Idoia ERASO

EUSKALDUNON HERRIRA GARAMATZA «ETXEA» LAPURTARRAK

Azkaineko euskaldunen bizipenak bildu dituen dokumentala estreinatu zen herrian ostiral arratsean, Euskaraldiaren karietara. «Etxea» filmak Lapurdiko biztanleak protagonista eginez Euskal Herriko beste toki batzuetan aurki daitezkeen egoerak agertzen ditu.

Iparraldeko edozein herritako testigantza izan daiteke dokumentalean agertzen dena, zeinahi herri Azkainekin identifikatuta senti daiteke. Testigantza sinpleak dira, norbera irudikatzen ahal da hizlariren batekin, edo ezagutzen duen norbaiten profila atzeman», azaldu du Mikel Onko filmaren sortzaileak.

Inge Arinekin batera, euskararen eguneroko bizia islatu nahi izan du, aurreiritzi eta proposamenik egin gabe, gure hizkuntzaren inguruan bizi diren emozioei, beldurrei... hitza emanez. Obraren xede nagusia egungo Azkaineko gizartean euskararen inguruan dagoen egoeraren «akta jasotzea da, errealitate asko, ez badira agertzen, ez baitira existitzen». Historia hurbila eta egunerokotasuna islatzeaz gain, «emozionalki hunkitzen duen filma da», nabarmendu du Onkok.

“Etxea” du izena pelikulak, jendeak bere etxean bizi duen «goxotasuna» agertu nahi delako, plazerari loturik. Ipar Euskal Herriko ezaugarri berezia den beste arrazoi bat ere bada izenaren atzean: «Etxe guztietan euskara bizi da pixka bat, hiru lurraldeen itzulia egin dut, eta ia etxe guztiek izen euskalduna dute hemen». Ideia horiek oinarri hartuta, metafora bat gordetzen du izenburuak: «Denen artean etxe berri bat egin behar diogu euskarari, bakoitzak izango du bere estiloa, baina eraikuntza denon artean egin behar da». Dokumentalean zehar “etxea” egiteko estilo ezberdin batzuk aurki ditzakegu.

Euskaldun zahar eta euskaldun berri

Profil ezberdinak agertzen dira bederatzi elkarrizketatuen artean. Gaur egun denak azkaindarrak izanik ere, jatorri ezberdinetako jendea agertzen da, eta euskaldun izanik eman dioten erabilera eta sortu zaizkien bizipenak agertu dituzte. «Euskararekiko harremana, norekin hitz egiten duen, garaiko eta egungo egoera, lehen euskara entzuten ote zen kaleetan, zergatik erabiltzen zuen edo ez zuen erabiltzen... Azken hau ere bada, errealitate oso zabaldua da, eta orduan hori ere islatzen da», baieztatu du sortzaileak. Zentzu horretan, zera gaineratu du: «Ez dugu egoera idiliko bat bilatzen, testigantzetan maiz ageri da ez dugula erabiltzen, eta helburua errealitatea agertzea da».

Dokumentalean Xantal Garatek kontatzen du bizipen hori, 14 urterekin euskaraz ez egitea erabaki zuelako. Gero egoera hori ez zuen ongi bizi, eta egun haurrak ikastolan izatearekin batera hizkuntza berreskuratzen ari da. Adin zaila izaten da nerabezaroa, baina garai horretan kontzientzia hartzen duenik ere bada, horren erakusle da Clement Cantin, Landetatik etorria, AEKra sartzea erabaki baitzuen adin horretan. Ondoren bere bi anaiak erakarri zituen, eta gaur egun hirurak euskaldunak dira.

Euskaldun berrien artean, Michele Mourgueren kasua deigarria da, 72 urteko emakumeak euskarazko klaseak lau urtez Estatu frantsesak ordaintzea lortu zuelako: «18 urte nituelarik joan nintzen Pariserat, eta egon nintzen hogei urte Euskal Herritik urrun. Itzuli nintzenean suprefeturan lan egiten nuen eta nahi nuen euskara ulertu eta mintzatu. Lanean formakuntza plana izan zen, non ikasten ahal ziren ingelesa, espainiera... nik euskara nahi nuen, eskutitz bat egin nuen eta AEK-ko kurtsoak lanetik ordainduak izan ziren». Gaur egun bere lorpenaz harro agertzen da, eta euskara bere «bihotzeko mintzaira» dela sentitzen du.

Phillipe Lacarrak aldiz, «etxekoa» du eta frantsesa sei urterekin ikasi zuen. Angelun lizeora joan zen arte ez zuen sentitu euskaldun izateak «aparte» uzten zuenik. Ondoren, soldaduska Lyonen egin eta «sentitu nuen euskaraz bizitzeko beharra, lanean hasiz gero lehenbiziko bakantzak euskara aberasteko hartu nituen Baionako Mende Berri taldearekin».

Bernadette Irazoki Luro ere euskaldun zaharra da, eta berarentzat garrantzitsuena transmisioa da. Azkaineko ikastolako zuzendariari «kontzientzia emeki-emeki sartu» zitzaion, eta «ondare horrekin zerbait egin behar» zuela sentitu zuen.

Euskaraldia

«Euskaraldiarekin sortu den taldea egon izan ez balitz, zaila izango zatekeen film hau aurrera ateratzea», baieztatu du egileak. Lapurdiko herrian talde dinamikoa sortu da, eta bildutako jendearen artean konplizitate handia bada. Horrek Ipar Euskal Herrian ahobizi eta belarriprest gehien dituen herrien artean kokatu du, baina hortik urrunago doan bestelako ekimenetarako bidea ireki du.

Filma egitea aski erraza izan dela nabarmendu dute sortzaileek, bi hilabeteetan egitea lortu baitute, eta oso pozik agertu dira jendearen eta parte hartzaileen erantzunarekin: «Hizlariak emozionatuak ikusten ziren, beraiek ere ahaleginak egiten dituztela ikusten da. Askotan oso ezkorrak gara euskararen egoerari buruz, baina irauten du, oztopo askoren gainetik bada ere».

Azkainen bezala oztopoei aurre eginez bizi denez hizkuntza Euskal Herriko beste txokoetan ere, dokumentala beste herrietan aurkeztea gustatuko litzaiekeela onartu zuen Onkok: «Pretentsio handirik gabe, baina jendea biltzea filma elkarrekin ikusteko, eta gero, ikusitakoaren eta norberak bere herrian bizitakoaren inguruan hitz egiteko».

Filmerako elkarrizketatu dituzten pertsonen testigantzek mezu argia helarazi diete egileei: «Helburua izan behar da gutako bakoitzak baduela aldaketa txiki baten gakoa, eta askok elkarrekin egiten badugu, aldaketa handia egin daiteke. Xumea da filma baina gauzak iradokitzen ditu». Lapurdiko herritarren hitzetatik Euskal Herri osorako bidea egiten duen mezua da agertzen. «Euskaraldiaren filosofiarekin bat egiten duenez, motibatu ginen, momentua perfektua da», borobildu du sortzaileak.