Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Patagoniako Bifida orratzean «Triple directa» bidea sortu dute

Joan den abenduaren 5ean, Oriol Baro, Pira eta Jonatan Larrañagak Cerro Torreko mendi multzoan dagoen erpineko hego tontorrean 850 metroko marra (6c/A1) zabaldu zuten; horietako 450 berriak dira. Eskalada burutzeko 18 ordu behar izan zituzten.

Patagoniako ohiko denboraldiaren lehen berriak iritsi dira dagoeneko. Eta jarduera interesgarri asko egin ez badira ere, horietako baten protagonista euskal alpinista bat dugu: Jonatan Larrañaga. Bada, Oriol Baro katalanarekin eta Pira argentinarrarekin batera, bizkaitarrak, Bifida izeneko orratzaren (Cerro Torre mendilerroa) ekialdeko aurpegian, “Triple Directa” bidea (6c/A1, 850 m) zabaldu du. Hain zuzen ere, orratzaren hego gailurrean. Bigarren ekinaldian izan da; eta, berez, sortutako marra horren 850 metroetatik 450 berriak dira: «Ez du zailtasun azpimarragarririk, baina eskalatu ditugun luzeak kalitatezkoak dira. Eta gehitu nahiko nuke artesi zein plaka onak dituela. Hitz gutxitan esanda, bisita gutxi jasotzen duen hormatzar batean eskalada alpino dotorea egin dugu. Eta, gainera, neurri handiko horma bat dela kontuan hartuta, uste dugu denbora ona markatu dugula».

Horiek guztiak dira joan den abenduaren 5ean, hemezortzi orduko jardunaren ostean, hirukote horrek sortutako marraren ezaugarri nagusiak. Denboraldi berriaren hasieran jardun duten eskalatzaile guztiek bezala, lerrootako protagonistek ere eguraldi berezia izan dute aurrez aurre. Horrekin esan nahi dugu hainbat anomalia izan direla, besteak beste, bero egin du eta pareten baldintzak oso lehorrak izan dira. Larrañagak gauza bera azpimarratu nahi izan digu: «Denera, Chaltenen lau aste egin genituen, eta, aipatu dituzun baldintza horiek ikusita, arrokan eskalatzea erabaki genuen. Jakin bagenekien Bifidan egin behar genuen eskaladan pioleta erabiliko genuela, baina, oro har, arrokan eskalatu dugu».

Hilabete bat iraun duen bidaian bide berri bat sortzeko aukera izan bazuten ere, aurreratu behar dugu Barok eta Larrañagak beste eskalada bat egiteko beta ere izan zutela: «Azaroaren azken egunean, Torre harana igo eta Nunatak izeneko bibakera heldu ginen. Hurbilketa bidea ez zen batere erosoa izan, glaziarra atzera egiten ari baita eta egoera arriskutsuan baitago. Zortzi orduko ibilaldi gogorra izan zen. Aurreikusitako gure lehen xedea zeharkaldi bat zen: Herron erpinean hasi eta Egger Dorrean amaitu ‘Spigolo di Bimbi’ bidetik. Zoritxarrez, gau osoan haizeteak ez ziren baretu eta irteera atzeratu behar izan genuen. Mendilerro honetan B eta C planak oso zehatzak izan behar dira; izan ere, eguraldiaren iragarpenek egin behar duzun jarduera erabat baldintzatzen dute».

Aurrera edo atzera egin, ohiko zalantza. Baina Barok ezaguna zuen orratz hori, urte batzuk lehenago ipar gailurra eskalatu zuelako; hain zuzen ere, marra berri batetik. Egoera aztertu ondoren, sokadak “Cogan” bidean (6c, A1, 850 m) sartzea erabaki zuen: «Hego paretaren izkin batean dagoen mistoko aldaera batetik abiatu ginen. 500 metro eskalatu ondoren, haizeteek atzera egitera behartu gintuzten. Hamar rappel egin eta gero, glaziarrera heldu ginen. Rappel horiek egiten ari ginela, pareta beste perspektiba batekin ikusi eta ohartu ginen balizko marra berri bat eskalatzeko aukera izango genuela. Interesgarria eta zuzena, hots, guk atsegin ditugun marrak bezalakoa».

