Asier AIESTARAN
Futbola

Ofizialtasunaren eskaera formala bozkatuko da gaur

Horrenbeste urtean espero izan den pausoa eman lezake gaur Euskadiko Futbol Federazioak.

Egun historikoa izan daiteke gaurkoa euskal futbolarentzat. Izan ere, Euskadiko Futbol Federazioak Durangon egingo duen batzarrean UEFAri eta FIFAri formalki erakunde horietako kide izateko eskaera egin ala ez bozkatuko da. Bilkura San Agustin kulturgunean egingo dute 18.30ean hasita, eta batzarra ia monografikoa izango da.

Eguneko ordenak hiru puntu besterik ez ditu: presidentearen hitzaldia, Batzarreko hiru kideren izendapena akta egiaztatu dezaten, eta ofizialtasunaren eskaera. Zehazki, halaxe dio hirugarren puntu garrantzitsu horrek: «Euskadiko Futbol Federakundearen nahia denez euskal futbolaren ordezkari moduan bere selekzioen nazioarteko ofizialtasuna lortzea, UEFAren eta FIFAren aurrean EFFren zuzeneko integrazioa eskatzea adosten du erabakia aurrera eraman ahal izateko».

Batzarra 125 kidek osatzen dute, bozkatzeko eskubidea dutenak, baina badirudi gaur egun 124 direla, klub bat desagertu dela-eta. Estatutuek diotenaren arabera, klubetako ordezkariek Batzarraren %70 osatzen dute (gaurkoan 87 bat pertsona lirateke boto eskubidearekin), jokalariek %15 (kasu honetan 15 bat daude deituta) eta beste %15 entrenatzaile eta epaileen artean banatzen da (lizentzien arabera aldatzen da, baina bakoitzetik 10 bat ordezkari kalkulatu daitezke).

Nola bozkatu?

Emaitza bat izan ala bestea, bozketa egitea bera jada urrats garrantzitsua izango da, euskal futbola osatzen duten agenteen ordezkaritza zabal baten iritzia benetan ezagutzeko balioko baitu –ezin ahaztu Nafarroa eta Ipar Euskal Herria faltako direla–. Zentzu horretan, aurre-eztabaida bat espero da bozketa publikoa nahi dutenen –ahoz edo eskua jasota– eta bozketa sekretua nahi dutenen artean. Berez, estatutuek argi diote bozketa sekretua hauteskunde prozesuetan bakarrik erabiliko dela.

Eta baiezkoak irabaziko balu, eskaera formala egiteak UEFA eta FIFA afera honen aurrean argi kokatzera behartuko lituzke. Erantzuna agian ez litzateke gustukoa izango, baina erakunde horien kontraesanak oso agerian utziko lituzke.