Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Artelanak (I)

Frantziako zein Europako museoetan dauden afrikar artelanen jabetza salatu eta beren jatorrizko herrialdeetara itzultzea eskatu zuen Emmanuel Macronek iaz. «Afrikaren ondarea ezin da Europako museoetan preso egon», adierazi zuen. Macronek zuzendu eta Fewline Sarr ekonomialari senegaldarrak eta Benedicte Davoy arte historialari frantsesak osatu zuten txostenaren arabera, 26 artelan berehala itzuli egin behar zirela, bost urteko epean beste horrenbeste egin beharko zela bigarren pieza-sorta batekin, eta gainerakoak garaia iristen denean mailegu bidez edo behin betiko bueltako zituztela, beren jatorria behar bezala zehaztu ostean. Afrikako 90.000 pieza etnografiko biltzen ditu Musee du Quai Branlyk, Frantziako afrikar arte bildumetan handiena izanik, eta haietatik gehienak lapurreta, arpilatze, gerra-harrapakin, trikimailu eta behartutako salmenten bidez eskuratuak izan ziren.

Bestelakoa da “Benin brontzeak” bezala ezagutzen diren piezak –egun Nigeria den horretan konfiskatu zituen britainiar espedizio batek 1897an– biltzen dituen British Museum-a gidatzen duen Hartwig Fischerren jarrera. Bere museoa eta Europako beste erakunde batzuk Afrikako museoekin epe luzeko maileguak adostea aztertzen ibili dira, baina beldur dira piezak ez ote diren okerreko eskuetan eroriko. Izan ere, 1977an Belgikako Gobernuak Kongoko orduko presidente Mobutu Sese Sekorekin harremanak hobetzeko asmoz zenbait artelan itzuli zituen, baina handik gutxira piezak desagertu edo nazioarteko merkatuan salduak izan ziren.