04/12/2018

«Landa lan», Darcy Langeren obraren gaineko gainbegirada kolektiboa

Tractora Koop. E. osatzen duten artisten talde-lanaren emaitza da «Landa lan. A Documentation of Darcy Lange» erakusketa, Donostiako Tabakaleran 2019ko martxoaren 10 arte ikusgai egongo dena. Bertan, aipatu artista kolektiboaren eta Darcy Lange artista plastikoaren obren arteko elkarrizketa proposatzen da eta Langen obrek egungo bizimoduarekin duten lotura ikertzen du. Hain zuzen, Langeren artxibo pertsonala da erakusketaren ardatz nagusia.

GARA|DONOSTIA
1209_kul_landalan

“Landa lan. A Documentary of Darcy Lange” erakusketa hartuko du Tabakalerak 2019. urteko martxoaren 10era bitartean. Erakusketa hau Tractora Koop. E. osatzen duten artisten talde-lanaren emaitza da eta, era berean, amaiera ematen dio 2017. urtean zehar kolektibo horrek, Mercedes Vicente komisarioarekin batera, osatutako komisariotza egonaldiko proiektuari. Esperientzia honetan zehar artista hauek ikerketa lan sakona egin dute Darcy Lange bideo artearen aitzindari eta flamenko gitarra jotzailearen lanaren eta bizitzaren inguruan.

Darcy Langek (Aotearoa, Zeelanda Berria, 1946-2005) 1972an work studies delakoak erregistratzeari ekin zion Britainia Handian. Izendapen horren bidez, pertsonak lanean ari zireneko iraupen-behaketak garatu zituen bideo formatuan. Askotarikoak dira Langek erretratatutako lanak eta testuinguruak –fabrikak, meatzeak, tailerrak, eskolak, nekazaritza eta abeltzaintza-ustiategiak, baratzeak, eremu etxetiarrak, herri-kirola eta artisten eta musikarien tailerrak–, eta artistak berak ibili zituen lurraldeak zeharkatzen dituzte: Zeelanda Berria, Britainia Handia eta Estatu espainola, besteren artean. Grabatu zituen bideo-zinta gehienek argazkiak izaten zituzten aldean, baita batzuetan filmak ere, “dokumentazioak” edo “estudioak” deitzen zituen taldeak osatuz.

Erakusketak Tractora Koop. E.-ren eta Langeren obraren arteko elkarrizketa planteatzen du, praktika artistikotik abiatuta. «Darcy Langeren planteamenduek egungo bizimoduekin duten harremana arakatu dute, aintzat hartuz gaur egun ‘lan’ gisa izendatzen den hori, praktika eta portaeren bitartez, lan-eremutik harago hedatzen den bizi-osagaia dela», nabarmendu dute Tabakaleratik.

Artxibo pertsonala

Erakusketaren ardatz nagusia Darcy Langeren artxibo pertsonala da. Iazko udan Tabakalerara ekarri zen Zeelanda Berritik, eta azken hilabeteotan Tractora Koop. E.-ko kideak «buru-belarri murgildu» dira bertan, dokumentuak aurkituz, eta Langeren eta bere lanaren artean eta Langeren eta beste artista garaikide batzuen artean loturak deskubrituz.

Okasiorako propio eraikitako bost modulutan dago antolatuta erakusketa. Horietan Darcy Langeren bizitza eta obra zeharkatzen dituzten gaiak eta lan lerroak taldekatu dituzte gaien arabera. Work Studies edo lan estudioak, hainbat lan arlori buruzkoak, hala nola meatzaritza, eskolak edo etxeko lanak; maorien borroka Zeelanda Berrian; Langek flamenkoarekin zuen lotura... dira, besteren artean, ikusleek erakusketan topatuko dituzten multzo tematikoetako batzuk.

Erakusketaren bizkarrezurra osatzen duen Darcy Langeren artxibo pertsonalaz gainera, Tractora Koop. E.-ko kideek lotura berriak azaleratu dituzte Langeren eta beste artista batzuen artean, baita berak jorratutako gaien eta beste lan batzuen artean ere. Horrela, erakusketan honako artista hauen dokumentuak ere aurki daitezke: Ibon Aranbarri, Usue Arrieta, Tom Burrows, Ainara Elgoibar, Dan Graham, Tom Johnson, Mary Kelly, Nader Koochaki, Mierle Laderman Ukeles, Ferran Llagostera, Isidoro Valcarcel Medina, Vicente Vazquez eta The Block.

Erakusketaren osagarri gisa jarduera programa bat ere izango da. Erakusketari lotutako lau saioko zinema zikloa izango da abenduaren 9tik 24ra, eta otsailaren 23an Langeren “Aire de Mar” performancea berregingo da. Informazio gehiago jasotzeko: www.tabakalera.eu.