Musikaria

Musika organikoa

Musika ulertzeko modu asko daude. Batzuentzat artea, besteentzat lana, askotan komertzio, beste batzuetan industria. Sormena ala teknika zer da garrantzitsuen? Entzulea limurtzea ala aztoratzea? Jendeak zer nahi ote du? Hamaika galdera eta erantzunak zientoka, musikari adina gutxienez. Ez dakit Lajak zer pentsatuko zukeen guzti horretaz. Baina, askotan gutxietsi egin den musika ulertzeko modu “organiko” bat etortzen zait burura. Naturala, inguruarekin erabat uztartua, non zaila den artistaren eta entzulearen arteko mugak zehaztea. Teknikan baino gehiago, gustuan oinarritutakoa, ahoz aho transmititutakoa… larrekoa nolabait azaltzeko (Tapiak dixit).

Onerako eta txarrerako, noski, esango du batek baino gehiagok. Eta halaxe da, letra txikiz idatzitako istorioak izan ohi dira horrelakoetan agertzen direnak. Ez dira musikaren historia liburuetan agertzen diren artistak, joerak, musikak. Eta, ez uste, hau ez da nostalgia ariketa bat, nahiz eta faltan sumatu musikari izateko modu horren adierazpide gehiago. Musikaria bera zentroa ez zenekoa.

Errazetik jotzeko tentazioan erori gabe, alde batean sormena eta bestean otordua kokatu gabe. Panegiriko negartirik gabe. Gehiegikeria oportunistarik gabe. Baina gogoratuz, geuk ere badugula gure Missisipiko delta (Urolako bailaran hain zuzen ere), eta bertan bazirela gure Big Bill Bronzy, Elmore James eta Mudy Watersak, eta haien ekarpenak ezinbestekoak izan direla gure herri musikaren bilakaera ulertzeko. Hala aitortu behar diegu.