabera, Osakidetzan lan egiten dutenen %35ek baino gehiagok behin-behineko kontratua daukate; «hau da, guztira 14.000 langilek». «Badago urtean 80 kontratu sinatzen dituen jendea eta hori, prekaritatea da», azpimarratu zuen.

Konponbidea

Arazoari konponbidea emateko alternatiba batzuk adostu ditu sindikatuak eta argi utzi nahi du gaur egungo LEP eredua ez dela soluzioa: «14.000 langile behin-behineko kontratupean daude eta azken LEPak, hain zaratatsua izan den horrek, 3.000 postu eskaintzen zituen».

Saavedrak esan zuenez, behin-behineko kontratuekin erretiratzen ari dira batzuk eta urtetan LEPetara aurkeztu baina oraindik kontratu finkorik ez dutenak badaude.

Pertsonal estrukturaletan kalitatezko zerbitzua eman ahal izateko baldintzak ezarri eta LEP masiboen bitartez lanpostuak finkatzeko aukera eman daitekeela ikusten dute, eta esperientzia kontuan hartzea ezinbesteko iruditzen zaio ELAri: «Borondate politikoa baldin badago, posible da».