Surflari ernegatua

Surfa eta musika

Oahuko kostaldea inspirazio iturri izan da musika talde askorentzat. Kalifornia Behereko institutuetan sortu zen The Chantays taldeak, adibidez, 1962an disko bat kaleratu zuen, “Move it” izenekoa, eta B aldean arrakasta handia izan zuen abesti bat argitaratu zuten, “Liberty's Whip”. Bruce Brown surflariaren Pipelineko irudi batzuk ikusi ostean, abestiari izena aldatu eta “Pipeline” izena jarri zioten. Izena aldatzeari esker 1963ko AEBetako kantu arrakastatsuenen zerrendan laugarren postua lortu zuen. Abesti honen bertsioa musikari askok egin dute, gurean, Anestesia taldeak, esaterako.

Zarauzko taldeak 1991. urtean “Toki berean” singlea atera zuenean “Pipeline” kantaren bertsioa zuen B aldean. Ez nekien abesti hura bertsio bat zela, baina izenburuak nigan harridura sortu zuen, garai hartan surflariekin lotzen zen musika ez baitzen inondik inora Anestesiak egiten zuena bezalakoa. Edonola ere, maitatu nuen, eta abesti horrekin inoiz egin den bertsio onena dela uste dut. Lastima kantu hura jotzeari aspaldi utzi ziotela.

Oroitzen dut nola 1980ko hamarkadan surf txapelketetan beti antzeko musika jartzen zen; Iggy Pop, Police, The Cult eta antzekoak. Gero, 90ko urteetan hardcore melodikoa jarri zen modan eta egun edozer gauza entzun daiteke, baina ez dago surfari lotu dakiokeen musika estilo zehatzik.

Agian, gertatu dena da sasoi batean surflari gutxi zegoenez guztiak oso antzekoak zirela, komunitatea homogeneoa zela. Gaur egun, aldiz, komunitate horretan denetariko jendea topa daiteke, surfa, beste edozein kirol bezala, edonork egin dezakeen zerbait baita. Egungo surflariak ez du ezaugarri zehatzik.

Bonok, U2ko abeslariak, behin esan zuen musikak mundua alda dezakeela, pertsonak aldatzeko gai delako. Surflarien kasuan ez dut uste hala denik, komunitatea hainbeste handitu den heinean aniztasuna gailendu baita; beraz, pertsona adina gustu musikal izango dira, baina bada gauza bat errepikatzen dena: surflariok, uretan gaudenean, olatuen zain, arraun egiten zein ur azpian bueltaka, abesti baten doinua izaten dugu buruan. Sarri, abesti txatxu bat izaten da, batere maite ez duzuna edo goizean irratian entzun duguna, baina buruan sartzen da eta haren erritmora mugitzen gara taula gainean gauden bitartean. Musika emozioz, sentimenduz eta pasioz aztoratutako itsaso bat da, misterio eta abenturazko haize batek orraztua. Beraz, badu antz pixka bat surfarekin.