Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Koloredunak GARA

Atsegin dut zuri-beltzaren erabilera artistikoak duen indarra eta memorian bidaiatzeko gaitasuna. Baina ez dut gustuko bortxaz ezabatutako hormen zuria, ez ditut isiltasun behartuak atsegin.

Koloreak maite ditut, aurrera begiratzeko mapan ilusioa, itxaropena eta ahalegina margotzeko pantonearen tonu denak erabiltzeak dakarrelako etorkizuna sostengatzeko aniztasuna.

Eta denen artean, morea dut bizitzeko eta bizitzak kontatzeko kolore kutuna. Nire kazetaritza feministaren hastapenak non ote kokatu, hor agertu zaizkit memorian Edurne Herran, Amaia Lizoain eta Garazi Hakem Barek, Gazteginen plazaratutako lehen elkarrizketak. Artea egiteko eta bizitzeko modu ausarta, emakumeentzako autodefentsa ikastaroen beharra eta Sahararren borroka hitz bihurtu nituen emakume horien bizipenak adi adi entzuten. Egun ere egiten dudan bezala, txoko honetara kontatzeko asko duten emakumeei ahotsa eman nahian.

Letrak morez izkribatzeko aukera eman didan egitasmoarekin zorretan nago. Kazetari izan nahi nuela jakin nuenetik horrenbeste miresten dudan Amparok duen txoko berean idazteko aukera eman didan egunkariarekin zorretan nago. 1976ko Gasteizko Martxoaren 3ko zuri beltzaren alabak gara biok eta memoria egiteko gure ziutataren grisa ezabatzerainoko kolorea darabilkigu. Biok behar dugu luma morea, GARAk denon koloreak behar dituen moduan.