Amalur ARTOLA
IRUÑEA
Entrevista
XABI BANDINI
MUSIKARIA

«Esango nuke berriro hasi naizela zerotik, berriro ikasten hasteko»

Kerobia eta Anticontinentek utzitako zaporea ahosabaian, ia ustekabean bezala ekin dio Xabi Bandinik bakarkako ibilbideari. Hasiera berriarekin batera, irakaspen prozesu berri batean sartu dela dio, eta horren lekuko «Begibakar» (Gor), bere lehen luzea, eta inoizko lan intimoena. Durangon egingo du aurrerapena (abenduak 6, 14.20ean), baina aurkezpen potoloa otsailaren 1ean du, Iruñeko Totem-en.

Bohemiako kristala bezala, irmoa bezain zaurgarria da “Begibakar” (Gor), Xabi Bandiniren bakarkako ibilbideari hasiera ematen dion diskoa. Madrileko 29 metro koadroko bere apartamentuaren abaroan sortua, abeslari nafarrak inoizko gertuen abesten dio bere barruari, gitarra eta 80ko hamarkadako bere sintetizadorea bidelagun dituela. Desagertzea, bidaia eta aurkikuntza, horra ezein ziklo bitalen hiru atakak.

Esan izan duzu ez zenuela zeure burua bakarlari bezala ikusten. Zer aldatu da?

Erabaki sorpresa izan da, baita niretzat ere. Madrilera etorri nintzenean lanera eta bizitzera, nire etxe txikian hasi nintzen gitarra hartu eta kantu batzuk grabatzen, sintetizadore txiki bat erosi nuen... Ez naiz aspertuko esateaz berriro hasi nintzela hunkitzen kantuekin, eta hortik abiatuta blog bat ireki nuen, pentsatu nuelako polita zela erakustea egiten ari nintzena. Abiapuntu horretatik, gauzak mugitzen hasi ziren.

Etxeko intimotasun horretan, nola bizi duzu sortze prozesua?

Oso esperientzia polita izan da niretzat. Martxo inguruan kantu bat, “Begibakarraren gela”, jarri nuen sarean eta horrekin batera Gor-eko Patxi [Goñi] etorri zen Lavapiesera nirekin bildu, kafe bat hartu eta diskoa ateratzeko proposatzera. Egia da momentu horretan esan niola ez niola zentzu handirik ikusten diskoa ateratzeari, baina esan zidan polita izan zitekeela Xabi Bandini marka pixka bat ateratzeko... Ideia ona iruditu zitzaidan. Behin diskoa nuenean buruan, Begibakarraren gela hori gorpuzten hasi zen eta, bat-batean, baneukan pertsonaia bat, Begibakar, eta bere istorioaren inguruan kantuak egiten hasi nintzen. Horrekin etorri zen diskoaren kontzeptua bera, Begibakarraren desagerpena, bidaia eta aurkikuntza, kapitulu horiek.

Baina beti konposizio klabe batzuen barruan: gitarra batekin, etxean eta beti-beti ahotsarekin jokatuz. Disko honetan ahotsak presentzia oso handia du, uste dut goxotasunarekin abesten dudala, abestiek hala merezi dutela sinesten dudalako. Emaitza bera ere halakoa da, ahotsarekin, gitarra akustiko batekin eta sintetizadore ochentero batekin, horien arteko nahasketekin bakarrik, niretzako nahikoa izan da.

Kontatzen duzunagatik, sortzeko modua Kerobian zenutenetik ezberdina izan dela dirudi, instintiboagoa agian.

Kerobian ere nik hartzen nuen konposatzeko rol hori, eta ez da oso ezberdina izan, baina egia da ezberdina izan dela nahikotasuna non jarri dudan. Hau da, ‘hau nahikoa da’ noiz esan dudan, non jarri dudan maila hori. Kerobiarekin beti sentsazioa nuen zeozer gehiago falta zela eta konponketa gehiago jartzen genituen, soinu borobilagoa bilatu... Hori oso polita da eta asko disfrutatzen nuen, baina orain, disko honetan neure buruari oparitu diodana, izan da hiru gauza horiekin nahikoa dela esateko aukera. Hor dago diferentzia handiena.

Eta kosta zaizu zeure buruari jarritako muga errespetatzea? Inertziak inertziak dira...

[Barreak] Eta beldur handia nion horri, bai. Baina klabea izan da kantuok egiten hasi nintzenean hunkitu izana. Esatea ‘honek zentzua dauka, betetzen nau, pasioa dago’. Orduan, beldur eszeniko hori behera eta behera eta behera doa.

Nor da Begibakar eta zer ematen dizu zuri pertsonalki?

Begibakar gizon baten eta piztia baten artean geratzen den izaki bat da, izaera fuertea duena. Gainera, erdaraz dikotomia bat bada, tuerto edo cíclope esaten zaio, eta hor bada halako anbiguotasun bat. Horrekin ere jolastu dut. Eta gizonaren –ez gizakiaren, baizik eta gizonaren– pasioen, beldurren eta abarren aurrean irudikatzen dudan bisonte horrek, koba zaharretan margotuta daudenen parekoa, duen transzendentzia ere bada; ni bisonte bat naiz, ez daukat mundu honetan aparteko misiorik, jaio, hazi eta hil egingo naiz eta zikloa aurrera doa. Gizon batek lehen pertsonan hori esatea oso potentea da, ni bat gehiago naizela aitortzea da, gizon soil bat naizela. Ni ere jaio, hazi eta hil egingo naiz. Hau nik erreibindikazio askatzaile bezala jartzen dut. Hori da Begibakar.

