Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Hizkuntzen biodibertsitatean, euskara ez itotzeko ahaleginetan

Tartean Teatroak ekoitzitako «Ghero. Azken euskalduna» antzezlanak 3000. urtean kokatzen gaitu, ospitale batean, hilzorian dagoen euskarari hauspoa eman nahi dion gizon bati begira. Umorearekin, baina tragedia kutsu apur batekin ere bai, hizkuntza aniztasunaren garrantzia goraipatzea du helburu Euskaltzaindiaren mendeurrenerako sortutako lan honek. Datorren asteartean estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian, eta gero bira hasiko dute.

Euskara protagonista duen “Ghero. Azken euskalduna” antzezlanaren estreinaldia izango da asteartean, Bilboko Arriaga antzokian. Euskaltzaindiaren mendeurreneko ospakizunen harira sortu du Tartean Teatroa konpainiak, eta Euskal Herri osoan zehar bira egingo du.

«Euskaltzaindiak deitu zigun urteurrenaren ospakizunari hainbat ekimen kultural erantsi nahi ziotelako, eta horietako bat antzezlana zen eta guri egokitu zaigu egitea. Enkargua izan arren, oso modu librean egin dugu lan, presiorik gabe», aipatu zuen Jokin Oregi zuzendariak.

Izenburuari erreparatzen badiogu, Axularren “Gero” lana etortzen zaigu gogora, baina ez dute zerikusirik. Izan ere, hitzari «h» hizkia gehitu diote hortik aldentzeko. «Bat-batean erreferentzia hori datorkigu burura, baina ikusleak berehala konturatuko dira beste molde batetik heldutako kontua dela antzezlana», argitu zuen Oregik.

Lana euskararen inguruan biraka dabil denbora guztian. Euskara da protagonista nagusia, eta honen geroa eta oraina aztertzen dituzte. «Obra 3000. urtean dago kokatuta, ospitale batean eta pertsonaia nagusia gaixo dagoen azken euskalduna da. Honek zaintzaile duen doktorearekin elkarrizketa hasiko du eta hari kontatuko dizkio hainbat fabula, eta bere ikuspegi oso subjektibotik historiari erreparatuko dio, eta saiatuko da hari euskararen lekukoa uzten», aurreratu zuen.

Dramaturgia Patxo Telleriak idatzi du. Honen inguruan zuzendariak esan zuen «jostalari hutsa» dela eta beti dagoela hitzekin jolasten. «Oraingo testuan sekulako lana egin du hizkuntzak biltzen, eta horregatik hizkuntza desberdinak entzungo ditugu. Protoeuskara bera eta asmatutako hizkuntza bat ere bai. 3000. urtean hizkuntza globala dago, unibertso osoan hitz egiten den hizkuntza bakarra. Esperantoari helduta eta nahaste-borraste bat eginez asmatu du hizkuntza. Baina horrez gain badago frantsesa, gaztelania, katalana, galegoa, mikmak hizkuntza (Ternuako aborigenen hizkuntza), Akitaniako historiaurreko hizkuntza, latina...», esan zuen Oregik.

Azken euskaldunak hizkuntzak aurkezten ditu merezi duten garrantzia emanez, «elementu organikoak balira bezala, bizia izango balute bezala, arnasa hartu ezean itoko direnak». Horregatik antzezlanaren kartela, non Mikel Martinez aktorearen burutik hirusta batzuk hazten diren: «Natura bera etengabe dago bere lekua bilatzen, gainean porlan ugari jarri arren, denbora bere alde izanik zirrikituetatik ateratzen da. Hizkuntzekin joko bera egiten dugu. Euskara biodibertsitate organiko horren parte da, eta bere lekua egiteko, bizirauteko eta indartzeko borrokan ari da», azpimarratu zuen obrari zentzu poetikoa emanez.

Euskaldunentzat soilik

Hainbeste hizkuntza nahastu arren, antzezlana ulergarria da. Hasiera batean, bazuten beldur hori, azpitutulurik gabe ez ote zen ulergaitza izango, baina gerora jabetu ziren testuinguruagatik eta kontatzeko eragatik edozeinek ulertzeko moduko obra zela. «Momentu batzuetan zerbait ulertzen ez bada, segituan harrapatuko du ondoren gertatzen denaren arabera», baieztatu zuen Oregik, azpimarratuz euskaldunei zuzendutako lana dela, ez erdaldunei. «Euskaldunak erreferentzia asko ditu inguruan hizkuntza asko dituelako. Guk euskarazko lanak egiten ditugu. Guztiek ulertzeko moduko lana dela esaten dugunean, euskaldunek ulertzeko modukoa dela esan nahi dugu», argitu zuen.

Generoari dagokionez, batez ere komediarekin lotu dezakegu “Ghero”. Tartean Teatroak komedia landu izan du batez ere, eta oraingoan ere hortik jo du taldeak, baina tragedia puntu bat ere eman diote. Oregik, gainera, uste du Euskaltzaindiak hori nahi zuela eta horregatik aukeratu zuela konpainia.

Antzezlanari bizitza emanez

Oholtza gainean Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Iñaki Maruri, eta Ane Pikaza arituko dira. Haiek antzezten dituzten pasarteak Iñaki Salvador musikariaren sorkuntzek lagunduta egongo dira. Ez da Tartean Teatroak harekin lan egiten duen lehen aldia, beraz, badakite «esku onetan» daudela «oso musikari fina eta trebea» delako. Salvadorrek zenbait kantaren moldaketak egin ditu. Izan ere, oraindik azken xehetasunak lantzen ari da, estreinaldiaren egunerako egun batzuk falta direlako.

Bilbon bi egun pasatu ostean, azaroaren 22an Santurtzira joko dute, eta azaroaren 28an Iruñera. Ondoren etorriko dira Sopela (abenduak 1), Oñati (abenduak 14), Errenteria (abenduak 16) eta Elgoibar (abenduak 21). Datorren urterako 15 saio dituzte hitzartuta jada, eta gehiago lotzeko asmoa ere badute.