GARA
IRUÑEA

Martxoaren 12ra arte luzatuko da IrriZiklo, euskarazko umore zikloa, Iruñean

IrriZiklo martxan da jada, eta martxoaren 12ra arte luzatuko da Nafarroako Antzerki Eskolan. Euskarazko umore zikloak, Iruñeko Udalak antolatuak, zazpi emanaldi aurkeztuko ditu aurten, gazte zein helduentzat, bost saiotan banatuta, asteazkenetan 20.00etan izango direnak, azkena izan ezik –asteartean izango da–. Horietan hizlari: Pez Limbo, Birjiñe Albira, Baltzizkueta, Jose Cruz Gurrutxaga, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai, Mikel Martinez, Irati Agirreazkuenaga eta Arantzazu Sanz. Bakarrizketak, istorioak pertsonaia bitxiekin, benetako gertaeren parodiak, pasadizoak, estutasunak eta benetako albisteak. Sarrerak hiru euroan daude salgai.

Zikloa pasa den asteazkenean hasi zen Pez Limbo konpainia gasteiztarraren eskutik. Hurrengo saioa otsailaren 20an izango da. Egun horretan proposamen bikoitza egingo dute, alde batetik, Birjiñe Albiraren “Iruñetik mundura”, eta bestetik, Baltzizkuetaren “Azken 10.080 minutuen kronika groteskoa edo ez”. Birjiñe Albira antzezle eta ipuin-kontalariak Iruñeko eguneroko bizitza iturri duen narrazio sortako emanaldia prestatu du. Baltzizkuetak, aldiz, egun honetarako azken 10.080 minutuetako literatur albisteak ehizatuko ditu, ikaragarrienak, liluragarrienak, poetikoenak, sinesgaitzenak, goibelenak eta epikoenak.

Otsailaren 27an Jose Cruz Gurrutxaga aktoreak emango dio zikloari segida; antzezpen munduan ibilbide luzea izan du, bai antzerkian (adibidez, “Txalo”, Tartean eta Vaiven taldeetan), bai telebistan (“Jaun ta jabe”, “Goenkale” eta “Mi querido Klikowsky”-n). Umorea bakarrizketa aurkeztuko du, bizitza, familia, bikote harremanak eta horrelako gaiak ardatz duten istorioak oinarri.

Tabernetako giroan

Martxoaren 6an, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai kazetariak izango dira IrriZiklon. Barretartia bloga, irratsaioak eta beste umore proiektu batzuk burutu ostean, antzezpenera jauzi egin dute. Elkarrekin sortutako sei bakarrizketa dira, eta bertan, adibidez, honako gai hauei heltzen diete: euskalkiak, onomatopeiak, amatasuna, gorputza edo kristalezko sabaia. Hori guztia kritika erabiliz, aurreiritziak eraitsiz eta barrearen bidez bertaratuak akuilatu nahian.

Bukatzeko, martxoaren 12an, bi emanaldi izango dira: “Tabernaria. Instrukzioak botatzeko ondo bat kaña” eta “Komunak”. Lehena taberna bakarrizketa da, non jabeak bere ohiko bezeroak biltzen dituen garagardoa nola zerbitzatzen den azaltzeko. Bakarrizketak aurrera egin ahala, tabernariaren beldurrak eta nahiak azaleratzen dira.

Bigarren proposamenean, berriz, neskak komunean binaka sartzen direlako teorian oinarrituko dira Irati Agirreazkenaga eta Arantzazu Sanz. Bi neskek komunean egiten dute topo.