Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gure Ahotsak, musikari emeak ikusgai bihurtzeko zutoin berria

Martxoaren 8ari begira sortutako ekimen berria da Gure Ahotsak. Urteroko zita izateko asmoarekin jaio den kontzertu honek emakumezko musikariak ikusgarri egitea du helburu eta, lehen saioan, Sara Mansilla, Olatz Salvador, Izaro eta Elena Setien ariko dira.

Iazko Martxoaren 8ak mugarri berria ezarri zuen emakumeen ahalduntzean eta, aurtengoari begira, jada hasi dira ekimen berriak iragartzen. Donostia Kulturak atondu duten proposamen berria da horietako bat: Gure Ahotsak izenpean, emakume musikariak igoko dira Victoria Eugenia antzokiko oholtzara emakumeen nazioarteko egunaren bezperan, martxoaren 7an.

«Kulturak janzten gaitu gizartean presenteago egoteko eta hori da gu egiten saiatzen garena», azaldu zuen Udaleko kultur zinegotzi Jon Insaustik, eta Gure Ahotsak urteroko zita izateko jaio den ekimena dela ere aipatu zuen. Hala, lehen saioan «harrobiko lau musikari» igoko dira Victoria Eugenia antzokiko oholtzara: Izaro, Elena Setien, Sara Mansilla eta Olatz Salvador.

«Halako ekitaldi batean parte hartzea ez nuen espero», aitortu zuen Mansillak, eta musikagintzan gizonezkoek duten nagusitasuna izan zuen hizpide. Baita Izarok ere: «Aberasgarria izango da pertsonalki guretzat, eta baita laurak eszenatoki gainean egonda kontzertu txukun bat egiteko gai garela berresteko ere, baina ahaztu gabe honaino iristeko aurretik egin behar izan dugun bidea».

Salvadorrek eta Setienek Victoria Eugenia antzokiak sortzen dien lilura izan zuten hizpide eta, bigarrenak, emakumezkoen ahotsak nabarmentzeaz gainera ekimena sektoreko gainerako emakumeengana ere zabal dadila proposatu zuen: «Gure Ahotsak izan zitezkeen beste instrumentu batzuk ere, ez bakarrik emakumezkoen ahotsak», nabarmendu zuen. Zentzu horretan, kazetarien galderei erantzunez, Insaustik ez zuen argitzerik izan ikuskizunean parte hartuko duten gainerako musikari eta teknikarien kasuan generoa aintzat hartu den edo ez.

Gure Ahotsak kontzertua, esan bezala, martxoaren 7an eskainiko dute Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta sarrerak salgai daude jada, ohiko bideetatik eta 18 euroren truke.