Maider IANTZI
OIARTZUNGO

ELKARRI LOTUTA INDARTSUAGO, FALTA DIRENEKIN BILDU ARTEAN

BIDAIA BAT IZAN DA ETXERATEN URTEROKO BERTSO SAIOA. NEKATU GARA, ISTORIOAK KONTATU DIZKIOGU ELKARRI FURGONETAN, BIZITZA EZBERDINAK BATUZ ORDU BATZUEZ, MALKOAK ISURI DITUGU, NEGARREZKOAK ZEIN IRRIZKOAK. «EZ DITUGU NAHI EUREK AGINDU ANTZEAN/ GUTUN FORMAN EDOTA KRISTALEN ATZEAN/ BAIZIK ETA OSASUNTSU TA EUREN ETXEAN».

Bertsolariek Oiartzungo Elorsoro kiroldegian hasi ohi dute urtea, «erregeek noiz abdika/ ahalik eta ondoen zainduz hitzen errepublika». Etxeratek antolatutako jaialdia mimoz prestatua izaten da. «Orain presoak lema, Bilbo eta Baiona/ ohitura bihurtu da eta hori ez da ona», baina «indartsuago gara elkarri lotzean, Baionan eta Bilbon eta herri bakoitzean».

Oholtzan, puntako bederatzi bertsolari, horietako bat, Amaia Agirre, gai-emaile moduan. Baina fokoek, eurek adina, bildu diren ehunka entzuleak argitu dituzte, erdian dagoen jende mordoa. «Hutsak ezker-eskubi/ falta direnak gu besarkatzen ari direla dirudi».

Unai Iturriaga, Oihana Iguaran, Jon Martin, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Amets Arzallus eta Eneko Lazkozek ederki bete dute lana, eta jendea ukituta eta gustura atera da saiotik. Oiartzunek beste behin «gure hitzen oihartzunak» zabaldu ditu, «hainbat alditan esanak eta ez behar hainbat entzunak». Motxiladun umeen gutunak jaso zituzten bertsolariek hitzordura gonbidatuz, eta horiei kantatuz hasi dira, «motxilak soilik bete daitezen koadernoz eta liburuz».

Mirentxinera igo dira Jon Martin, Maialen Lujanbio eta Eneko Lazkoz. Lehena gidaria da, bigarrena alaba preso duen emakumea, eta hirugarrena aita beti kartzelan ezagutu duen gaztea. Euren arteko elkarrizketan aditu ditugu. Gidariari jada ez zaizkio barrenean sentimenduak kabitzen. Maialen hitzordua baino ordubete lehenago jada prest zegoen hiru kafe hartuta, eta gaitz erdi aurreko bost orduak lo pasa izan balitu. Eneko lagunekin parrandan atera gabe gelditu da.

Ama-alaben gutunak

Bertsoa magia egiteko gai da, eta Oihana Iguaran preso dagoen ama eta Nerea Ibarzabal 8 urteko bere alaba, 3 urte bete arte amarekin espetxean bizi izan zena; mahai banatan elkarri gutuna idazten ari direla, batak bestearen hitzak momentuan jasotzea posible egin du bertsoak. «Kaixo amatxo, zer moduz zaude?/ hemen da zure alaba/ Olentzero ta Mari Domingik gutuna jasota jada/ baina arbola azpia hutsik ta pentsatzen nabil hara/ edo ez dituzte ondo jasoten edo garestiegia da», hasi da markinarra. «Ni oso ondo gordetzen naute asko balio dedanez/ lehen elkarrekin ospatzen gendun besarkada bat emanez/ orain gutun bat bidaltzen dizut marraztuz eta esanez/ nere ondoan nahi zaitudala baina hemen barruan ez», jarraitu dio amasarrak.

Umorezko ariketa pila bat ere izan dituzte askatzeko. Andoni Egañari gai xelebrea jarri dio Amaia Agirrek, eta zarauztarrak primeran salbatu du. Benetako albiste bat irakurri dio: «Aragoiko gazte batek, harakinen semea, beganoenganako elkartasun moduan, odolkiak giza odolarekin egiten ditu». Hona hirugarren bertsoa: «Odol urdinakin egin odolki goxo beltz-beltzak/ orduan bai bete leizke hemen askoren ametsak/ igual ideiak ez ziren horren raro ta traketsak/ nere burua ezin jo harakinaren semetzat/ gure aita arotza zen jubilatu arte behintzat/ esaldi baten laburtuz absurdo gorenen ertzak/ armairuak egingo ditut atera nahi dutenentzat».

Jendeak irri ederrak egin ditu Amets Arzallus, Andoni Egaña, Unai Iturriaga eta Eneko Lazkoz erretiratuak, sekula Euskal Herritik atera gabeak, ustez ametsetako bidaia egiten irudikatzean, Mediterraneoan barna kruzero batean zorabiaturik. «Biba Imserso ta Aldundia, ospatu behar gendula guk/ baina abiatu ta ohartu naiz traje bainua ahaztu dut», aitortuz hasi da durangarra. Eta hondamena handituz joan da minutuz minutu. Batek hortzetako eskuila ekarri du hortzak etxean utzita. Besteak, pastillak uretara jaurti eta izurdeak zazpi metroko saltoak egiten jarri ditu. Igerilekua, prostata arazoekin, bi minututan hori.

Arkakusoaren besta

Maialen Lujanbioren kuadrillakoak afaltzera doaz, baina hernaniarrak nahiago du etxean goxo gelditu Errege bezperan. Bere kabalgata propioa izan du, ordea, ustekabeko ohekide bat tarteko. Grano gorriz beteta esnatu eta Amets Arzallus ikusi du, luze eta zabal etzanda dagoen arkakusoa. «Hartu baietz azkazal ta azkazal artera/ klask eta odol tanta bihurtuko zera», mehatxuari, hala erantzun dio hendaiarrak: «Nahiz bihurtuko nauzun ni difuntu xume/ gauean egin ditut hamazazpi ume».

Supermerkatu aitzineko eszena ere mundiala izan da. Nerea Ibarzabal patinetearekin, Jon Martin gitarra kutre batekin diru eske, Maialen Lujanbio txakurtxo batekin poltsan, eta Oihana Iguaran, beste señora bat, erosketa karroarekin. Denek espaloi berean egin dute tupust. «A ze ero kuadrilla dendatik irtenda/ Maialenen poltsoan txiuaua bat benga/ ordun nere karroan mastin bat sartzen da», ekin dio Oihanak. Arkakusoak ere konpartitzen dituela kantatu du Maialenek, belar dendara bidean, txakurra beganoa baita.

“Aginaldo” eta guzti amaitu da bertso jaialdia. Lujanbiok osatu du: Iturriaga ardo beltza da, «elegante fina/ egoskorrez ja koñak egina»; Iguaran, «anis botila da, amonen kuttuna»; Egaña, «euskal txerria, zer jan hura izan»; eta Ibarzabal Markinako kanutiloa, Egañak bere izena entzun bezain pronto erre duena.

Urteberriko erronka, falta direnekin biltzea.