Ariane KAMIO

Garai bateko gaurkoak

Bihar ehun urte beteko dira Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zenetik, eta Udalak hainbat ekimen antolatu ditu haren ondarearen garrantzia nabarmendu eta garaiko balioak gaur egunera ekartzeko helburuz. Errotaria izatez, bertsolaritza ere ofizio hartu zuen lehenetako bat izan zen Pello Errota, bertsolaritza modernoaren aitzindarietako bat. Mikela Elizegi alabak Antonio Zavalari egindako lekukotzek biltzen dute hein handi batean Errotaren ondarea.

“Au esango dizuet, azken-azkenian, zer egin bear dezuen, iltzen naizenian: errosayo bat esan, nere izenean, zerura joan dedin, Pello zuzenean”. Asteasuko elizako atarian kantatu zituen bere azken bertsoak Pello Errotak, tenpluan egindako obra batzuen ondorengo agur gisa. 1919an zendu zen bertsolari asteasuarra, bihar ehun urte.

1840ko abenduaren 23an munduratu zen Asteasun Pedro Jose Elizegi Maiz. Errotaria ofizioz eta bertsolaria ogibidez. Garaieraz txiki, baina jardunez ezohiko bizitasunekoa ei zen Pello Errota, bertsolaritza lanbide osagarri gisa erabili zuen lehenetarikoa –Txirritarekin batera–. Eta biak ala biak, elkar neurtzaile izandakoak. “Ari naizela, ari naizela, hor ikusten det Txirrita, eta zein ez da harrituko, gaur, gizon hori ikusita; dudarik gabe egina dio, andregaiari bisita, oso dotore etorri zaigu, bi alkandora jantzita!”. [Errota]

“Hauxe da lotsa eman didana, lagun artera sartuta, edozer gauza esaten degu, ardo-tantokin poztuta; bi alkandora ekarri ditut, bat eranztia ahaztuta, Pellok bi nola jantziko ditu, bat besterikan ez du-ta!”. [Txirrita]

Bertsolaritza modernoaren aitzindaritzat har daiteke Pello Errota, «ziur asko berak kontzientzia horrekin egin baitzuen», aipatzen du Gari Otamendi dantzari eta Asteasuko Udaleko komunikazio arduradunak. «Asteasu eta Hernani arteko korridore horretan esan dezagun bazkari truke edo diru truke bertsotan hasi zen lehenengotarikoa izan zela». Zuzena, oso bat-batekoa eta ezten zorrotzeko bertsolariaz aritzea saihetsezina da Pello Errota ahotan hartzerakoan. Eta egoera zenbaiten aurrean agian ez litzateke oso erosoa haren parean topatzea. «‘Koplak aterako dizkizute’ esaera oraindik mantentzen da eta ez dauka esanahi oso positiborik, alegia, sozialki eta moralki reprobablea den zerbaiten gainean jartzen du arreta bertsolariak». Eta, hain zuzen, Errota horretan maisu ei zen.

Mikela Elizegi

1919ko otsailaren 3an zendu zen Pello Errota. Izatez errotaria. «Asteasun zazpi errota egotera iritsi ziren». Landa eremuko gizartearen azkenetako belaunaldikoa izan zen. Ondoren etorri ziren industrializazioa eta frankismoa. «Pello Errotaren etxea eraitsi egin zen industrialdea egiteko».

Bat-batekotasuna eta memorizazioaren garrantzia. «Ez da Pello Errota bakarrik, mundu oso bat da, bat-batekotasunetik asko daukana. Bertsoak memorizatzeari balio asko ematen zion gizarte bat zen. Eta Pello Errotaren bertsoak daude jasoak norbaitek bere garaian memorizatu egin zituelako. Lehen balio handia zuen bertsoak memoriaz ikasteak».

Eta Errotaren berreskurapenean balio erantsia du Mikela Elizegi alabak egindako lanak. Antonio Zavalak jaso zuen haren buruan gordetako ondarea “Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua” liburuan. Bertan bildu ziren Pello Errotaren hainbat kopla eta bertsolariak bizi izandako beste hainbeste pasarte. Idiarena, kasu. “(...) Len aitatu detan idiak badu bere istoria. ‘Txikito’ ta ‘gure idi Txikito’ esaten genion. Orrekin kaso egiten zuan. Egun batean, aita iriña ematetik Aya-tik zetorrela, arrantxu egitera Astiasuko ‘Panaderi’ esaten zitzayon tabernan sartu zan, idia ta karrua atarian utzirik. Andik atera zanean, ordea, etzuan ez idirik eta ez karrorik arkitu, ta etxera joana izango zalakoan, etxera etorri zan bera ere. Bañan etxean etzan idirik ageri. Orduan billa asi zan. Illundua zan. Bazan ‘Txortu’ esaten zitzayon kamio-bueltan, andik bera errekaraño zijoan bide txar peligroso bat. Oraindik ere an dago ura. Ba, antxe billatu zuan idia karruarekin, bañan bruxa batekin burua tapatuta. Idia eskubitara pittin badare mugitu izan bazan, etzeukan errekaraño geratzerik, eta milla puska egingo ziran idi-karruak. Bañan ezkerratara pauso bat-edo mugituta, geldi-geldi zegoan, da etzan deskalabrorik gertatu. Bruxa zeñena zan ezagutu zuan gure aitak: erriko ezagun aundi batena zan. Bañan etzion iñori salatu, ta nik ere ez det esango. Bañan idiari opa izan zion bezelako errematea izan zuan berak ere. Lanean ari zala, lagunen deskuidorengatik il zan (...)”.

Mikela Elizegi bertsolaria ere bazen, eta beste alaba bertsolari bat ere bazuen Pello Errotak, Josepa Inaxi. «Atxagak asko goraipatzen du Mikelaren euskara maila eta bere sormena. Tabernan ibiltzen ziren bertsolariak bat-batean aritzen ziren, Errota eta Txirrita, kasu, azkartasunez eta etorri handiz. Emakumeek plaza publikoan kantatzen ez zutenez, etxean egiten zutenez, beste tempo bat zeukaten, beste hausnarketa bat, eta gaiak sakonagoak ziren», dio Otamendik.

Alabaren izena aitaren pare jartzea ere badu helburu Asteasuko Udalak mendeurrenaren karietara osatu duen egitarauak. Astelehenean, Santa Ageda bezperan, santa eske berezia egingo da herriko kaleetan, Aitor Sarriegi, Oihana Iguaran eta Maialen Lujanbio bertsolariekin. Haiekin batera koplak jartzen ariko dira, halaber, Agustin Olarrea Goikoakoa, Aiako Lertxundi eta Haritz Mujika.

Udazkenera arte luzatuko den egitarauan hainbat proposamen batu dira: Ane Labaka eta Beatriz Egizabalen “Erradikalak gara” (martxoak 10), Xabi Paya eta Bernardo Atxagaren arteko solasaldia (apirila), Pello Errotaren bertsoen kantaldia (maiatzak 4) edo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen faseko lehen saioa.