Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Historia

Itsas infanteriako sei soldadu, Ameriketako Estatu Batuetako bandera Suribatxi mendi puntan altxatzen, Iwo Jima batailaren erdian. Joe Rosenthalek atera zuen argazkia, 1945eko otsailaren 23an. Estatubatuarrentzat, Bigarren Mundu Gerran beren herrialdeak egindako ekintza gogoangarrien froga eta adierazgarri da irudia. Baina bada beste irakurketa bat ere: AEBen jarrera inperialistaren adibidetzat jotzen da irudi hori bera. Rosenthalen argazkia oinarri hartuta, “historia egitera doaz” lelopean aurkeztu du ETBk “El Conquistador” telebista saioko denboraldi berria. Oraingo honetan Ozeano Barea da “konkistatu” beharreko eremua, Panama abiapuntu hartuta. Ukitu nostalgikoa badu programak, De la Quadra Salcedok aurkezten zuen Ruta Quetzal –Hego Amerikako herrialdeen konkista lankidetzaren eta kultur trukaketaren ikuspuntu baikorretik saldu nahi zuen saioa– hura bezala. Ezezaguna dena (berriro ere) konkistatzeko desira dago bien atzean, gure arbasoek garai batean egin zuten bezala. ETBko saioan, ordea, konkista ez da jakintzaren izenean burutzen/arrazoitzen; indarra du gidari. Konkista hutsa da, beraz, mozorrorik gabe.

Hego Amerika, Afrika, eta Asiaren esplotaziotik onuradun atera garenoi bakarrik bururatuko litzaiguke halako saiorik egitea. Lehen munduko herritar izatearen pribilegioak eta bizimodu erosoak aspertuta, lurralde “exotiko” eta “basati” batean bilatu behar dugu abentura pixka bat, arriskuan bizitzea zer den probatzeko nahikoa, baina bizitza benetan arriskuan jarri gabe.