GARA
BILBO

Guggenheim museoaren eraikuntzatik abiatuz, arkitekturari begirada bat

«Architecture effects» da udaberrira arte Bilboko Guggenheim museoan ikusgai izango den erakusketa. Teknikoki arkitekturari buruzko erakusketa bat bada ere, formalki oso desberdina da, ez baititu maketak edo planoak erakusten. Horren ordez, azken urteetan arkitekturan teknologiari esker eman diren aldaketak aztertzen dira, artista desberdinen lanei esker. Museoa bera 1997. urtean zabaldu zuten unean du abiapuntua erakusketak.

Arkitekturaren efektuen inguruko erakusketa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak. Honek, XXI. mende hasierako arkitektura eta artea aztertzen ditu. Izan ere, museoa bera eraiki zutenean teknologia modu berritzailean baliatu zuten horretarako.

“Architecture effects” apirilaren 28ra arte izango da ikusgai. Atal desberdinez dago osatua. Lehena “Airlock” deiturikoa da. Espazio hori erakusketaren alderdi garaikidearen ataria da, eta, era berean, denbora-kapsula moduan eragiten du. Bertan teknologiak eta Mendebaldeko zibilizazioak jasandako hainbat aldaketa ikus daitezke. Ardatzean 1997. urtea dago, museoak ateak zabaldu zituen urtea. Zehazki, gune horrek Guggenheimen eraikuntza zein baldintza teknologiko eta kulturaletan garatu zen azaltzen du, eta horrela bisitariari datorrena hobeto ulertzeko gakoak ematen zaizkio.

Erakusketaren zati nagusia espazio argi, aktibo eta dinamiko bat da: “Lorategia” atala. Bertan aurkezten dira gure garaiko artista eta arkitektoak, baina, arkitektura erakusketetan egon ohi diren marrazki eta maketen ordez, “Architecture Effects”-ek diziplina honen inguruko pentsamendu garaikidea biltzen du, 1:1 eskalan egindako lanekin. Era berean, artista garaikideek egindako piezek agerian uzten dute kezka arkitektonikoen zabalkundea. Animazioa, performancea eta posthumanismoaren elementuak aurkituko ditugu txoko honetan.

“Lorategian” aurkituko ditugun lanen artean hiru proiektu nabarmentzen dira. Frida Escobedoren “Besteak” Mexiko Hiriko eraikin enblematiko baten kristalezko jatorrizko fatxadaren zatiak dakarzkigu. “Seinalerik gabeko denda”-k, New Yorkeko MOS enpresak egina, hainbat arkitektura primitibo nahasten ditu kontenplazio espiritualerako gune bat sortzeko. Hirugarren proiektua “Flotazio-tanga 01” da, Leong Leongek egina. Kapsula indibidual bat da, altzairuz eta apar isolatzailez egindakoa, eta arkitekturaren gaitasun psikoaktiboa aztertzen du.

Baliabideak

Hirugarren atala “Burbuila” da, non aurreko bi ataletan ikusgai dauden artelanei buruzko informazioa dagoen. Konektatutako gune bezala pentsatua dago, erakusketak bere muga fisikoak hautsi ditzan.

Entzuteko gida, erakusketako katalogoa, didaktika tresnak edota webguneaz aparte, formatu desberdinetan bildutako gonbidatuen ekarpenak daude “Burbuilak” atalean. Proiektuan parte hartu duten kritiko, idazle eta artisten artean daude John Menick, Nemesis, PWR Studio, Venkatesh Rao eta Gordon White. Era berean, Manuel Cirauqui eta Troy Conrad erakusketaren komisarioek idatzitako testuak ere jasotzen dira azken espazio honetan.