GARA
BIlbo

Datuen analisia eta zibersegurtasuna, MUren eskaintza berrien artean

Mondragon Unibertsitateak 2019-2020 ikasturtean 11 titulazio berri eskainiko ditu, graduak nahiz graduondoak. Horietako bat Business Data Analytics da, datuen analisian espezializatutako gradua.

Gizartearen digitalizazioak eta 4.0 industria iraultzak eragindako beharrei erantzuteko ondutako eskaintza akademiko berria aurkeztu zuen atzo Mondragon Unibertsitateak Bilbon. Lau fakultatek izango dituzte gradu eta graduondo berriak: Enpresagintza Fakultateak, Goi Eskola Politeknikoak, Gastronomia Zientzien Fakultateak eta Humanitate eta Hezkuntza Fakultateak.

Vicente Atxa errektoreak azaldu zuenez, «merkatuan eta hezkuntza arloan antzeman ditugun beharrizanei erantzungo dien eskaintza akademikoa taxutu dugu». Horrela, Business Data Analytics gradua aurkeztu zuten, datuak ateratzen eta aztertzen espezializatutako gradua. Aitzindaria da EAEn, eta Bilboko Enpresagintza fakultatean jarriko da abian datorren urtean. Gradu duala izango da, baina ikasleak enpresetara joan beharrean, enpresek hartuko dute parte graduan, ikaskuntza sisteman bertan.

Negozioaren benetako erronkak planteatuko zaizkie ikasleei; hala, datuak biltzeko eta biltegiratzeko prozesuak ulertu eta ondoren aztertzeko, bistaratzeko eta emaitzetan oinarritutako erabakiak hartzeko prestatuko ditu ikasleak.

Goi Eskola Politeknikoan, berebat, Datuen Analisia, Zibersegurtasuna, eta Garapena eta Eragiketak masterra eskainiko du MUk, enpresen eraldaketa digitalaren garapenari begira. Eraldaketa hori ahalbidetuko duten azpiegiturak diseinatu eta kudeatzeaz gain, datuak prozesatzen dituzten makinak erasoetatik babesteko ezagutzak eskainiko dira gradu honetan.

Bestalde, Robotika eta Kontrol Sistemak masterra izango da fakultate berean, industria prozesuak eta robotak automatizatzeko, kontrolatzeko, mantentzeko eta adimenez hornitzeko jakintzak esleitzea helburu.

Gainerako tituluak

Orotara, 31 (16 gradu eta 15 graduondoko) titulazio eskainiko du MUk 2019-2020 ikasturtean. Aipatutakoez gain, besteak beste, Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza gradua, Ikaskuntza Errazten eta Berrikuntzan nasterra, Food & Beverage zuzendaritza masterra eta Jangelako Zuzendaritza aditu ikastaroa gehituko dira unibertsitatearen eskaintza akademikora. Era berean, modalitate dualeko 7 titulu berri eskainiko ditu.

MUk Bilbon finkatu asmo du, eta 5 titulu gehiago eskainiko dira bertan. Hasiera batean, Bilboko titulu berriak Bilbao Berrikuntza Faktorian emango dira.