Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Bakarrik eta isolatuta», Altunaren biharko plana

Labriteko partida telebistaz ikusiko du, «Internet kenduta, bestela lagunek lata dezente ematen dute eta».

Bereziak izango dira, oso, hurrengo orduak Jokin Altuna eta Julen Martijarentzat. Badakite burua igandeko beraien partidan izan behar dutela, beraiek huts egitea hanka-sartze larria litzatekeela, baina ezin inondik inora ahaztu patua ez dagoela erabat beren esku eta, onerako zein txarrerako, dena Labrit eta Ataungo partidetan erabaki ahal dela, beraiek ezer egiteko aukerarik gabe. Tentsio handiko minutuak izango dira bihar arratsaldeko zazpietatik aurrerakoak eta Etxeberriko atzelariak zer egingo duen oraindik oso argi ez duen arren, Jokin Altunak oso argi du bere larunbat arratsalderako plana.

«Dudarik gabe ikusiko dudala, halako partidak beti ikusten dituenetakoa naiz eta nik jokoan ezer ez banu ere ikusiko nuke partida hori eta orain are eta gehiago. Julenek esan du agian lagunekin ikusiko duela, baina nik nahiago bakarrik ikusi eta sakelakoan Internet kenduta, bestela lagunek lata dezentea ematen dute eta», aitortu zuen atzo amezketarrak, barrez. Atzo ere izan zuen gertukoen babesa arazorik izan ez zen material aukeraketan, Realeko erdilari Igor Zubeldiak gertutik jarraitu baitzion bere lagunak Atanoko kantxan egindakoari.

Aukerak oso irekiak daude eta gustatuko litzaioke igandera aukerekin iristea, nahiz eta jakitun den bestela ere gerta daitekeela. Labriteko partida izango da lehen mugarria eta Ezkurdia-Ladis Galarzaren garaipenak zuzenean emango lieke finalerdietarako pasea. «Ondo daude, nik uste txapelketa oso ona egin dutela, eta beste urte batean, zazpi punturekin, beraiek pasako ziren finalerdietara. Baina aurtengo txapelketa alde horretatik nahiko arraroa izaten ari da, zortzi punturekin kalean geratzeko arriskua baitugu; behin ere ez da halakorik gertatu, baina hala tokatu da», azaldu zuen txapeldunak.

Ataunen Irribarria-Zabaleta kideak ikusten ditu «faborito nahiko garbi», baina badu konfiantzarik jokoan zerbait gehixeago izan daitezkeen Victor eta Albisurengan.

Buruz hustuta

Baina berehalakotasunetik harago, utzi zuen pasarte interesgarririk amezketarraren atzoko jardunak, txapelketaren bigarren itzulian izandako hobekuntzaz aritu zenean. «Nik uste mentalki aldatu garela, gaizki pasa genuen. Nik, nire aldetik, Lau eta Erdiko txapelketan mentalki ahalegin izugarria egin behar izan nuen ez nuelako nire burua ondo ikusten, lesioarekin zailtasun handiak izan nituen eta finala galdu nuenean pixka bat agian hustu egin nintzen. Ez dut esango gosea galdu nuenik, baina mentalki oso ondo egon behar duzu erabat ondo egoteko eta lehen itzuli horretan ez nuen nire maila eman eta Julen pixka bat kutsatu egin zen. Iaz konfiantza handia transmititu nion, baina aurten, horren ondo ikusi ez ninduenean bera ere moralki pixka bat jaitsi zen». Baina buelta eman diote eta Altunak finalerdietan egotea merezi dutela uste du.

Ez dago enpresa-agindurik Ataunen

Bihar Ataunen jokatzekoak diren bikoteek, Victor-Albisu eta Irribarria-Zabaletak, lanak ondo eginda dituzte eta lasai irten beharko lukete kantxara, baina Labriten ordu berean jokatzekoa den partidan gertatzen denaren arabera, epaile lanak egitea toka dakieke. Gainera, irabaztea euren enpresako beste bikote batentzat kaltea izan daiteke, baina ezin zuen bestela izan eta bikote bakoitzak bere lana ahalik eta ondoen egin behar du.

Ildo horretan, enpresaren inolako agindurik jaso izana ukatu zuen Iker Irribarriak. «Garbi jokatzera irten behar dugula esan digute; azken finean, gure esku ere ez dago. Guk gurea egitera etorri behar dugu eta hori enpresarentzat kalte bada, hala beharko du. Zurrumurruak ere irteten dira, baina gu nahikoa erraz ari gara eramaten eta enpresatik esan digute ahalik eta ondoen jokatzeko, gustura aritzeko eta partida irabazteko», azaldu zuen.

Baikon ere antzera. Gainera, Victorrek finalerdietan jokatzeko gai dela erakutsi nahiko du eta Albisu etxean ariko da.J.O.