Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Bizkaiko Bertsolari Txapelketan oreka hausteko prest zortzi finalistak

Lau neska eta lau mutil. Txapel bakarra. Ehunka lagun txapelketa osoan zehar boluntario lanetan. Milaka entzule. Herriz herri, saioz saio. Udaberrian hasi zen, eta datorren larunbatean jakingo dugu aurtengo Bizkaiko txapela nori jarriko dion Jon Enbeitak. Edozeinek irabaz dezakeela aitortu zuten atzo zortziek Bilbon egindako aurkezpenean. Bik lehenengo aldiz kantatuko dute finalean. Aurretik txapeldun bakarra dago, Etxahun Lekue.

Jon Enbeita bertsolari beteranoaren hitzak argiak izan ziren finalaren aurkezpenean, Miribillako kiroldegian bertan: «Larunbateko protagonistak hemen dauden zortzi finalistak izango dira, baina niretzat ohore handia da Bertsozale Elkarteak egin didan eskaintza hau, pozik eta ilusioz jarriko diot txapela irabazleari».

Txapelketa jarraitu duenaren esperientziatik mintzatu zen bertsolari muxikarra, «azkenaldiko finalik parekatuena» izango dela aurreratzean. Horrek, zelan ez, erakargarriago bilakatzen du larunbateko saioa.

Udazkeneko faseetatik heldu dira aurreko zortzi finalistak; Etxahun Lekue azken txapelduna, Xabat Galletebeitia, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria. Udaberrian hasi eta saio askoren ostean heldu da finalera Eneko Abasolo Abarkas –2010ean ere aritu zen finalean kantuan–; Aitor Bizkarrarentzat hau izango da bere lehenengo finala Bizkaiko bertsolari txapelketan.

Faborito argirik ez duen finala izango da larunbatekoa, eta finaleko protagonistek ere beren iritziak eman zituzten Asier Ibaibarriagak emandako gaiaren inguruan. Etxahun Lekue 2016ko txapelduna izan zen hitza hartzen lehenengoa. «Sano ondo ikusten dut nire burua, laburra izan da niretzat parte hartze aldetik, ez dut prestakuntza berezirik egin, baina aspaldiko urteotan bezala astero batu naiz txapelketako kuadrilla batekin». Lekuek «final zabala» ikusten du, eta finalera pasatzeko ere «aspaldiko izen gehien aipatzen ziren, eta hori esanguratsua da», nabarmendu zuen. Sartu diren zortzi finalistez gain «beste hiru-lau ere bolo-bolo ibili dira guztion ahotan», Lekueren aburuz. Txapela janzteko ere faborito asko daudela aitortu zuen.

Jone Uriari karrerako azterketak etortzen zaizkio akordura, finalari buruz mintzatzerakoan. «Ikasi beharrekoa ikasita etorri naiz, etxeko lanak eginda, eta gero azterketa ondo egitea izango da kontua. Tokatzen den galderari, ondo erantzutea izango da erronka». Kontzientzia lasai eta lanerako gogoz joango da larunbatean, eta aprobatzea baino zertxobait gehiago nahi duela aitortu zuen aldez aurretik. Ondoan zuen Aitor Bizkarra pozik agertu zen finalean sartzearekin, «azken unera arte» bere burua finaletik kanpo ikusten baitzuen berak. «Gozatzen, jolasten eta ausart jokatzen» saiatuko dela aurreratu zuen. Onintza Enbeitak, berriz, inoiz ez bezala urduri heldu dela txapelketara aitortu zuen, baina «hankak lurra ukituta, daukadan onena ematen saiatuko naiz», abisatu zuen.

«Gogotsu finalean kantatzeko, kideekin egoteko gogoz», dago Miren Amuriza. Horrela aitortu zuen. «Maila aldetik nahiko parekatuta gabiltza guztiak, eta hemendik aurrera bataila psikologikoa eta emozionala izango da». Etxeko lanak eginda, gogotsu datorrela adierazi zuen Amurizak. Xabat Galletabeitia ere gogotsu ei dator, baina badauka arantzatxo bat aurreko saio batetik, eta lagunek gozaraztea du helburu. «Finalean gehiago disfrutatzea da asmoa, gurekin sufritzen duten guztiei eskaintzeko».

Udaberritik kantuan aritzearen ajearekin eta pozarekin dago Eneko Abasolo Abarkas. «Bidea luzea egin zait, urte osoa txapelketa buruan daukagula gatoz Bizkarra eta biok, baina esan behar dut urteko momenturik onenean nagoela», egin zuen aitortza iurretarrak. «Eta zapatuan hobeto egongo naiz, eta finalera dena ematera nator», esanez giroa alaitu zuen beste finalisten ondoan. Nerea Ibarzabalek berriz, «lehenengoz txapelketa labur egin zait». Oso lagun sentitzen duen taldea izanik, denen artean saio ona egingo dutela aurreratu zuen markinarrak.

 

Saio ona aipatzeko arrisku zoragarria

«Aurrerabidea egin du Bizkaian bertsogintzak, garaian garaiko berezitasunekin, bide onean dator eta bide onean doa». Argi mintzatu zen Jon Enbeita. Bizkaiko bost finaletan kantatutakoa da, eta Bizkaiko bi txapel irabazi zituen Unai Iturriagak lehenengoa eskuratu aurretik. Pozik dago, txapela nori jarriko dion ez dakien arren. «Normalean, txapelketa batetik, jendea bertsolari bati buruz berbetan irteten da saiotik, baina oraingoan arrisku bat daukagu, arrisku zoragarria, jendea Bilbao Arenatik saioa aipatuz irtetea», adierazi zuen Enbeitak. Saio on baten aurrean egoteko «arriskua» daukagula aurreratu zuen. «Pausoak ematen joan gara, eta bertsolaritzaren ekosistema hau sendotzen eta sustraitzen» joan dela aitortu zuen muxikarrak. «Lehia ondo dago, baina albokoa gainditzeko baino, norbere buruarekin izan behar du lehia bertsolariak», Enbeitaren ustean. Larunbatean jakingo dugu lehiak zer eman duen, aurretik oreka handiarekin iragartzen den saioan. P.G.