Nagore BELASTEGI
TOLOSA
Entrevista
ASIER GARAGARZA
ARGAZKILARIA

«Inoiz ez ditut argazkiak prestatzen, momentuen ehiztari bat naiz»

Donostian jaioa, Tolosan bizi da. Txikitan osabak argazkiak nola errebelatzen zituen ikusi zuen maiz, eta berari ere argazkilaritzaren grina piztu zitzaion. Ezkutuka kentzen zion kamera osabari, bere lehen kamera oparitu zioten arte. Zaletasun horri esker, espainiar Argazkilaritza Sari Nazionala irabazi du.

Uneko Estatuko argazkilaririk onena da, baina ez da argazkilaritzaz bizi. Asier Garagarzak espainiar Sari Nazionalera aurkezteko proposamenari baiezkoa ematea erabaki zuenean 15 egun zituzten argitaragabeko hamar argazki egiteko. Lanean jaiegunak hartu behar izan zituen Landetara bidaia egiteko.

2018ko Argazkilaritza Sari Nazionala jaso duzu. Zer suposatzen du zuretzat aitortza horrek?

Sari Nazionala garrantzi handiko saria da niretzat. Egia bihurtutako ametsa izan da. Oso maila altua dago lehiaketa horretan. Federazio bakoitzak bere argazkilaririk onena aurkezten du. Euskal Federazioak Argizaiola saria irabazi duena aurkeztu ohi du, eta 2017an nik irabazi nuen.

Federazioak aurkezteko proposamena egin zidanean lau egunetan pentsatzen jardun nintzen, eta azkenean erabaki nuen baiezkoa ematea, ez nuelako galtzeko ezer. Niretzat garrantzitsua da argazkigintzaz disfrutatzea eta lagunekin ondo pasatzea.

Nolakoak izaten dira sari hori irabazi ohi duten argazkiak?

Denetik egoten da. Finalerdian izan ginen Jose Benito Ruiz, natura argazkilari oso ospetsua; Juan Luis Duran Guiñot eta Katy Gomez Catalina, bidaia argazkilariak biak; eta Nour Eddine El Goumari, Ceutakoa baina aspaldian Londresen bizi dena eta zineman aritzen dena. Oso maila altua egon ohi da eta ez nuen espero hain gora iristea.

Parte hartzeko argitaragabeko hamar argazkiko saila aurkeztu behar da. Epaimahaia hainbat herrialdetako bost pertsonak osatzen dute, eta bakoitzak puntuazio bat ematen dio sailari eta curriculumari. Guztira puntuaziorik altuena duenak irabazten du.

Noizbait esan duzu saria zure aurretik irabazi dutenak miresten dituzula. Eta orain zure izena dago zerrenda horretan.

Bai, baina nik sariari ez diot garrantzi handirik ematen. Sari bat gehiago da. Nik argi daukat inoiz ez dudala argazkigintzan lanik egingo. Niretzat argazkilaritza nire ihesbidea da. Ni 12.00etan lanera joango naiz, soldatzailea naiz, hor emango ditut 8 ordu. Ostiralean astelehenera arte agur esan eta deskonektatu egiten dut.

Argazkigintzaz bizitzea oso zaila da, ‘titulitisa’ izan arren. Nik sariak ditut eta egin dizkidaten eskaintzak barregarriak dira; beraz, nahiago dut nire talentua niretzat gorde, nik gozatzeko, nahi ditudan bidaiak egiteko, eta zerbait saltzen badut niretzat da. Nik askatasunaz gozatu nahi dut.

2014az geroztik hainbat sari lortu dituzu, baina Argizaiola bereziki maite duzu.

Ni euskalduna naiz eta niretzat sari hori da garrantzitsuena, Euskadiko Federazioak ematen duelako. Nazionala garrantzitsua da jendearen aurrean, baina nik Argizaiola nahiago dut.

Nik etxean Argizaiola hor daukat [paretan edo armairuan ikusgai duela adierazi du eskuarekin] eta Nazionala hor [tiradera batean gordeta duen keinua egin du]. Ilusioa egin didala? Ateak zabaldu dizkidala? Bai, ez dizut ukatuko. Laster Cadizera joango naiz bertako unibertsitate batean egingo duten kongresuan hitzaldiak eta tailerra ematera, eta ordaindu egingo didate. Ederki.

