Nerea GOTI
BILBO

Gazteen prekaritatearen salaketak Bilbo gurutzatu du

Ehunka gazte bildu zituen atzo, Bilbon, Ernai gazte antolakundeak prekaritatearen kontra deitutako manifestazioak. Mobilizazioan argi utzi zuten ez daudela prest esplotaziora kondenatuta dagoen belaunaldi bat izateko, eta horren aurrean borrokatzera deitu zuten, saretuta eta era kolektiboan Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzeko. «‘Esto es lo que hay’ sinetsarazi nahi digutenen aurrean», alternatiba badagoela adierazi dute.

“Prekaritateari ateak itxi” lelopean, ehunka gaztek parte hartu zuten atzo arratsaldean, Bilbon, Ernaik deitutako manifestazioan. Rap doinuekin edo parodia bidez, gazteek lan munduan pairatzen duten esplotazioa salatu zuen protestak. Manifestazioa Euskadi plazan hasi zen eta hiriko kale nagusia gurutzatu zuen, Areatzan bukatzeko.

Protestan zehar, lan istripuan iaz hildako 68 lagunak izan zituzten gogoan, eta «kapitalismoa suntsitu», «borroka da bide bakarra» edota «esplotatzaileak» oihuak bota zituzten zenbait banku, merkataritza establezimendu eta apustu etxeren ondotik igarotzean. «PNV, diruaren morroi» ere oihukatu zuten bandera espainolarekin «PPNV» kartela zeramaten txotxongiloak irudikatzen zituzten gazteen aurretik pasatzean.

Ertzaintzaren ibilgailu ugariren zaintzapean aurrera egin zuen mobilizazioak. Zenbait momentutan gazteek bengalekin egin zioten harrera manifestazioari, baita banketxe bat kartelez bete edo kez beteriko poteak zenbait tokitan jarrita. Gazte antolakundeak nabarmendu zuenez, «mezu argia» bota du mobilizazioak: «gazteokin jai duzue» prekaritatearen kontra «saretu, antolatu eta kolektiboki» borrokatzea izango baita Ernairen erantzuna.

Manifestazioaren amaieran irakurritako mezuan, Ernaik argi azaldu zuen bolo-bolo dabiltzan «azkartze eta desazelerazio» kontzeptuen atzean «aberatsak gero eta aberatsagoak eta pobreak gero eta pobreago» egiten dituen sistema dagoela, eta gazteak direla «prekarizazioaren lehenengo eskailera maila. «Otzan eta sumiso nahi gaituzte, esplotazio gordinenak langile eta herri sektore guztiak blaitu ditzan», salatu zuten gazte antolakundeko bozeramaileek.

«Bizi eredu berriak eraiki»

Espainiako testuinguru politikoa ekarri zuen gogora Ernaik: «Espainia elite politiko eta ekonomikoaren paktuan oinarritzen da eta badakite espainiar proiektua eta batasuna defendatzeko geratzen zaien bakarra erreakzio neofaxista eta nazionala dela: kapitalaren esplotazioa eta espainiar autoritarismoa txanpon beraren bi aldeak dira».

Errealitate horren aurrean, erabakitzeko eskubidea defendatzeko apustua egin dute gazteek, «bizi baldintzak borrokatu eta bizi eredu berriak» eraikiz, nabarmendu zutenez. Ildo horretan, gazteei konformismoan ez erortzeko dei egin zieten: «Sinetsarazi nahi digutenaren aurrean, alternatiba badago. Posible da egoerari buelta ematea, posiblea da prekaritate sistemiko honen kontra urratsak ematea».

Gazteen prekarizazioa beste eragile eta mugimendu batzuek ere eraman dutela lehen lerrora nabarmendu zuen Ernaik, eta horien artean aipatu zuen «Eragin Bilbo egiten ari den lana kontzientzia sortu eta gazte prekarioen arteko sareak sortzeko». «Eremu ezberdinetan lanean dauden gazteen indarrak» batzearen alde azaldu zen gazte antolakundea.

«Gu ez gara gure gurasoak baino okerrago bizitzera kondenatutako belaunaldia izango. Gu prekaritatearen kontra eta bizitza duinaren alde borrokatuko garen belaunaldia gara», adierazi zuten Ernaiko ordezkariek, eta borroka hori herrietara, ikastetxeetara, unibertsitatera, lantokietara eta kalera eramateko konpromisoa adierazi zuten.