Ariane KAMIO
DONOSTIA

Gau-erdiz

Gauean eta erdizka idatzia izan dela esatea balitzateke hutsari errebotean erantzuna ematea. Baina Joseba Sarrionandiak berak dio «Bizitzea ez al da oso arriskutsua?» saiakera artefaktu erdi huts bat dela. Osotasunari kendu dizkio bere ertzak eta irakurle aktiboarengan utzi du biribiltasunari gaina hartzeko lekukoa. Galderaz hasi eta bukatzen du bere azken lana idazle iurretarrak; tartean politikari, soziopolitikari, literaturari lotutako gau-erdiko hainbat gogoeta.

Irudikatuz egin du Joxemari Iturraldek azalpen literarioa, liburua irakurri ondorenean. Bi zutaberen gainean oinarritutako arkua. «Arkuak zirkunferentzia erdia marrazten du, beste erdia behar du zirkulu izateko. Zutabeetako bat liburu hau bera da; bestea, Joseba Sarrionandiak 1985ean idatzi zuen ‘Ni ez naiz hemengoa’». Bi zutabe horien artetik eta arkuaren azpitik irudikatu du denbora pasatzen, eta azpialdi horretatik igarotzen ari da Joseba Sarrionandia bera. “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?” saiakera da bere azkenengo lana, Pamiela etxearekin argitaratua.

Intentzio literarioz idatzitakoa dela dio egun Habanan bizi den idazleak, baina egindako lana artefaktu erdia baino ez dela. Artefaktu erdi huts bat. Bizitzako beste parte batzuk behar dituelakoan dago hura osotasunera heltzeko. «Irakurle aktiboa da falta duena, erdi esana dagoena osatzeko. Liburu honetan bi klabe, beraz, erdia eta aktiboa».

Itaun bat izenburu. “Bizitzea ez al da oso arriskutsua?”. Azken urteetan legez. “Moroak gara behelaino artean?” (Pamiela, 2010). “Hilda dago poesia?” (Pamiela, 2016). «Orain planteatzen duen galderak bi erantzun izan litzake. Erraza bata; ezetz. Zailagoa, mamitsuagoa, bestea; baietz. Garai batean ez zuen galderarik egiten –jarraitu du Iturraldek–: ‘Izuen gordelekuetan barrena’, ‘Ni ez naiz hemengoa’, ‘Ez gara geure baitakoak’, ‘Kolosala izango da’... Agian horrek esan nahi du denboran barrena aurrera doala Sarrionandia. Esan nahiko du agian arkua gurutzatzen ari dela denboraren poderioz».

«Noktarioa»

Azpitituluari egin dio erreferentzia Iturraldek. “Habanako gaukaria”. «Munduko leku jakin bat aipatzen du Sarrionandiak. Dagoeneko badakigu han bizi dela, baina urteetan ezin izan du horrelakorik egin. Liburu batzuetan kartzela aipatzen du, besteetan ezer ez. Orain, argitasunera azaldu denean, zehaztu du non dagoen. Habanan».

Habanan eta gauez. «Literaturan maiz idatzi izan dira egunerokoak, baina ez hainbeste gaukariak, noktarioak». Gauez idatzitako lana da Habanatik datorrena, eta gauari erreferentzia zuzena egiten dio. «Gaur, hemen, orain, egun argia da; Habanan gaua da. Gu, hemen; eta Sarrionandia munduaren beste erdian. Erdia zuri, erdia beltz, arku erdia, zirkulu osoa, yin eta yang, irakurle aktiboak...».

Gaukariak urtarrilaren 1ean du abiatzea eta maiatzaren 31n etetea. «Urte erdi bat hau ere eta beste erdia osatzeko falta». Intentzio literarioz egindako lana dela aitortzen badu ere, tartean sartu ditu politikari eta soziopolitikari lotutako gogoetak, Euskal Herriko politikari buruzkoak –Altsasuko auzia, esaterako–, Errelatoari lotutakoak, biolentziarekin zerikusia dutenak... «Eztenkada politikoak erabiltzen ditu jendea aktibatzeko». Eta orain artean egin ez duena egiten du; bere inguruaz mintzo da, konkretuki. «Familia aipatzen du: Ainhoa, 4 urteko alaba, eta Mikel, 15 urteko semea. Habanako lagunak: Felix, Matxitxa... Datu zehatzak, orain arte egin gabe zegoen alde bat ukitzen du pasarte hunkigarriekin».

Iturraldek dio Sarriri berdin zaiola liburuan planteatzen den galdera irakurleak nola erantzungo duen. «‘Bizitzea ez al da oso arriskutsua?’ Irakurle aktibo batek baietz erantzungo luke, asko dagoelako gogoetarako. Baina garrantzitsuena ez da zer erantzuten duen, baizik bai ala ez, erantzun horrekin zer egiten duen».