ENARGIA, IPAR EUSKAL HERRIA ARGINDAR BERRIZTAGARRIZ HORNITZEKO PREST
Burujabetasun energetikoa berreskuratzea xede duen ekimen berria da Enargia, argindarra eskaintzeko sortua. Udaberrian hasiko da banatzen hiru bereizgarri izango dituen elektrizitatea: berriztagarria, lekuan ekoitzia eta kooperatibak merkaturatutakoa.
Duela lau urte argindarra ekoizteko sortutako I-Ener sozietatearen filosofia bera du oinarri eratu berri den Enargia-k; hots, Ipar Euskal Herriko eremuan burujabetasun energetikoa eskuratzeko bidean, ezinbesteko jotzen duten trantsizio energetikoan urrats sendoak egitea. Enargiak, ordea, beste esparruari helduko dio: argindar hornikuntzari.
Udazkenean hasi ziren merkatuaren azterketa egiten eta igurikitako emaitzak azkar batean egia bihurtu dira; izan ere, gutxienez 100 euroko ekarpena egin duten ia 350 bazkideri esker bidea hasteko behar zuten 250.000 euroko kapitala bildu dute. «Irailean egindako aurre-azterketan potentziala zegoela egiaztatu genuen. Jende askok proiektua sostengatuko zuela hitzeman zigun eta hainbat lantegik ere beren prestasuna azaldu ziguten», adierazi du Patxi Bergara Enargiako arduradunak.
Sosena ez da, haatik, arazo bakarra. Teknikoki eta administratiboki zenbait baldintza ere bete behar dira argindar hornitzailea izateko. Maila teknikoan, adibidez, eskaeraren eta ekoizpenaren arteko kontsumo-oreka atxikitzeko gai direla bermatzeko profesionalekin kidetu dira. Une honetan Ekologia eta Energia Ministerioaren baimenaren zain daude jarduerari ekiteko. Gehienez ere, bi hilabete barru eskuratuko dutela uste dute.
Hidroelektrikoa
Halaber, elektrizitatea %100 era berriztagarrian ekoizten duen enpresa batekin hitzarmena sinatu dute, Biarnoko Energie d’ici-rekin, argindar hidroelektrikoa sortzen duenarekin, hain zuzen ere. «Elektrizitatea ekoizten duten enpresa asko daude. Guk hautatu duguna Greenpeace-k Estatuan hobesten dituen hiru ekoizleen artean dago, I-Elec eta Eurocoopekin batera, eta Euskal Herritik gertu dago», argitu du Bergarak.
Beren proiektu globalaren osagarri den heinean, I-Enerrek egun dituen 15 instalazio fotovoltaikotik eratorritakoa ere baliatzeko asmoa dute, jakina. «Momentuz, I-Enerrek ekoizpen txikia du eta gehiena EDFri saltzen dio prezio hobetuan, hau da, erosteko betebeharraren irizpidean. Orain arte soilik EDFk izan du ahalmen hori, baina alor horretan ere liberalizazioa izan da eta, seguru asko, 2020tik goiti Enargiak ere baimen hori izango du. Orduan I-Enerreko ekoizpena erabili ahal izango du bere bezeroak hornitzeko», azaldu du Bergarak.
Produkzio hori handitzeko xedea dutela gaineratu du. Egun panel fotovoltaikoen bitartez lortzen da, batez ere, eraikin publiko eta handietako teilatu gainean ezarritako 15 instalazioren bitartez. Fotovoltaikoaren bidea garatzeko ahaleginean, ez dute baztertzen lur-eremuak erabiltzea, –«betiere, lehendik erabiliak izan diren lurrak, jada kutsadura jasan dutenak alegia, eta inolaz ere laborantzakoak edota erabili gabekoak»– ezta beste mota bateko teknologiak ere; esaterako, metanizazioa.
Bazkide edota bezero
Enargiaren aurreikuspenen zerrendan dute ere hiru urte barru 5.000 bat bezero izatea. “Bazkide” eta “argindar erosle”-en arteko ñabardura baden arren –bezeroek ez dute zertan bazkide izan eta alderantziz– horietako bat bilakatzeko bidea arras erraza da. Beren webgunera (www.enargia.eus) jotzea aski da bakoitzari dagokion inprimakia betetzeko. Bezero izatea aukeratzen duenak, gainera, ez du horniduran inolako etenik izango eta beharrezko tramite guztiak Enargiak egingo ditu. Kontsumo eta fakturazioen nondik norakoak ere edozein unetan eta modu gardenean izateko aukera izanen du bezeroen gunean.
Norbanakoez harago, dagoeneko enpresa batzuek Enargiatik hornituko direla hitzeman diete (Herrikoa, Zokoa, Collectivités Service, Alkar, Alki, Sugarai...). Oraingoz jorratu ez duten beste esparrua lekuko erakunde eta herriko etxeena da: «Hor ere potentzial handia dago eta gu hornikuntza segurtatzeko prest gaude», nabarmendu du Enargiako buruak.
Elektrizitatea nola merkaturatu aztertzen aritu direnean, beste esperientzietatik ikasi dute. Harremanetan izan dira estatuan Eurocoopekin, bai eta Goiener hornitzaile gipuzkoarrarekin ere. Bi estatutan izaki, baldintza juridiko-administratiboak desberdinak dira, baina antzeko estatusaren alde egin dute enpresa eratzeko garaian. «SCIC [interes kolektiboko kooperatiba] izatea hautatu dugu; horrela oinarrizko lehengaia denaren hornikuntza egokia eskaintzea lehenetsiko da, ez kapitala handitzeko diru-ekarpenak bilatzea edota kosta ahala kosta etekinak erdiestea».
Enargiaren egoitza soziala Azkainen kokatua da eta, egun, bi langile ditu, baina urte amaierarako beste hiru lanpostu sortuko dituzte. Izan ere, elektrizitatearen mendekotasuna gero eta handiagoa den arren, bistakoa da Enargiak bestelako eredu energetikoaren aldeko erronkari argiki eta argitasunez aurre egiteko kemenik ez duela falta.