06/12/2018

Hauxe naiz ni!

Iñigito TXAPELPUNK • MUSIKARIA

gara, donostia
1206_txapel_1

Ezin naiz gelditu, kantu bat bukatzean beste batekin hasteko prest, diskoa grabatu, bideoklipa grabatu, aurkezpenak komunikabideetan, elkarrizketak, zuzeneko aurkezpenak, entseguak… eguzkitik eguzkira, astelehenetik astelehenera… beti boligrafoa kargatuta, burua solte eta gitarra hurbil.

Edozein momentutan ahal da etorri; sentsazioak, gogo-aldarte berezi hori… ez dakit nola definitu, batzuek inspirazioa esaten diote, niretzako momentua da. Duela urte batzuetatik momentua nirekin dago. Sortzaile batentzako ez dago blokeoa baino gauza txarragorik. Lehen blokeatzen nintzenean oso txarto pasatzen nuen, buruari milaka buelta ematen nizkion eta hori ez da ona, buruak milaka buelta ematen dituenean, normalean, txarrerako izaten da eta. Hau da, mila buelta = mila aldiz txarto pasatu. Horregatik erabaki nuen; blokeoa agertzen denean gitarra gorde, boligrafoari tapoia jarri eta a otra cosa tximeleta.

Abesti bat konposatzerakoan nire buruak agintzen du eta nire eskuek buruak agindutakoa betetzen dute. Melodiak eta ahots isilak oihukatzen daude etengabe nire buruan eta eskuek, atzamarren bitartez, pua kolpatu eta gitarraren sokak jotzen dituzte. Hor hasten da abesti baten ernaldia. Hitzak idazterakoan gauza bera gertatzen da boligrafo eta paperaren bidez, paper mota desberdinak erabiltzen ditut nik; mukizapiak, serbilletak, komuneko papera… askotan kantu baten letra mukizapi batean idatzi dut eta honek disko baten idatzita amaitzen du abesti bihurtuta. Nire mugikorrean ehun eta piko melodia desberdin grabatu ditut azken urte honetan azken diskoa konposatzeko. Edozein tokitan, edozein momentutan etortzen dira, abisatu gabe, ez dakit noiz agertuko diren, agertzen direnean txistu bidez grabatzen ditut. Denetatik aukeraketa bat egiten dut, gitarra hartu eta soinu hauek akorde bihurtzen ditut. Kantu batek, indabek bezala, elaborazioa eta bere denbora behar du; melodia, letra, leloa... sortu. Indabak odoloste, txorizo eta barazkirik gabe? Ez, eskerrik asko!!! Kantuari ere bere odoloste, txorizo eta barazkiak bota behar zaizkio, eta bere denbora behar du lapikoan. Bere puntuan dagoenean, ongi etorri jaio berri den abestiari.

Abestiak bizirik daude eta abesti bakoitzak esaten dit ze letra sartu. Kantu bat gogo-aldarte bat da, nire aldartearen arabera kantuak alde batera edo bestera jotzen du. Disko bakoitza bizitzako garai batean sortuta dago. Asko gustatzen zait konposatzea eta letrak egitea, egunero ibiltzen naiz endredatzen. 32 urte daramatzat abestiak sortzen; hasi nitzenean ordu asko sartzen nituen, atzamarretatik odoletan horrenbeste ordu sartuta, zinta isolatzailea atzamarretan jarri eta benga, egurra… Denbora guzti honetan ez naiz inoiz ere gelditu.

Txapelpunk-en jarraitzailerik handiena ni neu naiz, 20 urte pasa dira taldea sortu nuenetik eta lehenengo urteetan bezain motibaturik jarraitzen dut. Gitarrarekin hasi nintzen eta berarekin ospatu nahi ditut hogei urte hauek, bera ni da eta ni bera naiz. Oraindik ez naiz aita izan, baina badakit zer sentitzen den aita izatean. Momentu honetan Txapelpunk-en 9. diskoa daukat nire besoetan, ZORIONAK NIRE PARTEZ NIRETZAKO.

