GARA
IRUÑEA

Pentsio publikoak «bermatzea» aldarrikatuko dute larunbatean

Duela hamaika hilabete, aurreneko manifestazioan, aldarrikatzen zuten eskariari eusten jarraitzen dute pentsiodunek. «Pentsio duina» lortzeko borrokan, larunbatean kalera irtengo dira. Lakuak aurrekontuetan proposatu duen pentsioen osagarria «nahikoa ez» dela nabarmendu zuten Gipuzkoako plataformek.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatuko dira pentsiodunak datorren larunbatean –hilak 15– eta horren gaineko xehetasunak emateko asmotan Iruñea eta Donostiako pentsiodunen elkarteek prentsa agerraldi bana egin zuten atzo.

Abenduaren 15ean hamaika hilabete beteko dira erretiratuak lehen aldiz manifestatu zirenetik eta atzo Iruñean nabarmendu zuten mobilizaziorik gabe ez zela lortuko KPIaren araberako igoera txertatzea, ezta iraunkortasun faktorearen aplikazioa atzeratzea ere.

LAB Pentsiodunak, Lacarra, Pentsiodunak Martxan, Sasoia, Anapen eta Anapp elkarteek egin zuten agerraldia Iruñean eta azpimarratu zuten «dagokiguna lortu arte» horretan jarraituko dutela. Dagozkien horiek ere zerrendatu zituzten, larunbatean 17.00etan Gaztelu plazatik abiatuko den manifestazioaren aldarri gisa. Besteak beste, Europako Gutun Sozialak ematen dituen aholkuak aplikatzeko eskatu zuten, badakitelako «milaka direla huskeria diren pentsioekin bizi diren erretirodun pertsonak». Aipatu Gutunean oinarrizko pentsioa 1.080 eurokoa izatea hitzartu zen eta, hori lortzeko bidean, egun, aurrerapentzat jotzen dute «denok 900 euroko oinarrizko pentsioa bermatuta izatea, gutxieneko soldata interprofesionala jarri nahi den kopuru bera».

Pentsio plan pribatuen aldeko edozein defentsaren aurka daudela berretsi zuten, honek bazterkeria handiagoa dakarrela-eta. Horregatik, hain zuzen, Donostian egin legez, pentsio publikoen defentsa sendoa egin zuten Nafarroako pentsiodunek ere eta KPIaren balio handitzea automatikoki aplika dadila exijitu zuten.

«Sumindu gaitezen»

Donostiako Nagusilan zentroan egin zuen agerraldia Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformak eta hauek, Nafarroako pentsiodunen eskari guztiekin bat egiteaz gain, emakumeen eta gizonen pentsioen arteko arrakala berdintzean ere jarri zuten arreta, «EAEn emakumeen pentsioak %41 apalagoak baitira».

«Sumindu gaitezen, konprometitu gaitezen» leloarekin itxi zuten larunbateko manifestazioa iragartzeko ekitaldia: «Erronka handi bat dugu gure aurrean, pentsio sistema publikoa bermatu eta hobetzea dago jokoan, ezinbesteko tresna baita gizarte kohesioa finkatzeko eta indartzeko».

Gipuzkoarrek Alderdi Ederretik abiatuko dute mobilizazioa 16.30ean eta bertan aldarrikatuko dute «badagoela nahikoa diru pentsioak ordaintzeko». Hauentzat ez da arazo tekniko bat desberdintasunak areagotzen joatea, baizik eta borondate politiko kontua da. Izan ere, foru ogasunen bilketaren hazkundea %8koa izan zen, aurreko urtearekin alderatuta. «Inguruko herrialdeen ondoan BPGaren 4 puntu gutxiago erabiltzen dugu pentsioetan; hau da, urtean 46.000 milioi euro», zehaztu zuten.

Aurrekontuen negoziazioaren testuingurua aprobetxatuz, plataformako bozeramaile Miguel Gortadi eta Antton Karrerak adierazi zuten ez dela nahikoa pentsio baxuetarako Lakuak proposatu duen osagarria; hau da, pentsioak 823 euroraino iritsi arteko osagarria aplikatzea 2020tik aurrera.

Bilbon, esku-argiekin

Bilbon asteleheneko mobilizazioan egin zuten larunbateko manifestaziora batu eta «kaleak betetzeko» deia. «Eusko Jaurlaritzak beldurra dio gure manifestazioari; are gehiago, hauteskundeen bezperaraino mobilizatzen jarraitzeari», adierazi zuten astelehenero Bilbon egiten duten elkarretaratzean.

Bizkaiko hiriburuan 17.00etan abiatuko da martxa Jesusen Bihotzatik eta udaletxean amaituko dute. Zapi gorriak eta linternak eramateko eskaria egin dute udaletxe parean egingo den azken ekitaldirako.

Gasteizen, bestalde, larunbateko hitzordua 18.00etan izango da Artiumen, eta martxa Florida parkean bukatuko da.