GARA
AL-HUDaIDA

Yemengo gerran 85.000 haur gosez hil dira, Save the Childrenen hitzetan

Save the Children-en datuen arabera, 5 urtetik beherako 85.000 haur gosez hil dira Yemengo gerra hasi zenetik, 2015eko apiriletik. Al-Hudaidan liskarrek egoera are gehiago gaiztotu dezakete.

Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) jakinarazi duenez, gutxienez 5 urtetik beherako 85.000 haur gosez hil dira Yemengo azken gerra hasi zenetik, 2015eko apiriletik. Al-Hudaidaren inguruko liskarrek egoera are gehiago okertu dezakete.

GKE honek Nazio Batuek (NBE) jasotako datuak erabili ditu eta 5 urtetik beherako haurren artean elikadura falta nabarmena ez tratatzeak eragindako heriotza tasak aztertu ditu. Horrela, bada, estimaziorik apalenetan 84.701 haur gosez hil dira 2015eko apiriletik 2018ko urrira bitartean.

NBEren datuen arabera, 14 milioi yemendar gosetea pairatzeko arriskuan daude eta Save the Childrenek ohartarazi duenez, zenbakiak larriki gora egin du Saudi Arabiak eta Arabiar Emirerri Batuek blokeoa inposatu zutenetik duela urtebete. «Ordutik hona Al-Hudaidako portuaren bitartez iristen diren jakien kopurua hilero 55.000 tona metriko murriztu da. Kopuru hori nahikoa da 4,4 milioi pertsonaren beharrak asetzeko, tartean 2,2 milioi haurrenak. Inportazioek beherago egingo balute gosetea bertan izango genuke», ohartarazi du.

GKE honek ez du egungo gerraren aurretik goseak jota hildako haurren kopururik eman –ezin da ahaztu Yemen dugula aspalditik herrialde arabiarren artean txiroena– baina zera gogora ekarri du: «Bonbek eta balek hildako haur bakoitzeko dozenaka dira gosez hiltzen direnak, eta hori ekidin daiteke».

«Horrela hiltzen diren haurrek izugarri sufritzen dute, beren bizi-organoak ahuldu egiten dira, azkenean gelditu arte. Immunitate sistema hain ahul dutenez, erraz harrapatzen dituzte infekzioak eta batzuek negar egiteko indarrik ere ez dute. Gurasoek euren seme-alabak nola ahitzen diren ikusi besterik ezin dute egin», deskribatu du Save the Childrenek.

Ondotxo ezagutzen du egoera. Izan ere, dagoeneko 140.000 haur elikatu ditu, horien artean nutrizio falta pairatzen zuten 78.000.

Hudaidatik ezean, Adenetik

Al-Hudaidan egun dauden liskarrek bertako portuaren funtzionamenduan eragina dute eta GKE honek Adengo portua erabili behar izaten du jakiak Yemengo iparraldera bidaltzeko. «Ondorioz, hiru aste behar izaten dira laguntza helarazteko, Hudaidako portutik bideratuko balitz astebetean iritsiko zelarik». «Nutriente asko duten jakiak behar ditugu amildegiaren ertzean dauden Yemengo hainbat haurrentzat», eskatu zuen GKEko arduradunak, Tamer Kirolosek.

Garailerik gabeko guda

Bitartean, egunez egoera «lasaia» izan arren, gauez batak bestea erasotzeari ekin zioten Riadek eta Emirerri Batuek gidatzen dituzten Yemengo gobernuaren aldeko indarrek eta matxino huthiek. Enfrentamenduak Al-Hudaida hiriko hegoaldeko eta ekialdeko auzoetan izan dira.

Badirudi Saudi Arabiak eta Emirerriek presa dutela Al-Hudaidako portua kontrolpean hartzeko nazioarteak su-etena inposatu baino lehen. Izan ere, Britainia Handiak su-etena lortzeko ebazpena aurkeztu du NBEko Segurtasun Kontseiluan baina abenduaren hasiera-erdialderaino ez omen da boza espero. Zentzu horretan, International Crisis Group taldeak (ICG) ikerketa batean dioenez, nazioarteak hautu zaila du Al-Hudaidako erasoaldiaren inguruan. «Hautua zaila da, baina aldi berean sinplea: Hudaidaren inguruan liskar bortitza ekiditea edo bestela, ezer ez egiteagatik, Yemenen sortu daitekeen gosete izugarriaren arduraren zati bat onartzea».

Nazioarteak, ICGren ustez, «lehen aukera hautatu beharko luke eta berehala amaiera eman beharko lioke Hudaidaren setioari». Izan ere, huthiak ez daude amore emateko, eta bertara bidali dituzte Kataeb al-Mawt (heriotzaren batailoiak). Hauen kontrako indarrak, Emirerrien babesarekin, «gehienak gerrillari salafistak dira», dio ikerketa taldeak.

«Huthientzat portua galtzea porrota litzateke, baina bizirik jarraituko lukete», dio ICGk, baina salafisten eta Hudaidako biztanleen arteko bizikidetza guztiz zalantzan jartzen du.

Atzo bertan iritsi zen Sana hiriburura Martin Griffiths NBEko begiralea. Bere asmoa, huthiekin bildu eta elkarrizketa mahaira eramatea da. Gakoa baldintzetan dago.