Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Palindromoa

Ezkerretik eskuinera zein alderantziz irakur daitezkeen hitzei edo testu simetrikoei deitzen zaie palindromo; esaterako, «zeken-nekez» edo musika talde ezagunaren izena, Inoren Ero Ni. Palindromoak hizkuntzaren jolasa direla esan dezakegu. Eta kontalariok maite dugu hizkuntzarekin jolastea. Ipuinak irudimenaren jolasa diren bezala, hitzak dira barnean mugitzen diren xinaurriak, esaldietan gora eta behera, aurrera eta atzera, zeharka, trabeska, esanahiei kilimak egiten. Eta horrek emango dio bizitasuna kontatzeari.

«Hitzezperimentutan» eta palindromotan osatzen zituen Markos Gimenok bere ikuskariak, euskarari errebuelta ezinezkoak emanez, esanahiak aldrebestuz, publikoaren neuronak bihurrituz. Gaztelania eta euskara elkarrekin nahasiz elkarketa ezinezko bezain liluragarriak eginez: «Leer es iracurrar». “Zerojasoa” egitasmoa jarri zuen martxan 2007. urtean euskarazko palindromoak eginez bere Zerojasoa.com blogean. “SkizopozikS errezitaldi hitzperimentala” ikuskarian berrogei minutuz publikoa harrituta bezain irribarretsu uzten zuen, esanahiak ulertu nahian, hitzen jolasean sartuz, euskararenganako bestelako harremana bideratuz. Zenbakiak ere jolas horretan sartuz, matematika hizketan jartzen zuen, neuronak lehertzeraino. Astelehenero «hitzezperimentu» bat planteatzen zuen bere blogean, palindromo ezkutua bilatzearena.

Markos Gimeno Vesga palindromo bihurtu zaigu, atzekoz aurrera jarriz bere bizitza. Euskarak jokalari aparta galdu du. Eta lagun bat.