GARA
LEMOA

Lemoako Gazte Topagunea, «bereziena eta ederrena»

Apirilaren 19tik 22ra iragarria da; denbora falta da, beraz, baina abian den prestaketa ikusita, Lemoakoa «inoizko Gazte Topagune bereziena eta ederrena» izango dela esan dute Ernaik eta Aitzinak.

Lemoako San Inazio auzoan aurkeztu dute Ernaik eta Aitzinak apirilaren 19tik 22ra gauzatuko duten Gazte Topagunea. Auzolanean ari dira prestaketa lanak egiten eta, hartzen ari den itxura ikusita, ziur dira 2019koa oso berezia izango dela.

Hiru lehentasun ezarri dituzte Euskal Herri osoko gazte independentistek. Batetik, «Euskal Herriko askapen prozesuaren oinarriak» finkatzea, bide batez «gazte borrokaren 40 urteko ibilbidea» errepasatuz, eta aldi berean «egungo erronkei»&flexSpace;kasu egitea, «munduko beste prozesu iraultzaile batzuetatik irakaspenak ateraz». Nazioarteko ordezkaritzak gonbidatu dituzte dagoeneko, hango esperientzien berri izateko.

Gazteen sormenari ere tarte handia emango zaio datorren urteko Gazte Topagunean. Izan ere, «Euskal Herrian bada gazte sortzaile andana, musikatik, poesiatik, ilustrazioetatik, balio eraldatzaileak jorratzen dituztenak... Kulturgintza estuki lotua da Euskal Herriaren eraikuntzarekin eta eremu honetan ere bulkada berriak datoz». Honen barruan ez da faltako «musika eskaintza askotariko eta zabala», hemengo eta hango taldeen eskutik.

Aurkezpen bira

Azpiegiturei dagokienez, Lemoa ez da herri handia (3.500 biztanle inguru gaur egun), baina zerbitzu asko prestatuko du antolakuntzak: lo egiteko kanpalekua, furgonetak uzteko parkinga, dutxatzeko aukera... Bonuak dagoeneko salgai dira ehunka tokitan, 60 euroren truke, eta internet bidez ere har daitezke.

Horren guztiaren berri emateko aurkezpen bira moduko bat prestatu dute Ernaik eta Aitzinak, laguntzaile bereziekin eta musika emanaldiekin osatua. Horrela, gazte mugimenduko kide ohi ezagunak arituko dira hizlari: Txema Matanzas, Oier Oa, Maialen Etxeberria, Ion Telleria eta Ane Lizarralde. Eta talde hauen doinuak entzun ahalko dira: Erasoz Erantzun, Governors, Anita Parker, Eskean Kristo, Mugalari, Nau, Hesian, Akort, Arkada Social...

Hona hemen bira honetan dagoeneko jarritako hitzorduetako batzuk: Gasteiz, urtarrilaren 31; Donapaleu, otsailaren 2a; Bilbo, otsailaren 9a; Donostia, otsailaren 14a eta Iruñea, otsailaren 15a.