Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Gilmore munduko txapeldun eta Moore garaile Mauiko lehiaketan

Carissa Moorek irabazi du WCT itzuliko azken lehiaketa, baina Stephanie Gilmorek munduko titulua eskuratu du zazpigarren aldiz. Triple Crown itzuliko bigarren txapelketa Ezekiel Lau hawaiiarrak irabazi du Sunseten. Gaur hasiko da Pipeline Masters txapelketa.

Amaitu da nesken lehen mailako munduko WCT itzulia. Pasa den astean amaitu zen Mauin zirkuituko hamargarren txapelketa eta bertako surflaria den Carissa Moorek irabazi zuen. Gauzak horrela, itzuliko azken lehiaketa Moorek irabazi zuen, baina munduko titulua Stephani Gilmorek eskuratu zuen.

Maui uhartean dago eskuin olatu borobilak eskaintzen dituen Honolua urautsi famatua, eta, urtero lez, aurtengoan ere baldintza ederrak izan ziren nesken munduko txapelketan. Erreka haizeak leun orraztutako hiru metroko eskuin olatu perfektuak izan ziren, luzeak, edozein motatako ariketak egiteko aukera eskaintzen zutenak, eta lehiakideek etekina atera zieten. Horrela, surflariek gozatu egin zuten eta ikusleek ere goza zezaten lortu zuten.

Mutilen kategorian, ostera, Triple Crown itzuliko bigarren lehiaketan Ezekiel Lau hawaiiarrak irabazi zuen Sunseten. Ondorioz, QS itzulia amaitu da eta, lehiakideek urtean zehar lortutako emaitzen arabera, izendatu dituzte dagoeneko datorren urtean lehen mailan izango diren surflariak. Hori bai, urtea amaitzeko txapelketa bakarra falta da oraindik, Pipeline Masters lehiaketa mitikoa. Triple Crown itzuliko hirugarren lehiaketa eta CT zirkuituko azkena da.

Gaur bertan hasiko da urteko txapelketa garrantzitsuena Pipelinen. Bertan jokatuko da 2018ko mutilen WSL munduko titulua eta itsaski sendoa iragarri dute gaurko, beraz, ikuskizuna hastear da Pipelinen.

Carissa Moore

Hiru bider munduko txapeldun (2011, 2013 eta 2015) izan den Carissa Moore hawaiiarrak hirugarrengoz irabazi zuen Honoluan. 2014an eta 2015ean ere bera izan zen txapelduna etxetik gertu duen eta oso ongi ezagutzen duen urautsian egiten den munduko nesken txapelketan. Olatuaren ezagutzak lagundu zion, noski, baina baita lehiatzeko duen odol hotzak ere, olaturik onenak hartzeko patxadaz itxaron behar izan baitzuen Moorek.

Lehen egunetan olatuak handiak izan ziren eta lehiakide batzuek zailtasunak izan zituzten olatuak mendean hartzeko, ondorioz, lehiakide puntakoenak nortzuk ziren agerian geratu zen. Moorek tubo on bat beharrean bira ederrak egiteko estrategia hautatu zuen, ez zuen arriskatu nahi, eta asmatu egin zuen, azken txandetan tuboak eskasagoak baitziren.

Pozarren zen 26 urteko hawaiiarra eta honela mintzatu zen irabazle saria jaso ostean: «Oso berezia da. Nire familia osoa hemen dago. Ziur aski nire karrera osoan izan dudan txapelketa hoberena izan da. Sasoia honela amaitzea... Ez dakit zer esan, nire bizitzarekin maiteminduta nago oraintxe bertan».

Stephanie Gilmore berriz

Gilmore finalerdietan kaleratu zuten bere kutunetakoa duen Honoluako txapelketan. Bikain aritu zen, batez ere, baldintzak zailak zirenean, eta bazirudien berriz ere Mauin txapela irabaziko zuela, izan ere, hiru bider irabazitakoa da Gilmore Mauin (2007, 2008 eta 2017). Hori bai, australiarrak zerbait garrantzitsuagoa irabazi zuen, 2018ko nesken WSL titulua. Aurtengo munduko titulua irabazteko behar adina puntu bildu zituen Gilmorek, eta, ondorioz, zazpigarrenez WCT koroa jantzi zuen 30 urteko australiarrak.

Nesken lehen mailako zirkuitua amaitu da beraz, eta orain atsedenaldia izango dute 2019ko martxoan Australian hasiko zen zirkuitu berria abiatu arte. QS mailan lortutako emaitzei esker lehen mailara igoko diren nesken izenak ere argitaratu dituzte eta surflarion artean dira Silvana Lima brasildarra eta Costa Ricako Brisa Hennessy.

Sunset bere onenean

Aurtengo Sunseteko txapelketa ikusgarria izan zen. Aspaldi ez zen halako itsaski indartsurik suertatu Triple Crown itzuliko bigarren lehiaketan. Ikusmin izugarria sortu zen antolatzaileek sekulako itsaskia zetorrela iragarri zutenean, eta asmatu zuten: Hawaiiko olatu mitikoa bere onenenean izan zen lehiaketako lehen egunetan. Finalean, ordea, olatuen tamainak eta kalitateak behera egin zuen nabarmen. Hala ere, ikusleek hondartzan jarraitu zuten, ikuskizunaz gozatzen.

Ezekiel Lau hawaiiarra nagusitu zen alde handiz. Bigarren postua Jese Mendes brasildarrak lortu zuen eta Pipelinen parte hartzeko wildcard gonbidapena irabazi zuen, Haleiwan lortutako bosgarren postuarekin batera, Triple Crown itzuliko buru jarri baitzen. Hirugarren postuan Joan Duru geratu zen, ama lapurtarra duen Landetako surflaria. Eta laugarren Griffin Colapinto estatubatuarra.

Sunseteko txapelketa amaituta mutilen QS zirkuitua amaitu da, baina ez CT zirkuitua. Gaur hasiko da Triple Crown itzuliko eta CT itzuliko azken lehiaketa Pipelineko urautsi famatuan.