Zein argazki mota egiten dituzu zuk?

Gehienbat paisaia minimalistak egiten ditut. Sail honetan Landetan egindako argazki batzuk dira. “Paisaje onírico” izena jarri nion [ametsekin eta norberak duen ikuspuntuarekin lotzen ditu]. Normalean zuri-beltzean egiten ditut argazkiak, niretzat zuri-beltza espresiboagoa delako, eta emozio gehiago islatzen dituelako. Testura eta argien bitartez mezu zuzenagoa eman dezakezu.

Zure iritziz, zer behar du argazki batek ona izateko, estetika edo mezua?

Niretzat argazki on batek istorio bat kontatu edo mezu bat izan behar du. Eta gainera estetikoki ona bada, hobe. Nik osagai horiek guztiak lortu nituen sail irabazlean, baina ez zen erraza izan. Argazki minimalistetan elementu gutxirekin asko espresatu behar da, eta mezua oso tinkoa izan behar da. Sail osoa ikusi behar da konturatzeko istorio bat dagoela.

Beste argazkilarien lanak ikustean, zer gustatzen zaizu?

Denetarik. Gai bakoitzak (natura hilak, paisaiak, erretratuak) begirada desberdina behar du, eta begirada horrek erakusten dizu nola izan zaitezkeen hobea gai horretan. Nik neuk kutsadura kentzeko nire gaiak aldatu egiten ditut urtean behin, eta horrela nire begirada behartu egiten dut, beste modu batera begiratzera behartzen dut nire burua.

Argazkiak prestatu edo inprobisatu egiten dituzu?

Nik inoiz ez dut prestatzen. Momentuen ehiztari bat naiz. Paisaiak eta minimalismoak eskatzen du gizakiaren esku-hartze txikia egotea. Nire leku gustukoenak Iparralde eta Akitania dira, eta orain Bretainiara joateko asmoa daukat. Normalean bakarrik joaten naiz, asteburu-pasa. Askotan kamera eramaten dut, baina begiratzera besterik ez naiz joaten, eta ez dut argazkirik egiten. Magia duen lekuren bat aurkitzen baldin badut, mugikorrarekin joan eta argazkia atera eta lokalizazioa gordetzen dut. Telefonoan milaka argazki ditut orain.

Nire bozetoa gordetzen dut eta gero argazkia ateratzeko beste irteera bat egiten dut. Leku batek goizeko seietan duen itxurak eta eguerdian duenak ez dute zerikusirik. Agian, goizeko lauretan ateratzen naiz bertan seietan egoteko, nire krokisa egiten dut; eguraldia ere begiratzen dut. Niri egun eguzkitsuak ez zaizkit gustatzen, nahiago ditut egun goibelak, lanbroa, euria, haizea edo elurra dutenak.

Martxotik urrira arte deskontaminatu egiten naiz. Oporretan nagoenean edo txangoak egiten ditudanean senderismoa egitera joaten naiz eta leku polit bat aurkitzen badut, mugikorrarekin gordetzen dut. Urtea amaitzean hamar-hamabost lokalizazio ditut eta udazkena iristen denean kamera hartzen dut horietan lan egiteko. Aurten oraindik ez naiz argazkiak ateratzen hasi.

Argazkilaritza zaleak biltzen dituzten klubak badaude. Zein iritzi duzu horiei buruz?

Tolosan Targazki Argazki Elkartea dago, duela bospasei urte sortu zena. Iñigo Rollo argazkilaria famatua da herrian bertan. Kultur etxean eskolak ematen zituen eta ikastaroa amaitzean jendeak ez zekien nora jo. Orduan talde txiki bat sortu zen eta gerora hura formalizatzea erabaki zuten gauzak antolatzearen truke instituzioen diru laguntzak jaso ahal izateko.

Taldean nik irakatsi egiten dut, baina ikasi ere bai. Paisaia egin behar dutenean erabiltzen ditudan filtroei buruz galdetzen didate edo tailer txiki bat eskaintzen dut lagun artean. Bakoitza gai batean da aditu.