Dena den, kantuetan zehar ematen du begi bakarrari buruz hitz egiten ari garela, eta hala da, baina bada kantu bat, “Aurkitu zaitut Begibakar”, niretzat diskoko kanturik hunkigarriena –oraindik ere hunkitzen naiz jotzen dudanean–, non ohartzen zaren nola bene-benetan ari ginen hitz egiten Begibakar bilatzera joan ziren horiei buruz.

Akustikoan grabatu eta ahotsa nabarmendu nahi izan baduzu ere, planteatu duzun bidaiaren amaiera aldera elektronika ukituak erabili dituzu.

Naturan bezala, beti daude salbuespenak, gure burmuin mugatutik ateratzen diren gauzak. Ba kasu honetan ere bai. Badaude erabat elektronikoak eta espansiboak diren pare bat momentu eta eramaten gaituzte halako giro diskotekero batera. Bukaerako track hori adibidez. Horrek ere energia ematen dio diskoari, baita niri ere.

Eta euskara eta gaztelera uztartzearena, berez atera zaizu edo erabaki kontzientea izan da?

Kerobiarekin ere saiatzen ginen hizkuntza eremuak puskatzen, baina egia da oraingo honetan erdarak presentzia handiagoa duela pare bat kantuetan eta beste bi erabat erdaraz direla. Kontua da nire nahi bat badela publikoa zabaltzea. Hori horrela da. Euskaraz musikarik entzuten ez duen jende horri errazago iristeko nahia dut. Ez dakit hala gertatuko den, baina nahi hori badudala egia da.

Bestalde, euskara eta erdara uztartzen diren kantuetan niri izugarri gustatzen zait bi hizkuntzetan jolastea, modulazioagatik, zer esaten den erdaraz eta zer euskaraz, eta baita bakoitzak entzuten duenagatik ere. Hau da, erdaldun batek kantu hori entzuten duenean, singlea adibidez [“Begibakarraren bidaia”, www.xabibandini.com-en ikus daiteke, baita disko osoa entzun ere], erdarazko tartea ulertzen du, baina euskarazkoa ez. Nire irudimenean, pertsona hori misterioarekin geratu da: ‘zer esan ote du euskarazko zatian?’.

Bakarkako sortze prozesu honek balio izan dizu zure burua hobeto ezagutzeko, zer eman dezakezun eta batez ere zer eman nahi duzun argitzeko?

[Isilunea] Ba, uste dut baietz. Uste dut bideak erakusten digula beti. Orain, adibidez, nire buruari ‘bueno, Xabi, ia amaitu da ikasketa fasea’ esaten ari nintzenean ohartu naiz gauza batekin. Alberto [Isaba, Kerobian baxu-jotzaile aritu zen] animatu zait eta bera etorriko da nirekin kontzertuetara eta, zuzeneko horiek prestatzen ari ginela, ohartu gara bi hilabete daramagula ikerketa hutsean, berriro kantak berregiten, berriro gauzak ikasten eta energia piloa sartzen soinu berriei, tramankulu berriekin eta abar. Beraz, orain, esango nuke berriro hasi naizela zerotik, berriro ikasten hasteko.

Sare sozialetan hasi dira dagoeneko agertzen lehen kontzertuen bideoak, Bilboko Kafe Antzokian eman genuena adibidez, eta uste dut hori ikusten duen edonor konturatuko dela gauza berriekin gatozela, hala uste dut eta hala izatea nahiko nuke behintzat.

Azal kontzeptuala du diskoak, kolore bizikoa, erakargarria.

Prozesu honen guztiaren hasieran Xabi Andosekin [diseinuaren arduraduna] hitz egin nuen eta azaldu nion nik hiru gauza nituela buruan: gizona, bisontea eta begia. ‘Hortik aurrera egin ezazu nahi duzuna’, esan nion, eta hau ekarri zidan. Zurekin bat egiten dut diseinu erakargarria dela esaten duzunean, oso potentea da: gizonak kuboa dauka buruan eta kuboaren hiru alde ikusten dira; begia, bisontea eta gizona, hori delako azkenean Begibakar. Hibrido bat. Hor dago ezkutatuta.

Bukatzeko, ziur Kerobiaren nostalgikoak dituzula adi-adi begira. Zer espero behar dute?

Lehenik eta behin, orain beste fase batean nagoela esango nieke, baina Albertorekin prestatzen ari naizen zuzenekoetan Kerobiaren kantu dezenteren birmoldaketak emango ditugula. Zergatik? Ohartu garelako ere bai kantu horiek zaharrak badira ere gureak direla eta gure jarraitzaileak izan direnek maite dituztela. Zergatik ez oparitu, beraiei eta guri, berriro entzuteko aukera?

Esate baterako, aurrekoan “Itsasoa” abestia jo genuen Kafe Antzokian, duela hamabost bat urte jotzen ez genuen abestia. Guretzat oso momentu berezia izan zen eta uste dut han zeuden Kerobia zaleentzat ere hala izan zela.

Niregatik nahiko, bada nabarmendu nahiko zenukeen ezer, agian aipatu ez dugun zerbait?

Ba, bai [barrez], eskerrak eman nahi nizkioke bideoklipa grabatu zigun Borja Lezauni, bere artearen bidez egun bakarrean atrezzo oso politarekin grabatu, ondo pasa eta oso gauza polita geratu delako. Baita Aitor Ariñori ere, beti pasatzen garelako bere estudiotik, kasu honetan azken nahasketak eta masterizazioa egitera, eta emaitza nabaria da.

Eta, azkenik, gustatuko litzaidake esatea otsailaren 1ean Totem aretoan egingo dugula aurkezpen nahi baduzu solemnea [barreak]. Durangoko Azokan ere izango gara, baina Totemen izango dugu aukera lasai egoteko eta denbora hartzeko proposamen honekin benetan disfrutatu ahal izateko.