Saio hori egin eta gero, protagonistok Chaltenera atseden hartzera itzuli ziren. Bi egun soilik; izan ere, eguraldi iragarpenak eskaintzen dituen Windy aplikazioak leiho on txiki bat iragarri zien. Bi egunekoa. Ordurako, Larrañagak esan digun bezala, esku artean zuten xedea oso argi zuten: «Ibilbidea ezagutzen genuenez, arazorik gabe Nunatak bibakera iritsi ginen. Jarduera berri honetarako Pira izeneko lagun on bat batu zitzaigun. Mendilerro honetan helburua zein zen kontua hartuta, hirugarren sokakide bat taldera batzea erabaki ona zen, besteak beste, pisua banatzea eta bizkar-zakuak arintzea denei gustatzen zaigulako. Alabaina, arindu bai, baina norberak 20 kiloko motxila garraiatu behar izan zuen. Zazpi ordu ibili eta gero, bibakean ginen».

450 metro berri

Abenduaren 5ean, bide berria sortzeko lehen urratsak egin zituzten. Iratzargailuak goizeko hiruretan jo eta ordubete eskasera puskatuta zegoen glaziarra zeharkatzen ari ziren: «Glaziar hori txiki da, baina arrakalek sortzen dituzten zulo erraldoietan ez erortzeko tentu handiz ibili behar da. Marrari ‘Triple directa’ deitu diogu, besteak beste, 450 metro berriekin hiru bide lotzen dituelako. Lehen metroak ‘The Shiren’-etik egin genituen, hots, paretaren eskuinaldean den bide horretatik. Marra horretan hiru luze eskalatu eta diedro oso eder batzuen oinarrira heldu ginen».

Hain justu, puntu horretan hasten dira hirukoteak irekitako marra berriaren lehen metroak. Denera, 450 metro diedro eta plaka ederretatik: «Arrokaren kalitatea bikaina da. Zailtasuna ez da muturrekoa, eta horri esker 60 metroko luzeak egin genituen. Gure erritmo oso ona izan zen, eta ‘Cogan’ marraren amaierako elurtegira azkar iritsi ginen. Elurtegi horrekin beldur ginen; izan ere, bezperan bero egin zuen eta luzeren bat edo beste erabat bustita topatzea normala izango zen. Baina azkar eskalatzen ari ginenez, elurtegi horrek ura isuri baino lehen zeharkatu genuen. Gailurrerako bidea ‘Cogan’-etik egin genuen. Eskalatutako luze horiek oso onak izan ziren, eta, gainera, gogor borrokatu behar izan genuen. Luze horietako batzuek izotza zuten eta beste batzuk bustita zeuden. Denera, hego gailurrera eraman gintuzten 60 metroko hamabost luze eskalatu genituen».

Aurreko saioan ez bezala, azken horretan haizeteekin zortea izan zuten. Eta horri esker, hein handi batean bederen, “saria” etxera ekartzeko aukera izan zuten. Mendilerro horren erpin guztiek bezala, Bifidak ere ikuspegi ederrak zein dotoreak eskaintzen ditu, eta ,horiez gozatu ondoren, jaitsierari ekin zioten: «Jaitsiera nahiko mamitsua izan zen, rappel batzuk fisureroetatik, iltzeetatik eta arroka blokeetatik egin baikenituen. Zorionez, Oriolek horrelako gauzetarako duen ‘usaimenari’ esker, oso azkar jaitsi ginen. Laburbilduz, Bifidan izan dugun eskarmentua ederra izan da oso. Gainera, uste dugu orratz eder horren laugarren igoera izan daitekeela. Dagoeneko, Oriolek Bifidan bi jarduera azpimarragarri egin ditu: 2008. urtean ipar gailurrera eramaten duen ‘Luthi-Bresbare’ bidearen aldaera bat eta joan den abenduan sortutako ‘Triple directa’. Azken horrek hego tontorrera darama».