Ion SALGADO
GASTEIZ

Giza eskubideen aldeko zapi kateak eratu ditu Etxerat elkarteak

Etxerat elkarteak zapi kateak eratu zituen atzo, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren Egunean, Gasteizen eta Iruñean, parlamentuen aurrean, eta Baionan, Herriko Etxearen aurrean, «pertsona ororen eskubide guzti-guztien errespetua, aitortza eta ezarpen unibertsal eta eraginkorra» aldarrikatzeko.

«Euskal preso politikoen senide eta gertukoek zapi kateak burutu ditugu, zapiari helduta, giza kateak osatuz, zeren frantziar eta espainiar estatuek oraindik aplikatzen duten salbuespen espetxe politikak, hain justu presoen dispertsioak eta urrunketak, gure eskubideak urratu egiten ditu», nabarmendu zuten Gasteizen Urtzi Errazkinek eta Pilar Gonzalezek.

Beren hitzetan, euskal gizarteak, Euskal Herriko instituzio zein erakunde politiko eta eragileek «salbuespen espetxe-politikaren bukaera eskatzen dute. Baina oraindik ere euskal preso politikoen senide eta gertukook modu zuzenean pairatzen ditugu politika ankerraren ondorioak».

«Ez zaie axola gu balizko biktimak izaten jarraitzea; adin txikikoengan dispertsioak modu bortitzean eragiten duena ez dute onartu nahi; berdin zaie presoen gurasoak eta gaixorik dauden senideak bisitarik gabe gelditzea. Gauzak horrela, estatuek ez dute zilegitasunik aldarrikapen unibertsala ospatzeko», gaineratu zuten.

Alde horretatik, «kontrapartidarik gabeko gure eskubideen errespetuaren alde lanean jarraituko dugu», iragarri zuten. «Salbuespen espetxe politika mantentzen duten arduradunak salatuko ditugu, eta gaurko eguna zinez ospatzeko baldintzak lortu arte, euskal gizartearekin bidea egiten jarraituko dugu», adierazi zuten.

Eskubideen urraketa

Senideek gogoratu zutenez, 30 artikuluz osaturiko enuntziatuak osatzen du Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren deklarazioa. «Herri eta nazio guztiek izan beharreko jomuga legez, bai norbanakoek bai erakundeek eskubide horien errespetua zein askatasuna eta hauen aitortza eta ezarpen unibertsal eta eraginkorra sustatzea» du helburu deklarazio honek Nazio Batuen Batzar Nagusiaren arabera.

Baina frantziar eta espainiar estatuek «duela 30 urte dispertsioa abian jarri zutenetik, izaera unibertsala kendu diete giza eskubideei». «Gure segurtasun propiorako eskubidea, osasun eskubidea, tratu anker eta ez gizatiarra ez jasotzeko eskubidea, gure bizitzan, familian, komunikazioan esku-hartze arbitrarioak ez izateko eskubidea, gure senideekin lotura mantentzeko eskubidea, diskriminazio ororen aurkako babes eskubidea… Kontrapartidarik gabeko eskubideak dira hauek guztiak», baina «zoritxarrez» ez dira betetzen euskal errepresaliatu eta horien senideen kasuan.

Izan ere, bi estatuek urrunketa abian jarri zutenetik, 16 lagun hil dira salbuespen politika honek eragindako istripuetan. Eta zauritu ugari utzi ditu oraindik ere indarrean dagoen sakabanaketak.