Neuk be ez dakit zenbat disko grabatu ditudan. Estudio batera joan nintzen lehenengo aldia 1991. urtean izan zen, Etsaiak-en “AMEN” maketa grabatzeko Berrizeko Lorentzo Records estudioetan. Ordutik urte asko pasatu dira eta baita disko asko grabatu ere. Estudioak beti ikara handia eman izan dit; kaskoak jarri eta dena hain ondo entzuten dudanean konturatzen naiz asko daukatela ikasteko, baita gaur egun ere. Azkeneko disko hau nik neuk grabatu dut MENDEXAKUA ESTUDIOETAN; nire etxean bertan egin dudan estudioa da. Ni bakarrik egonda ere ikara horiek agertu izan dira batzuetan, baina nabarmen txikitu dira 32 urte luze hauetan eta horrenbeste disko grabatu eta gero ziurtasuna hartu dut eta honek asko lagundu izan dit beldur horiek uxatzeko. Nahiz eta ez den ona, eta nik ez dudan nahi, beldur eta errespetu hori desagertzea, horiek mantentzen nautelako adi eta zuhur edozein proiektu portu onera eramateko.

Kanta berri bat lokalera eramaten dudanean Gorka eta Kimetz besoak zabalik egoten dira zain. Beti onartzen dute abesti jaioberria eta beraien jarrera horrek indarra ematen dit abesti berri gehiago konposatzeko. Gure entsegu eta kontzertuak magikoak dira; ez bakarrik jendaurrean, plaza edo gaztetxe batean joko dugulako, kotxean muntatzen garenetik eta kontzertura heltzen garen arte 13 urteko mutikoak bihurtzen garelako baizik; Popeyek espinakak jan behar izaten zituen indartsua izateko, Spiderman-ek parasma baten pozioa hormak eskalatzeko, Superman Kripton planetatik etorri behar izan zen bere boterea erabiltzeko, eta guk entsegu edo kontzertu bat behar dugu 13 urteko mutiko zoriontsuak bihurtzeko. Hirurak urduriak gara, baina urduritasun honek, bere neurrian, laguntzen digu egiten dugunaz gozatzen eta momentu bakoitzaz dakigun bezala disfrutatzen. Hau da rock&roll-aren magia, hau esaten zuen gure aurreko diskoko BETTY-k… BETTY ROCKANROLL.

Euskal Herritik kanpo jotzera joaten naizenean sentimendu asko batzen dira. Bertan topatuko dudanaren ezjakintasun horrek nire burua bueltaka jartzen du. Nire lehenengo bira MEXIKOra izan zen 1993an. Bertara heltzeko, hegazkinean, pilula mordo bat hartu behar izan nituen klaustrofobikoa naizelako. Hainbeste bira (Mexikora hiru aldiz, Kubara 4 aldiz, Irlanda, Frantzia, Suitza,…) eta hegaldi eta gero, beldurra galdu nion hegazkinari, baina Txapelpunk-ekin Irlandan egin genuen bira batetik bueltatzean… BOOOOM!!! Eztanda izugarri bat entzun zen eta argi guztiak itzali ziren… «Egun on –komandantea hitz egiten–, tximista batek jo gaitu, baina ez larritu, hegazkina horretarako prestatua dago», entzun genuen megafoniatik. Jarraian azafataren aurpegia bilatu nuen eta, pufff, terapia guztia pikutara… berriro pilulak hartzera hegazkinera igotzen naizen bakoitzean! Baina behin han nagoela, gitarra eskuan, mikrofonoa ahoan eta bertako jendea nire kantuak abesten ikusten dudanean, gazteleraz zein euskaraz, sentimendu hori deskribaezina da. Zelako subidoia!!!

Oso ondo aurkitzen naiz fisikoki eta mentalki… denok bezala, nahiko kaskata. Askotan erabiltzen dut esaldi hau: «Denok gara zoroak eta ezetz dioena zoroena da». Buruari hegan egiten utzi behar zaio; niretzako sekretua hor dago. Gizartea nahiko automata da orokorrean, oso lehiakorrak bihurtu gara. Askotan berriro ume izan nahi nuke, umetasuna eduki behar da robot hutsa ez bihurtzeko. Esaten dutenez, denok daukagu ume bat barruan, uste dut lau edo bost edukiko bagenitu mundua hobeto joango litzatekeela.

Urte hauetan guztietan gauza asko ikusi eta ikasi ditut, baina bat argi daukat, ROCKADIKTOA naiz, niretzako rocka droga bat da, ezin naiz bera barik bizi. Nire gitarra, rocka eta ni, heriotzak gu banandu arte, bat izango gara, horregatik, orain eta beti; ZORIONAK NIRE PARTEZ NIRETZAKO!!! Baina nola ez, benetan txapela kentzekoa da gure jarraitzaileen jarrera; zuek zarete nire motorraren gasolina…ZUEK GABE NIRE GITARRA ETA NI EZ GAUDE!!! DURANGOKO AZOKAN ETA KONTZERTUETAN IKUSIKO DUGU ELKAR.