GARA
DONOSTIA

Etxebizitzaren arazoa konpontzeko neurriak proposatu ditu EH Bilduk

Donostiako EH Bilduk etxebizitzaren arazoari irtenbidea emateko hamar neurri biltzen dituen proposamena prestatu du. Aldizkari batean jaso du eta etxez etxe banatzen ari da hirian, 80.000 buzoitan. Gero, jendeak ekarpenak egiteko solasaldiak antolatuko ditu.

Hamar neurri «guztiz egingarri» aurkeztu ditu EH Bilduk donostiarren arazo garrantzitsuenetako bat, etxebizitzaren auzia, konpontzeko bidean ekarpena egiteko, jakinik neurri isolatuek ez dutela ezer konponduko eta hiriak behar duena «soluzio integral bat» dela: «Etxebizitza eskubidea bermatzera bideratutako politika berri bat». Rikardo Burutaran bozeramaileak eman zituen atzo xehetasunak.

Alokairu publikoak ugaritzea da proposatutako neurri bat, eta Udalaren aurrekontuaren %5 «pixkanaka-pixkanaka alokairuko parke handi bat osatzera zuzentzea», bai lurrak edo eraikinak erosiz, bai eta egoera txarrean dauden etxeak birgaituz ere.

Beste neurri bat bi urtez hutsik dauden etxebizitza guztiak alokairu pribatuaren merkatura ateratzea da. Promozio berrien erdiak etxebizitza babestuetara bideratzea defendatzen du EH Bilduk (gaur egun, legez, gutxienekoa %40 da).

Unibertsitateko ikasleak

Pisu turistikoei dagokienez, «lehenbiziko solairuko araura» itzultzea planteatzen dute, eta legez kanpoko etxeak edo klandestinoak bizitzeko alokairura bideratzea. Unibertsitate ikasleei begira programa berezi bat ezartzea proposatzen dute.

Herritarrekin landutako etxe berrien promozioei lehentasuna ematea da beste neurri bat, «Loiolako Lorategi Hirian edo Urumearen ibarrean egin den bezala». Babestutako etxeen eskaintza familia eredu berriei egokitzea ere ez du ahanzten koalizio subiranistak: guraso bakarrekoei, bananduei edo larrialdi sozialean daudenei.

Burutaranek kritikatu duenez, alokairu prezioaren etengabeko gorakadak markatu du Eneko Goia eta Ernesto Gascoren legealdia (%34 igo da; 80 metro koadroko etxe batek 1.248 euroko alokairua du). Salmenten prezioa «burbuila inmobiliarioaren» garaiko erritmoan igotzen ari da eta 4.363 euro balio du metro koadroak. «Baina Udal Gobernuak ez du etxebizitza eskubidea bermatzeko neurririk hartu».