08/12/2018

Euskadiko Orkestraren bira arrakastatsua

Austrian eta Alemanian hainbat kontzertu eskaintzeko biran da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Linzen eta Munichen izan dira jada, eta oso kritika onak jaso dituzte. Sorozabal euskal konpositorearen piezak Elgar eta Mahlerren musikarekin tartekatzen dituzte.

GARA|DONOSTIA
1208_kul_ose

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Munichen izan da eta bertako Herkulessaal auditorium entzutetsuan jo du. Hirian hiru ganbera orkestra eta lau kontzertu areto egonik, musika klasikoaren alorrean programazio txukuna du, eta horregatik beraien zirkuituan EOS sartzea erabakitzea baikor baloratzen dute euskal musikariek.

Plaza horretan, euskal sustraiak dituztela erakusteko Sorozabalen lana jo zuten, eta horrekin batera Elgar eta Mahler bezalako konpositore unibertsalak hautatu zituzten. EOSen hitzetan, «horrek publikoaren eta hedabideen interesa piztu du».

«Euskadiko Orkestra Sinfonikoak geneetan darama euskal kulturaren enbaxadore rola betetzea eta, zeregin horretan, Municheko kontzertu hau Sorozabalek 1929an Leipzigen idatzi zuen ‘Zazpi lieder’ obraren hautaketa batekin irekitzea erabaki zuen oraingoan», aipatu zuten.

Mojca Erdmann sopranoa euskaraz kantatzen jarri zuten horrela, “Amesetan”, “Lotoren loral” eta “Ez dot sinisten” abestiak interpretatu zituztenean.

Ezagunagoak

Sorozabal jendaurrean aurkeztu ostean, orkestrak musika unibertsalagoari heldu zion, inguru horietan ezagunagoa den esparru batean. Lehendabizi oso ondo prestatua daramatzan Elgarren “Enigma Bariazioak” eraman zituen atriletara, Linzen (Austria) bi gau lehenago egin zuen bezala.

Linzeko emanaldiaren ostean, bertako “Nachrichten” aldizkarian kritika egin zieten: «Emanaldia koherentea izan zen, eta Mahlerren Laugarrenaren interpretazioa ere sekulakoa izan zen».

Horren ondoren Mahlerren Laugarren eta Bosgarren sinfoniak eskaini zituzten, eta oso txalotuak izan ziren.

Kontzertuaren amaieran Robert Treviño zuzendaria pozik agertu zen: «Publikoa zoragarria da, Orkestra oso pozik dago, emanaldia bikaina izan da, eta uste dut jendea sinetsi ezinik dagoela Orkestra hau zeinen bikaina den. Oso harro nago guztiez», esan zuen.

Baina EOSek ez du bere nazioarteko bidaia amaitu. Gaur Bregenzera (Austria) joan eta Festspielhausen aretoan izango dira eta 1.600 pertsonaren aurrean joko dituzte euren piezak, Vadim Gluzman biolinistaren laguntzaz. Kontzertu honekin borobilduko dute bira.

EUSKARAZ


Mojca Erdmann soprano alemanak hiru kanta euskaraz abestu zituen Herkulessaal auditoriumean.