M. ALDANONDO
Bilbo

Jasotako ezezkoak baliatu merkatura egokitzeko

Stockare hiru ekintzaile bizkaitarrek sortutako elkarte anonimoa da. Sorburuko ideia bideratuta, Coolfox lokalizagailua garatu eta merkaturatu dute. Gailua daraman objektua une oro non dagoen, zein tenperatura eta hezetasunetan, jakiteko balio du.

Unean-unean baliabideak edota ondasunak kudeatu, kontrolatu eta jarraipena egiteko irtenbideak garatzen ditu Stockare start-up bizkaitarrak. Hori guztia ahalbidetzen duen Coolfox gailua kaleratu dute aurten, eta horri esker, hainbat programatan parte hartzeko aukera izan dute. Alor ezberdinetako ingeniariak dira Aitor Gil, Jon Clemente eta Lander Unanue bazkide sortzaileak. 2012an elkartu ziren, gauzatzeko ideia batek baino, ekiteko senak, gaitasunak eta hainbat teknologiari buruzko ezagutzak bultzatuta. Unanueren hitzetan, «salto egin genuen urik bazen jakin gabe, merkatua ondo ezagutu gabe». Elkarte anonimoa, ordea, 2017an eratu zuten, argi baitzuten gastuei erantzuteko moduan egin behar zutela. Hiru gauza batuz lortu zuten: BEAZen laguntza, lehen unetik fakturatzeko bezero baten proiektua edukitzea, eta Europako programa baten baitako RFIDrone proiektuaren baiezkoa. Azken hori, Drone by Drone enpresa bizkaitarrarekin gauzatu dute eta RFID irakurle bat duen dronea baliatuta zabalgune handietako inbentarioak egitean datza.

Izan ere, sorburuko ideia RFID teknologia baliatuta biltegietako berrornitze eraginkorreko sistema bat zen; baina moldatzen joan ziren merkatuak bideratuta. Hain zuzen ere, jasotako ezezkoak izan baitira aurrera egiteko gehien balio izan dietenak. Unanuek gogora ekarri du BIND 4.0 programaren lehen urtean aurkeztu zirela «balio erantsirik gabeko teknologia ez oso potente batekin» eta ez zutela aurre egitea lortu. Orduan erabaki zuten hurrengo urtean gauza berri batekin aurkeztu eta ezetz esaterik izango ez zutela. Eta hala izan zen, ABB enpresarekin proiektu bat gauzatu baitute.

Lankidetza horri eta jasotako formakuntzari esker asko ikasi badute ere, Boston MassChallenge bizkorgailuan igarotako asteak eragin die gehien. Unanueren hitzetan, «jaso genuen formakuntza hemen urtebetean ikasiko genukeena baino gehiago izan zen». Barne aldaketa sakona izan da eta estrategia ere berritu dute biziraun beharrean, hazteko. Hau da, «eskalableago egin, kostuak mantendu eta sarrerak handiagotuz enpresa arrakastatsuagoa izateko».

Berritzailea eta abantailatsua

Coolfoxi esker une oro jakin daiteke hura duen objektua non dagoen, zein tenperatura eta hezetasunetan. Sigfox estaldura darabil, datu gutxi igor ditzakeena, baina kontsumoa oso txikia denez, bere bateriak luze irauten du; urteak, ohiko sistemetako egunen aldean. «Teknologia berriagoa da, ez du mugikorren sarerik, sateliterik edo wifirik erabiltzen eta denbora errealean igortzen ditu datuak web plataformara». «Hodeiko» plataforma ere eurek garatu dute. Datuak ikusteaz gain, bezeroek neurrira egindako alertak sor ditzakete, ikuskatutako objetuak kolpeak jaso edo leku batetik kanpo irtetean abisatzeko. «Apurka-apurka, salmentak aurrera doaz». Hala ere, teknologia nahiko berria izanik, bere onurak azaltzeko beharra dute. Stockarek adibidez, euren bezeroei produktua bidaltzean plataformara sarbidea ematen diete une oro jakin dezaten non dagoen. «Benetako Internet of Things –gauzen Internet– gauzatzeko balioko du».

Aurten merkaturatu dute gailua eta erantzuna «nahiko ona» izaten ari dira. Hegoafrikan, Estatuan, Danimarkan, Portugalen... Normalean tresna edo salgai baliotsuak mugitu behar dituzten enpresak dira, mantenu industriala egiten dutenak, edo logistika nahiz horniketa katearen ikuspegia izan nahi dutenak. Neurrira egindako zerbitzuak ere garatzen dituzte, nahiz eta epe laburrean hamar urtez iraungo duen lokalizagailu bat ekoizten eta frogatzen ari diren.

Kapital zabaltzea egin zuten udan eta aurtengo helburua iazko 45.000 euroko fakturazioa bikoiztea da. Pozik daude orain arteko bidearekin. Unanuek aitortu duenez, «egunero altxatzen naiz mila arazo eta erronkarekin, baina inoiz ez naiz ohetik altxatu horren motibatuta egunero. Egia da lan handia dela, baina biziago sentitzen zara». Bere aholkua «ez ekin, ez sortu enpresa bat» da, baina zirikatzeko besterik ez. «Erratuta nabilela frogatzea daukazula uste baduzu, orduan, baduzu gaitasuna ekintzaile izateko».