GARA
BAIONA

ETAren desarmeari loturiko auzia bost herritarren kontra, Parisen

2015eko uztailaren 7an Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atzeman zituen frantses Poliziak, Ortzaizen. Herriko auzoak diren Terexa Lekunberri eta Jef Mateo operazio berean atxilotu zituzten. Ondoren jakin zenez, erakundearen armagabetzearen aldeko jarduera burutzen zuten ustezko bi ETAko kide etxean hartu zituen herritarra, Grazi Etxebehere, bi egunetara atxilo eraman zuten. Hilaren 17tik 19ra bost lagunen aurkako auzia iraganen da Parisen.

2015eko sanferminak iltzatuta gelditu dira Nafarroa Behereko herritar askoren memorian. Uztailaren 7an, arratsaldean, Polizia frantsesak, Guardia Zibilarekin elkarlanean, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atzeman zituen Ortzaizeko etxe batean. Operazio berean, bertako auzoak diren Terexa Lekunberri eta Jef Mateo atzeman zituzten.

Ordurako ezaguna zen ETAk bere desarmatzea burutzeko engaiamenduak hartuak zituela, besteak beste, nazioarteko eragileekin. Hala eta guztiz ere, espainiar Barne Ministerioko iturriak aipatuz, hainbat hedabidek ETAren «aparatu logistiko-militarraren» aurkako kolpe garrantzitsu gisa aurkeztu zuten Goienetxea eta Retaren atxiloketa. Lau herritarrak Parisera eraman zituzten. Bi egun beranduago, Grazi Etxebeherek, Iruñeko festetatik zetorrela, bere etxera hurbildu eta atxilotua izan aitzin, hedabideetako kamera eta mikrofonen aurrean goitik behera gezurtatu zuen polizia operazioaren funtsa.

ETAk desarmatzea bururaino eramateko trabak salatu zituen Etxebeherek, eta «horren alde jarduten zuten militanteak» bere etxean aterpetzeko eginiko hautua aintzat hartu zuen, bi estatuek bakea oztopatzeko egindako sabotajeari aurre egiteko engaiamendua eta elkartasuna aldarrikatuz.

Operazioak sekulako harrabotsa eragin zuen Ortzaizen. Ehunka lagunek parte hartu zuten atxilotuekiko elkartasunez deituriko mobilizazioetan eta hautetsien eta gainerako eragile politiko eta sozialen elkartasun adierazpenak heldu ziren.

Oroitu behar da, bestalde, hilabete lehenago, ekainaren 11n, Parisen, Euskal Herriaren aldeko Konferentzia Humanitarioaren karietara ehundik gora pertsona esanguratsuk frantses Estatua interpelatu zutela ETAren desarmatzea ahalbidetzeko bere inplikazioa eskatuz.

Ortzaizen –eta urte bereko irailean Baigorrin– estatuek kontrako mezua zabaldu bazuten ere, azkenik, jendartearen erantzunak desarmatzea bide zibiletik gauzatzeko aukera irudikatu zuen Nafarroa Beherean.

Hilaren 17tik 19ra, Pariseko auzitegian, Ortzaizen atzeman zituzten bost herritarren aurkako auzia izanen da. Reta eta Goienetxea, kartzelan dira, beste hirurak aske, bermepean. Kalera Kalera dinamikak oharra zabaldu zuen atzo bost herritarrei elkartasuna adieraziz. Era berean frantses Justiziari testuinguru berria kontuan hartzea eta «ildo errepresiboa behin betiko uztea» eskatu zion.