Maider IANTZI
PENTSIODUNAK PROTESTAN HASI ZIRENETIK URTEBETERA

Kalean jarraituko dute, eurengatik eta gazteengatik

«Aleluia» eta «No nos moverán» kantari eta topa eginez ospatu dituzte pentsiodunek Donostian urtebeteko mobilizazioekin eskuratu dituzten «hobekuntza txikiak». Oraindik «oso urrun» daude beren eskubideak betetzetik eta kalean segituko dute, «bertan lortzen direlako gauzak».

Kantari, giro ederrean daude Donostiako Bulebarreko kiosko inguruan bildutako pentsiodunak. Ikurrinak, bandera more bat eta hamaika lelo txalekoetan idatziak. «Bizitza lanean, orain miserian», dio batek. «No más ladrones que nos roben las pensiones», bertzeak. Borobilean jarrita daude, «indartsu», lortutakoarekin harro eta borrokan segitzeko determinazio osoz, besteak beste 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren araberako igoera iraunkorra eskuratu arte. Hori dio pankartaren leloak.

Kantu paperak banatu eta gustura aritu dira “Aleluia” eta “No nos moverán” erranez, albistea jasotzera joandako kazetariak ere abesten jarriz. Kontent daude eta sentimendu hori transmititzen dute, nahiz eta Maritxu Serrano, Alberto Rodriguez eta Lander Laborde bozeramaileek adierazi bezala, urtebeteko etengabeko mobilizazioek ekarritako «lorpen txikiak» oraindik «oso urruti» dauden eskubideak betetzetik.

Urte bat betetzen da gaur, urtarrilaren 15ean, Hego Euskal Herriko erretiratuak pentsio publiko duinen alde kalera atera zirenetik. Eta hantxe jarraitzen dute, astelehenero-astelehenero herriko plazetan elkarretaratzeak eginez, baita eskualde eta herrialde mailako manifestazioak ere. Larunbat honetan izanen da hurrengoa, Bilbon. Hiri hori sinbolo bihurtu da bertako pentsiodunen borrokaren irudi deigarri eta indartsuengatik, baina Kontxi eta Mila Donostiako eta Hernaniko lagunek azpimarratu dutenez, Bilbotik harago «herri askotan eta askotan ari da jendea biltzen: aipatutako bietan, Tolosan, Zarautzen, Irunen, Errenterian... Gipuzkoan, mugimendua ez dago zentralizatua».

Indartsu eta haserre

Mahai batean pastak eta ardo goxoa jarri dituzte egindako urratsak ospatzeko. «Ez dugu eskuratu nahi genuena, baina balorazioa ona da. Giroa mugitzea lortu dugu, eta gaia alderdi politikoen agendan egotea», erran diote GARAri Mila eta Kontxik. Alderdiak jarrera bat hartu beharrean dira orain, baita gobernuak ere, Iruñea, Gasteiz eta Madrilekoa.

Pentsioak, orokorrean, 2018an %1,7 eta 2019an %1,6 igotzea lortu dute; gutxieneko pentsioak %3 goititzea; alargunen pentsioaren kalkulua %55 igotzea iaz eta aurten, %60; eta jasangarritasun faktorearen aplikazioa 2023ra arte atzeratzea. «Baina ez da nahikoa, ezta gutxiago ere». Eta lanean jarraituko dute jasangarritasun faktorea behin betiko ezabatzeko, 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak bezala. Kalitatezko zerbitzu publikoak eskuratzea ere funtsezkoa da eurentzat, eta genero arrakala desagertzea.

«Emakumeak pobreago gara bizitzako etapa honetan ere», baieztatu dute Mila eta Kontxik. «Gure belaunaldiko emakumeek Francoren garaia bizi izan genuen eta askok etxean geratu behar izan genuen lanean. Handik dator gaurko arrakala». Bata alarguna da eta bere kasuan ez baina bertze alargunekin solasean «miseria» dagoela ohartzen da. Bestea jubilatua dago eta bera ere «duin» bizi da, 1.080 eurotik gorako diru sarrerekin, baina berarentzat inportanteena «elkartasuna» da. «Asko daude gutxienekora iristen ez direnak eta eurengatik borrokatzen gara. Herri honetan elkartasuna asko landu dugu eta hori nabari da». Horretan bat datoz biak.

«Oso indartsu» sentitzen dira eta «malaostia» ateratzen dute «emakume bezala eta gazteen alde ere» kalean jarraituko duten lagun hauek, beti txalekoa janzteko prest eta ekitaldia bukatzean kendu nahi izan gabe.