Idoia ERASO
BAIONA

«Euskal Herria beti!» aldarrikatu du Joseba Aurkenerenaren obrak

Euskal Herriko historia eta euskaltzaletasuna batu ditu idazleak. Bi gai horiek ikuspegi ezberdinetatik elkartu dituen liburua argitaratu du, atzokoa eta gaurkoa bihar eta «beti» zabaldu dadin.

«Anitzetan erraten da nabari dela egilea nolakoa den edo zer pentsatzen duen bere obrari begiratuta. Liburu honi dagokionez, egia dela erraten ahal dizut», baieztatu du Joseba Aurkenerenak Zortziko argitaletxearen lanaz. Izenburuak agerian uzten duen ideia argiki garatzen du egileak: «Islatzen da gehienbat euskararen eta Euskal Herriaren etengabeko borroka horretan etorkizunari begira hartzen ditudan jokoak, edo nire filosofia zein den».

Sei ataletan banatuta dago obra: kultura eta historiari buruz lehena, euskal diasporaz bigarrena, euskal mito eta mitologiaren ingurukoa hurrengoa, bidaiak gero, eta bukatzeko euskara. Azken honetan, normalean jorratzen ez diren hainbat gai ekarri nahi izan ditu: «Horietako bat irainbidea izan daiteke, sexuarekin edo animaliekin loturikoak, baita erronkarieraz egindakoak ere».

Liburuaren xedeaz idazleak hau adierazi du: «Nik uste dut Euskal Herria biharko egunean aske eta euskalduna izan dadin, gaurko euskaldunok egin behar duguna dela arlo guztietan lantzea, gure seme-alabek eta ondorengoek ukan dezaten guk ukan ez duguna».

Kazeta.eus

Aurkenerena Ipar Euskal Herriko agerkari digitaleko kolaboratzailea da, 2008. urtean sortu zenetik. Kazeta.eus-en bere gai kuttunei buruz idatzi ohi du, eta irakurleari hainbat jenderen lana eta herrien dinamikak ezagutarazten dizkio, ezaugarri duen euskaltzaletasunaren ikuspegitik beti.

Sarritan, lan handia eginda ere gizartean ezagunak ez diren pertsonak hartu ditu gaitzat: «Batez ere, kultura eta historiarekin loturikoen artean, baita diasporari buruzkoan ere». Horren bidez, gaiaren inguruan gizartean dagoen hutsunea bete nahi izan du: «Ezjakintasun handia daukagu gehienetan Ameriketan egindako gauzez, eta ezagutzen ditugunak lehen belaunaldikoenak dira, baina euskaldunak han dira, eta belaunaldi asko egin dituzte, euskara ez badakite ere, beren burua euskalduntzat jotzen dute».