Andoni ARABAOLAZA
Mendia

Bi euskal jarduerak aitormenak jaso dituzte Fedme-ren sarietan

Urtero legez, Espainiako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak jarduera onenak saritu berri ditu. Drangna-Ri mendian eta Marmoladako «La cattedrale» bidean eginiko eskaladak aitortu dituzte.

Iragan astean, Errusiako Mendizale Federazioak banatutako Urrezko Pioletaren berri eman genizuen. Eta hurrengo lerrootan sari banaketa gehiagorekin jarraituko dugu; izan ere, Espainiako Mendi eta Eskalada Kirolen Federazioak ematen dituen aitormenak esku artean ditugu.

Lehenik eta behin, aurreratu behar dugu Fedme-k beste irizpide batzuk dituela. Adibidez, mendiko edo eskaladako jardueraren egileak hautagaitza aurkezten du. Bestea, epaimahai batek jarduera onenak aitortzen ditu. Eta, jakina, Fedme-n ez da urrezko piolet edo mosketoirik banatzen.

Sarituen artean, euskal alpinistek eta eskalatzaileek protagonismoa izan dute. Lehen jarduera saritua Drangna-Ri mendian zabaldutako “Bizipenak” bidea da. Hain zuzen ere, jarduera hori Europatik kanpo egindako alpinismoaren atalean kokatu behar da.

Euskal protagonismoa

Espedizio horretan lau euskal alpinistok hartu zuten parte: Iñaki Arakistain, Joseba Larrañaga, Alberto Fernandez eta Mikel Zabalza. Bi sokada ezberdinetan antolatu ziren, eta Drangna-Ri mendiaren (6.801 m) hego-mendebaldeko ertzean 2.000 metroko eta ED+ zailtasuneko marra hori sortu zuten.

Europan egindako alpinismoko jarduera onena, berriz, hiruko katalan batek Grandes Jorassesetako Japoniarren korridorean (VI, 6, 6a, A2, 1.100 m) egindako eskaladak eraman du. Igoera hori Marc Toralles, Roger Cararach eta Bru Brusomek egin zuten.

Jarduera horrekin lehian egon direnak Ander Zabalza eta Mikel Perez de Larraya dira. Ruben Sanmartinekin batera Petir Druren “Lesueur” bidea (ED3, M8+, 900 m) eskalatu zuten.

Hormatzarretako eskaladaren kategorian beste euskal protagonista bat azaltzen da: Unai Mendia. Nafarrak Jose David Lopezekin Marmoladako “La Cattedrale” bidean (A4/8a+, 800 m) eginiko eskalada saritu dute. Iker Madozek eta Mendiak berak beste hautagaitza bat aurkeztu zuten: Ordesako “Ojo critico” bidearen (8a, 350 m) lehen errepikapena.

Izotz eskalada eta drytooling kategorian, bestalde, German de la Puente eta David Lopezek aitormena jaso dute “Ritter der kokosnuss” bidea (Kandersteg, M12, Wi5, 150 m) eskalatzeagatik.

Eta, azkenik, kirol eskalada eta bloke kategorian, Ignacio Mulerok irabazi du “The Meltdown” bidearen (9a) lehen errepikapena lortzeagatik.