GARA
IRUÑEA

Joanes Illarregi eta Oihane Perea nagusi atzo, Nafarroako eta Arabako bertso txapelketetan

Joanes Illarregi nagusi izan zen atzo Iruritan izan zen Nafarroako Bertsolari Txapelketaren saioan, eta horrekin finalaurrekoetara zuzenean sailkatzea lortu zuen. Arabako Txapelketaren barruan Zigoitian antolatu zen saioan, berriz, Oihane Perea izan zen nagusi.

Joanes Illarregik 264,5 puntu lortu zituen atzo Iruritan. Honen atzetik Xabier Terreros (257), Xabat Illarregi (250,5), Xabi Maia (247), Endika Legarra (233) eta Patxi Castillo (230) agertzen dira sailkapenean. 200 lagun inguru bildu ziren Iruritako Gizarte Bilgunean saioa entzuteko.

Zigoitian 246 puntu lortu zituen Oihane Pereak. Atzetik bertsolari hauek sailkatu ziren: Aroa Arrizubieta (236), Aitor Ugarte (215,5), Serapio Lopez (211,5), Irati Anda (201,5) eta Unai Bengoetxea (199,5).

Gaur izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Lizarrako Gazteriaren Etxean (17.30). Han ariko dira Eneko Lazkoz, Julen Zelaieta, Josu Sanjurjo, Amaia Elizagoien, Sarai Robles eta Diego Riaño, Ander Aranburu gai-jartzailearen aginduetara. Hau izango da Nafarroako txapelketako laugarren eta azken final-laurdena.

Arabako Txapelketari dagokionez, Aramaion izango da hurrengo saioa heldu den larunbatean eta azken final-laurdena izango da hau ere. Hauek izango dira saio horretan arituko diren bertsolariak: Andere Arriolabengoa, Beñat Garaio, Manuel Bendala, Peru Abarrategi, Unai Anda eta Xabi Igoa.