Haritz LARRAÑAGA
Urruña

Hasierako «Larhun 2020» proiektua kolokan

Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Larhunen egin nahi zuen proiektua bertan behera geratu dela iragarri zuen Josu Irazokik, Berako auzapezak, astelehenean Euskal Irratiek argitaratu zuten elkarrizketa batean.

Otsailaren 8an departamenduko ordezkariekin bildu ziren Bera, Azkaine, Sara eta Urruñako auzapezak eta proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko ardura zuen Andueza kabineteak aurkeztutako txostenaren berri izan zuten. Irazokik aditzera eman zuenez, ikertzaileek proiektuaren zenbait atal zalantzan jarri dituzte, hala nola Larhungo tontorrean egin nahi zuten pasarela edo San Ignazio lepoko aparkalekua.

Martxoaren 5ean Urruñan aurkeztuko dituzte publikoki Andueza kabineteak ateratako ondorioak, eta kontsulta fase berri bati ekiteko eragileei parte hartzeko deia luzatu diete.

Zuhurtzia

Larrun Ez Hunki kolektiboko bozeramailea den Allende Alfarok GARAri egindako adierazpenetan, albistea «tentuz» hartzen dutela nabarmendu zuen, izan ere, «Departamenduak oraindik ez du agiri ofizialik argitaratu».

Ordea, «Urruñako bilkuran Berako auzapezak esandakoa berresten bada, albiste on bat» izango dela adierazi zuen Alfarok, bere iritziz, modu horretan proiektu berri bati ekiteko aukera irekiko bailitzateke.

Gogoratu behar da hasieratik polemikoa izan zela Larhun 2020 proiektua. Larrun Ez Hunki kolektiboak egitasmoak «turismo masiboa sustatu nahi» zuela salatzen zuen. Bestalde, udalerri bakoitzak proiektuarekiko jarrera desberdina zuen.