Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Ironia

Australiako literatur sari nagusiaren aurtengo irabazlea ez zen sari-emate ekitaldira azaldu. Ez zen bere erabaki propioa izan, ordea. Hain zuzen, bere lehen liburuarekin estreinako obra onenaren zein nobela onenaren Victorian sariak jaso dituen Behrouz Boochanik Australian sartzea debekaturik dauka.

Idazle kurdu-irandarra asilo politiko eske heldu zen Australiara duela sei urte, eta ordutik Papua Ginea Berriko Manus uhartean eduki dute, atxiloketa zentro batean hasieran eta behin-behineko aterpe batean ondoren. Australiako immigrazio lege gogorrari jarraituz, asilo bila herrialdean itsasontziz sartzen saiatzen diren lagunak Manus uhartea bezalako kostatik kanpoko atxiloketa zentroetara eramaten dituzte haiekin zer egin erabaki arte.

Paradoxikoki, sarrera ukatu dion gobernu berak saritu du atxiloketa zentroan zela testu-mezuen bidez eta farsiz Boochanik idatzitako “Mendiak beste lagunik ez” nobela. Metodo bera erabilita Boochanik kazetariei azaldutakoaren arabera, sentimendu kontrajarriak eragin dizkio sari bikoitzak.

Indonesiatik Australiara egindako bidaia eta jarraian etorritako espetxe egunak oinarri dituen nobela idazten hasi zenean, bere helburua Australiako eta gainerako herrialdeetako herritarrei Manus eta Nauruko atxiloketa zentroen sistemak jende errugabea nola torturatzen duen azaltzea zen. Badirudi gobernuaren arreta ere erakarri duela, baina ikusteko dago azken horrek sariaz aparte beste ezer egingo duen.